Antton Izagirre

«Bidezko mina»

Urkullu eta enparauak gatazkaren konponbidea eta bizikidetza sustatzeko lelo baten bueltan gotortu dira eta aspaldi honetan ez dute beste egitekorik, aurrera ez egin izanaren erantzukizuna eta kalte guztien errua ezker abertzaleari leporatzea. Behin eta berriz errepikatuko dute «egindako min bidegabearen aitortza» egiteko eskaera. Adierazi nahi baita Euskal Herrian eta euskal gatazkan egindako min bakarra ETAk eragin duena dela. Horri deitzen diote nonbait «min bidegabea».

Horren baitan pentsa liteke badela kontrakoz «bidezko mina». Estatuak eragindako mina, gerra zikinaren bidez, torturaren bidez, polizia indarkeriaz, atxiloketen bidez eragindakoa, ez al da bidegabea? Ala, «bidezkoa» da min hori?

PNVk eta bere agintariek ez al dute eragindako minaren aitortza egiteko beharrik? Presoen sakabanaketa babestu eta bultzatzean, torturaren inpunitatearen aurrean beste alde bateraa begiratzean, estatuaren politikak babestean, ertzaintzaren tortura eta lan zikina zuzentzean «eragindako mina» «bidezkoa» ote?

Agian, haientzat, alde bateko biktimei eragindako mina «bidegabea» da eta beste biktima batzuei eragindakoa «bidezkoa». Ez! Biktimentzat, eragindako mina, «mina» da, adjektiborik gabea.

Benetan bakearen bidean amaierara eramango gaituen bideorririk egin nahi baldin badugu hitz-jokoak alde batera utzi eta guztiok, batzuk eta besteok, eragindako minaren arduraren erantzukizunari aurre egin beharko genioke eta egun PNVn erantzukizunak dituztenek –Urkullu, Ortuzar, J. Fernandez...– badute nondik hasi eta zertaz damutu eta eragindako zer min aitortu.

Koldarkeria hutsa litzateke errenta politikoak lortze aldera bake bideaz maltzurra eta interesatua egitea. «Bidegabea» ala «bidezkoa» bereiztea, eragindako minaz ari garenean, asmakeria hutsa da, eta asmo txarrekoa. •