Iñaki Altuna

Aurreakordioaren zain egon gabe

Euskal Herrian egiturazko aldaketa politikoak azkartzeko bi arazo edo oztopo ageri dira une honetan. Ez dira bakarrak, jakina, baina modu nabarmenean ari dira azaltzen azken aldian: alde batetik, Estatuaren itxikeria, ez baita posible harekin inolako prozesurik adostea, eta beste batetik, EAJren denbora irabazteko jokabidea, ez baitu urrats sendoak ekar ditzakeen akordiorik itxi nahi.

Estatuaren posizioaren nondik norakoa eta zergatia jakinak dira. Ez du Euskal Herrian aurkezteko eskaintza politiko erakargarririk eta konponbidearen arloan –dela gatazkaren muinari dela gatazkaren ondorioei lotuta– edozein mugimenduk burujabetza prozesua indartuko zukeela uste du.

EAJren jokabidean badira hauteskunde une zehatz honi lotutako arrazoiak. Erakundeen kudeaketa du lehentasun. Gaur egun, inoiz ez bezala, beste estatus politiko bat –erabakitzeko eskubidea oinarri lukeena– lortzeko gehiengo zabalak osatu daitezke erakundeetan, baina aukera horri ez dio begiratu ere egin nahi EAJk, PSEren edota PPren babesarekin botere instituzionala eskuratzeko bidea lehenetsita. Merke izan dezake horien laguntza, adibidez, Gipuzkoan eta Donostian.

Unean uneko hauteskunde interesetik harago, beste ibil-bide bat irudikatzeko jelkideen ezintasuna dugu gaur egungo jokabide hori azaltzeko arrazoi nagusia. Katalunian, aitzitik, CiUk beste bide bat egitera behartuta ikusi du bere burua, Estatuarekin harremana jasangaitza delako eta emandako tarteko irtenbidea, Estatut-aren erreforma, erabat etsigarria izan zelako. EAJk, ordea, egungo egitura juridiko-politikoa erabat agortuta dagoela jakin arren, Gernikako Estatututik eratorritako erakundeak gordeleku ditu, Katalunian ez dagoen Kontzertu Ekonomikoa nahiko helduleku delakoan. Nahiago du portu txiki horretan segi itsaso handira irten baino, Espainiako hurrengo gobernuarekin kaiko amarratze baldintzak hobetzeko tartea txikia izango dela jakinda ere. Denbora behar du, eta horrela ulertu behar da Sorturekin duen harremana ere. Estatuak ito egiten du eta ez litzateke ulertuko beste aterik «zabalik» ez izatea, baina urratsik egiteko adore nahikorik ez du. Oraingoz, bederen.

Horrenbestez, aldaketak ez dira, berez, horrelako aurreakordioen bitartez helduko. Ez dira abiarazitako eta aurrera eraman beharreko prozesu politikoaren abiapuntua izan, bistan da. Estatuak konponbiderako borondaterik ez du, eta EAJk ere ez du epe laburrean beste bide bat serioski saiatzeko asmorik, adierazpenak baino harago. Gasteizko Legebiltzarreko aste honetako saioa aski adierazgarria izan da.

Aldaketa egin nahi dutenak bati –Estatuari– edo besteari –bideari ekiteko erabakia hartu ez dutenei–itxaroten geratzeak ez luke zentzurik; akordiorako proposamenak, tartekoak zein azken burukoak, elkarlan eskaintzak, behin behinekoak zein iraunkorrak, eta elkarrizketa eremuak, akordio politikoetarako edo gatazkaren ondorioen konponbiderako, irekita izanda ere. Are gehiago, burujabetza prozesuaren alde indarrak metatzeak indartuko du noizbait adostasunen aukera sortzea ere. Areago, halako prozesu batek gailurra jota, mugitu nahi ez duena edo inmobilismoari lotuta dagoena akordiorako ere garaiz ez iristea eragin ahalko luke. Aldaketa nahi dutenen eremuan, norberak egiten duena izango da gakoa. Aldebakartasunak segitzen du lanabes izaten.

Norabide horretan, egoera baldintzatzeko gai izango diren urrats gehiago egin beharko dituzte beste egoera bat erdietsi nahi dutenek, egindakoa errepikatze hutsak ez baitu ezer berririk ekarriko. Eta gogoeta hori eremu eta arlo guztiei dagokie.

Maiatzaren Lehenengoa izan zen atzo. Aldaketa politiko eta soziala langileen eta herri sektoreen onurako da eta, beraz, sindikatuek badute zer esan datozen urteetan aldaketa hori lortzeko masa kritikoa egituratu nahi bada. Protesta hutsera mugatzea botereak bere horretan segituko duela ontzat ematea bihur daiteke, nahi gabe ere. •