Kattalin Miner

Trans Jordi

Aurtengo Sant Jordik Bartzelonan harrapatu nau lehenengo aldiz. Liburuaren (singularki) eguna dute hemen, eta gure Durangoko Azokarekin nolakotasunik konpartitzen badu ere, uzten duen gorputzaldia bestelakoa delakoan nago.

Hemen “kultura kontsumitzeaz” gain, arrosa eta liburuak oparitzen dira. Ez edonork edonori gainera, ulertua baitut, emakumezkooi arrosa bat oparitzen zaigula eta gizonezkoei liburu bat. Pentsa genezake hau ere aldatzen hasia dela, eta hala da ziurrenik, baina, funtsean, hor dirau emakumezkoak apaingarriz bete eta gizonezkoek haien intelekto mugagabea elikatu behar duten usteak. Usteak eta egitateak.

Esan nahi baita, andre liraina lirain sentiarazten duena dela (begirada eta ekintza maskulinotik, noski), eta ez inola, haren liraintasuna eraikiko duena. Entzun diot bertako bati baina gehiagori, Sant Jordi Kataluniako San Valentin dela, beraz, liburu festatik harago, kolpe batez berau suntsitzeko gogoa ere etorri zait. Izan ere, genero rolak bere horretan mantentzea helburu duten “ohitura eta kultura” hauek gugan duten eragina aspalditik identifikatua dugu.

Niri arrosa bat inor gutxik oparitu dit, baina, aukeran, zer esango dizuet, bada, liburu bat nahiago.

Kasualitateak badira bizitza honetan, eta horiekin batera, elkar topo egiten duten efemerideak. Inoiz gutxi axola izan dit apirilaren 23an Sant Jordi ospatzen den edo ez. Inoiz gutxi, egun horrek nigan beste egikari bat pizten duelako, hain zuzen, orain zortzi urte, nire lagun Amaia-Aimar “Moio”, transexualitatearen aurrean jendartean nagusi den ezin ulertua dela medio, oraindik edertasun indartsu bat darion haitz multzotik jausi zelako. Erabakia hartu zuelako. Ez zelako inoiz “benetako gizon bat izango”.

Haitz horietara begiratzen dut orain, zortzi urte beranduago, eta gero eta handiagoa zait berauk utzitako itzala. Efemerideak urtez urte hartzen du indarra, eta badakit, batzuk liburu eta arrosa artean murgilduta dabiltzan artean, “nahi gabe ukitzen diogula efemeridea elkarri”. Badakit batzuek egun horretan genero bereizketa zurrunena praktikan jartzen duten bitartean, guk berau lehertu zuen eguna dugula gorputzean. Badakit, egun honekin batera, askok gogoan dugula bere buruaz beste egin zuen mutiko hura. Baita pentsarazi ziguna ere.

Paradoxikoki, liburuek eta arrosek ez dute maitasunaz deus ulertzen, ez gaur, ez nigan. Baina bizirik zinen artean liburuak oparitu nizkizun arrosak baino sarriago. Eta behin zure ihesaldiaren ostean, loreek apaindu dute zure legatua.

Memoria eta aldarria omen dira gure arma. Eta justizia, hain hitz potoloa bera, sozialki irabaztea besterik ez zaigu geratzen. Barrenak hautsi zizkidan ihesaldiak, eta barrenak beraiek osatu dizkidate denborarekin. Argi hartu bainuen konpromisoa, 18 urte hauskor nituen horretan, hortik aurrerakoak erraiak erauzi zizkidan arrazoi transfobiko eta sexu-generoaren bereizketa hilgarria gudukatzen pasako nituela. Horrela soilik izan zezakeen zentzua zerbaitek. Eta zortzi urte geroago, horretan jarraitzen dugu.

«Efemerideak gugan zauriak direlako, norberak bakarrik minez ospatzen dituelako» dio Anarik. Eta nik zure erabakiaren efemeridea zauri izatetik arroka horiek pitzatzen dituen arrakala izatera pasatzea nahi nuen. Minez bakarrik ospatu ordez, memoria kolektibora iragan daitezela eta harrotasunez eta sendo borrokatu nahi ditudalako.

Uki zaitzala efemeride honek, bada, eta akordatu badela hiltzen duen usterik oraindik. Hiltzen duen iritzirik. Hiltzen duen ezjakintasunik.

Nik, apirilaren 23an, Trans Jordi ospatu nuen, eta itzuleran, arroka sendo horien azpian liburu bat utziko dizut, barnean larrosa bat daramana. Alda dezagun historia, zuk istorioa aldatu zenuen ordainetan. •