Maria Gonzalez Gorosarri
Kazetaria eta ikertzailea

Istripuak albiste dira, baldin eta argazkia badago

Germanwings enpresaren hegazkinaren martxoko istripua zela-eta, hedabideek ia egunero horren berri eman zuten. Interneten, gainera, egunero gaiari lotutako hainbat albiste plazaratu zen: egun batzuetan, lautik gora albiste. Istripuek argazki ikusgarriak ematen dituzte. Azken batean, istripuaren informazio osoa argazki horrek ematen du. Kazetaritzaren zazpi galderei dagokiela (nork, zer, noiz, non, zergatik, zelan, nondik), istripua azaltzen duten albisteetan ez dugu «zergatik» galderaren erantzunik aurkitzen, «zelan» baizik. Istripuen albisteek ez dute geroagoko beharrizanik ekiditeko azalpenik ematen, adibidez.

Albistea, ordea, jendartean politikoki parte hartzeko gakoak ematen duen informazioa da. Germanwingsen istripuak zer informazio eman digu? Lehen egunean, hildakoen ingurukoak aireportuetara heltzen, negar batean, irudi askotarikoetan. Ondoren, hildakoen naziotasuna, ogibidea eta izen-abizenak ezagutu genituen, hurrenkera horretan:

–«Biktimen senideen arretarako telefonoak», aireportura heldu berri zirenen negarra islatzen zuen argazkiarekin (Eitb.com, 2015/03/24).

–Espainiar nazionalitatea zuten 51 biktima baieztatu ditu Gobernuak (Eitb.com, 2015/03/25).

–«Juan Pardo Yañez perdió esposa, hija y nieta: ‘Nada me las devolverá’» (Deia, 2015/03/26).

Gero, informaziorik gabeko albisteak etorri ziren. Izan ere, bada hildakoen argazki pribatuak plazaratzeko baimena eman duenik?: «Las caras de la tragedia» (El País, 2015/03/27).

Ez ziren falta ezustean hegazkina azken unean hartu ez zutenak: «La segunda vida de los pasajeros que cambiaron de plan en el último minuto» (La Vanguardia, 2015/03/26). Hegazkinean ez bazeuden, zer informazio gehitzen zuten?

Beraz, tristura nabarmentzeko hiru urrats eman zituzten: etxekoen negarra, hildakoen argazkiak eta kasualitatez hegazkina hartu ez zutenak. Aurreko istripuetan, trataera informatibo penagarri horri, denborarekin informazio gabeziak agerian geratu zaizkio: «‘Esperamos que se les trate mejor que a nosotros’: Los afectados por la tragedia de Spanair ofrecen su ayuda a los del GWI9525» (El País, 2015/03/27).

Istripuaren zergatiaz ari zirela, hedabideek hasieran konpainiaren prezio merkeagoetan arreta ipini zuten, segurtasunaren neurriak zalantzan jarrriz, horretarako ezelango oinarririk ez bazegoen ere:

«Germanwings, la ‘low-cost’ que cubría a Lufthansa en casi toda Europa» (El Correo, 2015/03/24).

«¿Es más peligroso volar en una compañía ‘low cost’?» (El Mundo, 2015/03/24).

Bertsio ofizialarekin batera, zergatia aldatu zuten hedabideek eta kopilotuaren osasunari buruzko sekretupeko informazioa zabaldu zuten, istripuaren ikerketa oraindik amaitu ez bada ere:

«Lufthansa conocía que en 2009 Lubitz sufrió una depresión, de la que fue dado de alta» (Gara, 2015/03/31).

«El copiloto Lubitz investigó métodos para matarse la víspera del siniestro» (El País, 2015/04/02).

Istripuaren egunean bertan, bertsio ofiziala nonahi zabaldu aurretik, zergatia azaldu guran, Alemaniako “Taz” egunkari ezkertiarrak segurtasunaren izenean gobernuek aurrera daramatzaten eskubide murrizketei erreparatu zien: «Das Dilemma mit der Sicherheit» («Segurtasunaren dilema», Taz, 2015/03/26).

Istripuari buruzko informazio guztia eta horren argazkiak Interneten doan zabaldu ziren. Baina ikusteak ez dakar gertakizuna ulertzea. Horregatik, hedabideei informazioa lantzeko eskatzen zaie. Adibidez, hedabideek ez zuten zehaztu zein babes-neurri ez duten betetzen ‘low cost’ konpainiek, baina, kontrara, enpresa garestiek neurriok betetzen ote dituzten ere ez zuten egiaztatu. Hedabideek ez zioten Interneten doan topa zitekeen informazioari ezer gehitu. Istripuen berri ematean xehetasunak (“zelan”) alderdi garrantzitsuena ez direla erakutsi du Taz egunkariak. Alderantziz, “zergatik” galderari erantzutean, hedabideok informazioa lantzen dute eta horikeria ekiditen dute. •