JON GARMENDIA
Elkarrizketa
LEIRE LARRASA
ZIBURUKO ZINEGOTZIA

«Jendeak abertzaletasunaz duen pertzepzioa aldatu da eta sinesgarritasuna lortu du. Ez mezua aldatu dugulako, eguneroko lanaren bidez baizik»

Ziburun bizi den urruñarra nahasketaren alaba da herritarrenganako sentimenduz, baina herri askotan bizi dena, barnean, bizi-bizi, Euskal Herria baino ez badu ere. Ziburuko zinegotzia da EHBai koalizioarekin.

Kalakari, jende zale, hurbileko pertsona alai, militante zintzo, langile, pilotari, emakume... hauetako hitz bakoitza josi ahal zaio soinean Leire Larrasari, baita guztiekin egindako soineko bera ere. Ezin delako erran Leire politikaria denik, nahiz Ipar Euskal Herriko politikaren lehen lerroan agertu azkenaldian, Donibane Lohizuneko kantonamenduan Peio Etxeberri-Aintxartekin batera aurkeztu baitzen, eta ez hori bakarrik, bigarren itzuliko lehian kokatu eta zerrenda abertzale batek inoiz izandako emaitza hoberenak eskuratu zituen bikoteak. Zinegotzia da Ziburun, 1985eko ekainaren 19an Donibane Lohizunen sortutako urruñar gaztea.

Azken garaiotan ikastolarekin izandako aferak eraman du hedabideen jomuga izatera Ziburu, batik bat Guy Poulou auzapezak ororen ondare behar lukeenaren aitzinean izandako jarrera ezkor eta itxiak bazterretako hautsak harrotu dituelako; Afera hori zertan den jakiteko, Ziburuko herria nahiz errealitate politikoa ezagutzeko, eta batez ere kantonamenduetako azken hauteskundeen emaitzei buruz hitz egiteko, Leire Larrasarekin egin dugu hitzordua Ziburuko itsas portuan bertan.

Zer egiten du urruñar batek Ziburun?

Urruñarra naiz, bai, eta harro nago gainera. Ziburuko lagunek zirikatu ohi didate erranaz, ez naizela ‘berezko ziburutarra’, hau da, ezin dela bat ziburutar bilakatu helbidea bertan finkatzen duelako soilik. Gaztaroa Urruñan pasatu dut, baina sobera goiz ohartu nintzen han gazteentzat ez zela eskaintzarik, Urruñako Gazte Asanbladak azken urte hauetan gaztetxearen aldarria landu du, baina beti bezala herriko etxetik (udaletxea) ezezkoa ematen zaie. Plaza bat da Urruña, itxitako etxeez inguratua. Trinketean taberna dago, eta hura da bilgune bakarretakoa. Bestalde, Hazia elkarteak egiten ditu proposamen kultural bakarrak, gainontzekoa herriko etxetik bideratua da, eta beti jende berdina ukitzeko asmoz. Aldaketa behar du herriak, eta hori ez da egun herriko etxean daudenen eskutik helduko. Ni, Ziburuko eta Donibane Lohizuneko lagunekin elkartu nintzen, bazen gazte arloko indar batasun bat, dinamika oparoa, giro euskalduna ere bai, eta errefuxiatuak ere hor zeuden, hau da, militatzen, mugitzen dakien jendea, noski, baita bizitzen ere, beren poteo eta beste, baina giroa jarriaz karrikari. Azkenerako, saltsa bat eta beste, hemen errotu nintzen, eta gaur egun ziburutarra ere sentitzen naiz.

Zinegotzia zara gainera...

Ikasketaz eta lanbidez aisialdiko animatzailea naiz, gaur egun Makeako eta Lekorneko aisialdi zentroak kudeatzen ditut; haurrentzat jarduerak proposatzen ditugu han, 3-11 urte bitartekoentzat. Beti horretan aritu naiz lanean, hezkuntzan bestela, ikastoletan, edo integrazio batzordearentzat laguntzaile gisa. Politikaren kontua halabeharrez iritsi zitzaidan, hau da, ni ere erosoago sentitzen naiz gauzak egiten karrikan, jendearekin proiektuak pentsatu eta aitzina eramaten. Ordea, gurean gertatzen da inork ez duela nahi ardurarik zerrendak osatzen direnean, dela herriko etxerako, dela beste edozein arlorako. Alderdi sozialistak berdintasunaren legea pasarazi zuen, (beharrezkoa eta ona zena), gizon adina emazte behar zutela izan hauteskunde zerrendetan, eta horrela bultzatu ninduten zerrendan joateko, laugarren nindoan, eta biziki emaitza onak izan genituen Ziburun, aitzineko aldian ez baikenuen zerrendarik aurkeztu ere, bozen %21 lortuz, eta sozialistekin batera Poulou boteretik kentzeko aukeran lehiatu ginen bigarren itzulian. Egun, oposizioan gaude halere; UMP eskuinak 23 ordezkari ditu, sozialista frantsesek 4 eta abertzaleok 2, Eneko Aldana eta ni.

EHBairi dagokionez, zein balorazio egiten duzue Ipar Euskal Herriari beha?

2012ko azken hauteskundeetan, EHBai koalizioak %8,89 lortu zuen. Aurten aldiz, %16,09ra ailegatu da lehen itzulian. Hiru urtetan gure emaitzak bikoiztu egin dira. Hamabi kantomenduetatik bostean EHBaiko bikoteak bigarren itzulian izan dira. Bestalde, erran genezake bigarren itzulia ere biziki ona izan dela: Alain Iriartek bere kantonamenduan irabazi egin du FN-aren kontra bozken %78,05 eskuratu ondotik. Beste lau bikoteek %38,14tik % 45,40ren arteko emaitzak lortu dituzte. Jauzi ederra egin dugu!

Eta zuen eskualdean?

Gure eskualdean ere goranzko joerari eutsi diogu. Donibane Lohizune, Ziburu, Getari eta Bidartek osatzen dute gure kantonamendua, eta aipatu behar da biziki eskuindarra agertu dela historikoki; beraz, ez genuen pentsatzen bigarren itzulian izango ginenik ere, nekez, eta guttiago horrelako emaitza batekin. Honek guztiak agertzen digu EHBai egiazko alternatiba bilakatzen ari dela.

Ziburun halere, eskuineko koalizioarengandik hurbil ibili zineten lehen itzulian, eta bigarrenean haren aurretik. Zein da horren arrazoia?

Bigarren itzulian 3.000 boz gehiago irabazi ditugu. Ziburun lehenak izan gira UMPren aitzinetik. Donibane Lohizunen 1.493 boz gehiago lortu ditugu bigarren itzuli horretan. Orotara, %45. Sorpresa ederra! Joan den urtean udal hauteskundeen karietara egin den lanak zerbaiterako balio izan duela argi da, hauteskunde hauek hori konfirmatzen digute behintzat.

Eskualde osoan egin duzue gorantz, muga batzuk hautsi-eta...

Zortzi hautagaitza zeuden gure kantonamenduan, anitz da hori. Aniztasun demokratikoa dohain paregabea da, baina tendentzia bereko listak ziren lehian aurkeztu zirenak: PSko bi zerrenda, UMPko beste bi, PNBk bakarra, baina herri mailan UMPrekin eskuz esku ari dela jakin behar da... Anbizio pertsonalek politikaren irudia kutsatzen dute. Eskuinaren zatiketak ez zuen deus aldatuko, bi itzuli izango ziren. Beharbada, PSren zatiketaz baliatu gira gu. Zatiketa pertsonalen eragina ageri da hor, zatitzen duena zigortua suertatzen da. Baina, oro har, gure gorakada aurkeztutako programaren eta hurbileko kanpainaren fruitua da, eta balentria hori ezin digu inork kendu.

Halere, Alderdi Sozialista frantsesak zuen aldeko bozka eskatu zuen bigarren itzulirako, ez al da hori zuen mezua aldatu den seinale, hau da, orokortasun bati mintzo zireztela, edo abertzaletasunaren aldarriak doi bat baztertu dituzuela?

Gure mezua ez da aldatu eta abertzaletasunaren aldarriak ez ditugu baztertu, ozen erran dezakegu hori. Kanpaina honetan gure oinarrizko lema betiko bera izan da; hau da, Euskal Herrian bizi, lan egin eta erabaki. Lema zaharra da hori, ez dugu gaur asmatu. Gu izan gira Ipar Euskal Herrirako berezko instituzio bat aldarrikatu izan dugun alderdi politiko bakarra. Hemengo jendearen interesak zaindu eta babesteko, hurbileko instituzioak behar ditugu, eta Iparralde mailako lurralde antolaketa koherentziaz hartzeko, berezko instituzio bat beharrezkoa da. PSren porrotak Frantziako gobernuaren politikan eragiten du. Zein sinesgarritasun du PS alderdiak gaur? Testuinguru huntan, EHBai alternatiba sinesgarri bakar bezala agertu da gure lurraldean, are gehiago, indar federatzaile gisa. Hortan datza hauteskunde hauen notizia berriena: lehen, ez ginen bigarren itzulira iristen, edo gutitan, eta iristen bagina ere, ez ginen gai ezkerreko beste bozak gure logoaren gibeletik federatzeko; orain, jendeak abertzaletasunaz duen pertzepzioa aldatu da eta sinesgarritasuna lortu du. Ez da mezua aldatu dugulakoan, eguneroko lanaren bidez sustraitu delakoan baizik.

Iparraldeaz hitz egiten da, baina egunerokotasuna, errealitateak, beharrak, zeharo desberdinak dira herri nahiz eskualde bakoitzean, estrategia bera da lurralde osoarentzat?

Errealitateak desberdinak dira. Barnealdean, geroa mehatxupean da: postaren desagertzea (Larzabaleko kasua), osasun zerbitzuen ixteak (Donapauleko amategia) edo estatuko zerbitzuak (Caf). Zentralizazio logikek, zerbitzu publiko eta sozialen desagerrarazteak, diru publikoaren ttikitzeak ez dituzte geldituko baserrien husketak, desertifikazioa... Herritar bakoitzak, bere auzoan, bere herrian, zerbitzu publikoak eskuragarri edukitzeko aukera izan beharko luke: haurtzaindegi, eskola, osasun zentroa, posta, zahar-etxe... Barnealdeko geroa euskal kostaldekoarekin elkar osatu beharko da, osagarritasunez. Horretarako, tresna egokiak behar ditugu, berezko tresna instituzional baten definitzea eta eraikitzea; hurbileko tresna, sinplea, demokratikoa eta eraginkorra. Zentzu horretan, oraindik garrantzi handiagoa du Ipar Euskal Herriarentzat berezko egitura instituzional bat lortzeak.

Gatozen Ziburura. Polemika handia izan da azken urtean ikastolaren gaiarekin, batik bat hedabideetan, herritik kanpo; nola bizi izan da herrian? Nola eraman da gaia?

Ziburu Bizik hastapenetik salatu du ikastolaren aferari eman zaion tratamendu diskriminatzailea. Ezkerreko abertzaleen herriko taldeak, Ziburuko ikastolaren aferaren baitan zegoen blokeo egoera eta politizazioa deitoratu ditu: Gatazka iturri bilakatu ordez, ikastolaren eta euskararen etorkizuna aho bateko adostasunez lagundu behar bailitzateke, eta, batez ere, talde politikoek beren burua plazara agertzeko beharrik izan gabe. Baina ez da hala gertatu, Ziburuko gehiengo munizipalaren jokabideak 20 urtez itzuli gaitu gibelera, eta haien hautua atzerapauso larria izan da.

Euskara Ziburuko jatorrizko hizkuntza da, Euskal Herrikoa den bezala, nahi duten guztiek libreki gozatu eta bizitzeko hautatzen ahal dutena, eta bide horretan agintari politikoek laguntza baino ez dute eskaini behar, hizkuntza horri bidea ireki eta etorkizuna bermatuz.

Politikari guztien asmo zein proiektuak, ez dira berdinak ordea...

Aditu guztiek diote ikastolek plantan ezartzen duten murgiltze eredua dela hiztun osoak, euskaraz bizitzeko gai izanen direnak sortzeko biderik eraginkorrena.

Familiek beren haurrentzat irakaskuntza ereduen artean hautatzeko eskubidea izan behar dute (frantses elebakarra, elebiduna, murgiltze sistema) eta Herriko Etxe batek eskubide hori bermatu egin behar du.

Zertan da afera?

Suari egur gehiagorik bota ordez, diskrezioz, gatazka baretu eta lasaitasunez elkarrizketaren bidera ekartzen ahalegindu gara hastapenetik, nolabait, egoera errealitate gaizto horretatik atera eta arrazoi bidera itzultzeko. Iazko ekainean, Poulouren eta Seaskaren arteko komunikazioak etenda zeudela ikusi ondoren, bitartekaritza lana egin zezakeen pertsona bat proposatu genion auzapezari, eta honek, onartu egin zuen. Halere, biltzar eta elkarrizketa batzuen ondotik, uda betean jakin genuen auzitegietara joko zuela Herriko Etxeak. Prentsaurrekoa egin genuen orduan, eta testua azalpen gutun batekin batera bidali genion auzapezari, baita bere taldeko kontseilariei ere; gure asmoa zen denek ukan zezatela bitartekaritza horren berri, eta jakin zezatela bide horrek zabalik jarraitzen zuela. Berantago, gehiengoaren kontseilari anitzekin mintzatu ginen, indibidualki aterabide bat bilatzeko. Alternatiben xerka jarraitu genuen (Zokoan CCIk kudeatzen duen lurzorua planteatuz adibidez). Ikasturtearen hasieran, ordea, argi indarra mozteko mehatxuarekin auzapezak marra gainditu zuenean agiri bat zabaldu genuen etxe guztietan, jokabide hori fermuki salatuz. Bitartekaritzari eutsi diogu geroztik, bai auzapezak, baita Seaskak ere, aldizka galdeturik.

Beraz...

Urtarrilean, lur zati bat erosi eta ikastola berria han eraikitzeko erabakia hartu zuen Seaskak. Pribatu batek 700 m²ko terrenoa saldu die, ez merke, biziki garesti baizik, 300.000 euro. Dena ondo bidean, Kaskarotenea ikastolak iraileko sartzea toki horretan egin behar luke.

Eta Poulourekin egoera baretu da? Eneko Aldana zinegotzi abertzaleari mehatxua jaulki zion, erranaz eskupeta batekin abertzaleei tiro egiteko desira baino ez zeukala...

Herriko kontseilua bildu zen egun horretan, eta Poulouk aipatu zuen guk aurrez banatutako traktan bera mehatxatzen ginuela. Batere! Ez zen horrela. Kaskarotenea ikastolaren egoera azaldu eta auzokideei mobilizatzeko deia luzatu genien. Mobilizazio batera deitzea ez da mehatxu bat! Biziki gaizki hartu zuen halere Poulouk, eta kontseiluaren egun horretan bere onetik atera zen... berriro ere, ez da lehen aldia.

Ziburu euskaldun, zuen aldarrikapen bat da, baina karrikan ez da frantsesa baino entzuten...

Herritarrengandik instituzio hurbilena izaki, Herriko Etxeak funtzio estrategikoa du euskararen normalizazioan. Orain arte Ziburukoak ez du hizkuntza politikarik aitzinerat eraman: Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Lapurdiko Hirigunearekin hitzarmenak izenpetu baditu ere, obratzerakoan borondate eskasa ageri da, nagusiki, haientzat euskara edergailu folklorikoa baizik ez baita. Bitartean, euskara gibelka ari da. Euskarari gure herrian bere leku osoa itzultzeko, Ziburuk euskararen normalizazio plana izan behar du, denboran epekatua eta baliabidez ongi hornitua, Herriko Etxeak eta elkarteak elkarlanean egina, sortu beharko den euskara teknikari postu batek sustatua eta koordinatua. Euskararen erabilera bizi publikoaren arlo guztietan bermatu eta sustatu behar da eta etorkin berriak integratu eta sentsibilizatu behar ditugu.

Ziburu bizi, eta geroz eta etxebizitza gehiago eraikitzen dira... norentzat?

Hemengo bataz bertzeko prezioak kostako marka guztiak hausten ditu: 4.290 euro metro koadroa. Eraiki denarekin, kasik apartamentu bat dagokio pertsona bakoitzari. Etxebizitzaren arazoa beti kezkagarria da, prezioak ziburutar anitzen ahaletatik kanpo baitira. Erdigune guztia basamortu bilakatzen ari da eta eraikuntzak periferiara doaz. Itsas portua ere hor dago, batzuk turismo gune bilakatu nahi dutena. Duela 50 urte, Ziburuko portuan 1.200 langile ziren. Gaur, 100 bat arrantzale baino ez dira gelditzen.

1990eko hamarkadako urte beltzak atzean utzi ondotik, itsasontzi eta arrantzale kopuruaren estabilizazio bat ikusten ari gira azken urteetan. Horrek ez du erran nahi portua salbatua denik, 40 bat itsasontzi daude egun, gaur-gaurkoz portuaren biabilitatea segurtatzen dutenak. Portuak ez luke jasanen beste itsasontzi bat galtzea. Aisialdiko portuaren proiektua aspaldiko kontua da, baina hautetsi eta enpresari turistiko askok kartoietan atxikitzen duten proiektu bat da oraindik orain. Adi egon behar gira, portu turistikoaren atzean arrantzaren desagerpena baitago. Arrantzaleak egon badauden bitartean, proiektu hori ezingo da burutu.

Bestalde, gazte batzuei bokazioa sortzen ari zaie arrantzarako, eta instituzioei dagokie hori bultzatzea, erraztasunak ematea eta beren lana baloratzea. Bihar arrantzaleak egon daitezen oraindik Donibane-Ziburuko portuan.

Haize freskoa sumatzen da.

Ziburun gauzak aldatzen ari dira, badago jendea, badago zeregina, baita non elkartu ere. 60 bazkideren artean Baltsan elkartea sortu genuen orain pare bat urte. Izen horrek badu magia berezi bat; arrantzaleek erabiltzen duten hitz bat da, añek baliatzen zuten batik bat, marinelei obeditzen zieten gazteek, ofizioa ikasten zutenek; Baltsan egiteak denen artean egitea esan nahi du, eta irabazia denen artean banatzea. Hori nahi dugu Zibururentzat.