Asier VERA
ESTATU ISLAMIKOAREN ERASOALDIA

Damaskoko Al Yarmouk, Siriako gerraren basakeria agerian utzi duen palestinar iheslarien eremua

Sirian bizi diren gizakiek azken urteotan jasan behar izan duten egoera negargarriaren beste kapitulu bat baino ez da Al Yarmoukeko eremuan egun dutena. Egoera larriagotu egin da Estatu Islamikoko jihadistak bertara sartu direnean. UNRWA agentziako adituek edonor kezkatzeko moduko irudia ezagutarazi dute.

Pierre Krähenbühl UNRWA palestinar iheslariei laguntza eskaintzeko sortutako NBEko agentziako mandatariak Al Yarmouk Damaskoko iheslari eremuan harrapatuta geratu diren zibilak errespetatzeko eskatu die aste honetan borrokan ari diren aldeei. «Neurtu ezin diren irainak jasan behar izan dituzte iheslari horiek. Bertatik alde egin nahi dutenei laguntza ematen saiatzen jarraituko dugu», adierazi zuen astelehenean, orain astebete Damasko Siriako hiriburura iritsi ondoren.

Al Yarmoukeko iheslari eremua 2012ra arte hiriburuko auzorik dinamikoenetako bat zen. 700.000 pertsona inguru bizi ziren bertan, horietako 220.000 palestinarrak. Bertako merkataritza eta kultura giroa zirela medio, kaleak jendez beteta egon ohi ziren.

Baina gerra hasi zenetik, eremua hustu egin da pixkanaka eta orain urte batzuk azoka erraldoi bat zen lekua eremu mortua da orain: ez dago zer saldu, ez eroslerik, ez bizitza arrastorik; erasoek eragindako hondakinak besterik ez.

Gaur egun 18.000 pertsona inguruk jarraitzen du bertan, gehienak palestinarrak eta gainerakoak siriarrak. Gerrak etxea suntsitu ez badie, bertan ezkutatzen dira, kalera irtetea arriskutsuegi izan daitekeelako, batez ere hilabete hasieratik, EI, Estatu Islamikoko jihadistak Al Yarmoukera sartu zirenetik.

Zakurrak jateko baimena

Azken urteotan, UNRWAren laguntza izan dute iheslari eremuko biztanleek jan ahal izateko. Iheslari batzuek barazki batzuk landatzea lortu izan badute ere, nazioarteko laguntzaren premian zeuden Al Yarmoukekoak. Baina gerrarekin batera iritsi zitzaien setioak eragin zuen janari guztiak agortzea.

Ondorioz, Al Yarmoukeko imamak fatua (islamean, buruzagi erlijioso batek hartutako lege erabakia) bat eman zuen argitara, ordura arte debekatuta zeuden abere batzuk (zakurrak, katuak eta arratoiak, esaterako) jatea bizirik jarraitu ahal izateko onartzen dela esanez.

Puntu horretara iritsi ziren iheslari eremuko gabeziak. Borroken eraginez, 2013ko ekainetik 2014ko urtarrilera UNRWA iheslari eremura sartu ezinik egon zen, janaria banatzeko aukerarik gabe, alegia. Uste da ehun pertsona inguru hil zirela gosez hilabete haietan. Epe ilun hartan bertako hazi eta belar guztiak jan zituzten herritarrek, baita kalean aurkitutako belarrik tristeenak ere.

«2014ko urtarrilean Al Yarmoukera itzuli ginenean, pasadizo ikaragarriak kontatu zizkiguten. Esaterako, alaba txikiari titia ematerik ez eta erditu berria zen zakurraren titia eman zion amaren kasua», azaldu dio GAUR8ri Raquel Marti UNRWAko kideak.

2014ko urtarrilean itzuli zen agentzia eremura, zazpi hilabeteko etenaldiari amaiera emanez. NBEko adituen kalkuluen arabera, iheslari guztiei janaria eman ahal izateko egunean 400 kaxa banatu behar dituzte. Kaxa horietako bakoitzak zortzi laguneko familia hamar egunez elikatu dezake. Baina hilabete haietan beharren laurdena ere ezin izan zuten bete.

Horregatik da hain indartsua UNRWA agentziak banatu eta GARA egunkariak joan den astean argitara emandako argazkia. Milaka lagun ikus zitezkeen hondakinen artean, NBEk eramandako elikagaien zain, goseak amorratzen. Mundu osora iritsi zen irudi ikusgarri bezain esanguratsua.

Etenaldi gehiago ere izan dira. 2014ko abenduaren 6tik 2015eko martxoaren 4ra arte janaririk banatu ezinik egon ziren, eta gauza bera gertatu da Estatu Islamikoko jihadistak Al Yarmoukera sartu ondoren, hilaren 1ean, alegia. Herritarren egoera jasanezina da, nahiko janaririk ez izateaz gain, urtebete baitaramate edateko moduko urik gabe. Eta argindarrik gabe orain ia bi urte geratu ziren bertako iheslariak, eta oso negu gogorrak joan dira bi urteotan.

Ahul dagoenarentzat gosea bezain txarra izaten da hotza. Arazoari aurre egin nahian, herritar batzuek etxeko altzariak bota zituzten sutara, berotzeko asmoarekin. «Bideo batean ikus daiteke gizon bat etxean duen arropa guztia sutara botatzen, familia hotzak akabatzen zegoelako. Eskura zeukan irtenbide bakarra zuen», azaldu du Raquel Martik. «Horri erantsi behar zaio emakume asko etxean erditzen direla, erietxeera joateko aukerarik ez dutelako. Horrek ere hildakoak ekarri ditu».

Edonola ere, Al Yarmoukekoa ez da aparteko egoera bat. UNRWAk hamabi iheslari eremu ditu Siria osoan, baina horietako bostera sartu ezinik dago. Khan Eshieh da horietako bat (hiriburutik 27 kilometrora). Bertan ez dute elikagairik banatu 2013ko abuztuaz geroztik. Beste eremu batzuk indarra erabiliz hustu dituzte, Sbeinehn, kasu. Beraz, bere garaian Palestinatik ihes egin behar izan zuten palestinarrak berriz ihes egin beharrean dira. Horietako 10.000 palestinar inguru NBEren eskolatan hartu dituzte, Sirian bertan. «Al Yarmouk Siria osoan gertatzen ari denaren metafora bat baino ez da, beste toki batzuetan ere gauza bera gertatzen ari denez, hedabideetan aipatu ez arren», esan du Martik.

Raquel Marti

«Ezinbestekoa da aldeei presio egitea»

Raquel Marti UNRWA palestinar iheslariei laguntza eskaintzeko sortutako NBEko agentziak Estatu espainolean duen egoitzako zuzendariak GAUR8ri nabarmendu dionez, Ekialde Hurbilean eragin ahalmena duten munduko agintariei eta gatazkan esku hartzen ari diren aldeei dei egin behar zaie su-etena adostu eta konponbidea negoziatzeko. Lehen helburua Assaden Gobernuak iheslari eremuaren aurka agindu dezakeen erasoa saihestea da, milaka lagunen bizitza arriskuan ipiniko luke eta: «Hori arazoa sarraski baten bitartez desagerraraztea izango litzateke».

«Yarmoukeko agertokian eragile asko daude, nor bere interesarekin. Negoziatzen hastea ezinezkoa izan da. Horregatik da ezinbestekoa eragile horiei presio egitea, eta hori munduko agintari jakin batzuek baino ezin dute lortu», erantsi du. Bere ustez, talde armatuei arma gehiago emateak ez du ezer konponduko. Ezta iheslari eremura indarra erabiliz sartzeak ere.

PAE, Palestina Askatzeko Erakundeak ordezkariak bidali ditu Damaskora iheslari eremua husten lagundu dezaten, baina ideia hori ez da egokia, UNRWAko kidearen iritziz. «Nork bermatuko du ebakuazio operazioaren segurtasuna? Nora eramango ditugu iheslariak, Siria osoa tankerako egoeran dagoenean?», galdetzen du Raquel Martik.

Berak proposatzen duen irteerak ere badu arazorik. NBEk eskatzen du «giza korridore seguruak» zabaltzeko, Al Yarmouketik alde egin nahi dutenek aukera bat izan dezaten. Martiren iritziz, palestinarrek beraiek hartu beharko lukete eremua uzteko erabakia. «Benetako konponbide bakarra litzateke talde armatuek zibilak bizi diren lekuetatik alde egitea», erantsi du. Dagoeneko 100 lagun inguru iritsi dira Tadamonera, Al Yarmouketik gertu dagoen lekura. Ihes egitea lortu zuten eta eskola publiko batean hartu dituzte.