Naiara Garzia

Garrantzia duen hori

Kasik 18 urte igaro diren arren, selektibitateko egunak oso ongi gordeta dauzkat memorian, tiradera batean bezala edo markatuko gaituen zerbait gertatzen zaigunean bezala, xehetasun maila horrekin, kasu gehienetan ez bezala, intentsitate eder batekin oroitzen baititut bi egun horiek.

A-15a ireki zutela 2 urte besterik ez zirela igaro gogoan dut; nola joan ginen herritik gida-baimena atera berri zuen lagun batekin, Añorga inguruan galdu ondoren, unibertsitatera justu-justu iritsiz.

Edo nola egun batzuk lehenago Villa-Lobos musikari brasildarraren diskoa topatu nuen: azterketen arteko deskantsuetan nire burua ikusten dut walkmanarekin eta bertan grabatutako musika hori entzuten, arratsaldean beste bi azterketa izan arren, musikaren garrantziaz kontziente: une horretan jada banekien zer zen garrantzitsua eta zer ez, zela musika, zela literatura... eta selektibitatean lortu beharreko kalifikazioa alderdi praktikoaren ikuspegitik garrantzitsua izan arren, bazela askoz ere garrantzitsuagoa zen beste zerbait. Hau da, zer zen praktikoa eta zer garrantzitsua bereizi ahal izatea.

Heldutasunak ez du zergatik pragmatismoaren inperio hutsa izan behar, gizarteak hori sinestarazi nahi digun arren (gizarteak ere ez luke horretara mugatu behar); izan ere, zenbat ordu, urte eta esfortzu inbertitzen ditugu alderdi praktikoaren ikuspegitik garrantzia duen horretan?

Sistemak berak argitasun hori lapurtu edo ahaztarazten digu, horretarako baita sistema. Norberaren lana da horri eustea eta besteen esku ez uztea. Benetan garrantzitsua den hori. •