2015/05/02

Maider Iantzi Goienetxe
Euskarak ez du sexurik, baina...

Aita-semeek istripua izan dute eta aita hil egin da. Semea ospitalera eraman eta zirujaua oihuka hasi da: Ezin diot ebakuntzarik egin, nire semea da!». Horixe “Tribuaren berbak” saioko atal batean, Kike Amonarrizek etxekoei eta Zarautzen topatu dituen herritarrei planteatu dien asmakizuna. Mikro aitzinean, esaldiak behin eta berriro irakurtzen, isiltasuna eta irribarreak, jendea harri eta zur. «Ezin liteke!», diote gizon-emakumeek, zahar eta gazteek. «Adarrak egon dira hortik edo?». «Oraingo familia ezberdinak izango dira, hori bururatzen zait»...

Sofan ere pentsatu eta pentsatu ari gara (zuk, irakurle, zer diozu?)... Guri antzeko erantzunak etortzen zaizkigu... Harik eta elkarrizketatutako batek bota duen arte: «Medikua ama da». Uste dut aurpegi berdintsua gelditu zaigula denoi. Nola ez zait bururatu? Emakumezko mediku ugari dago ba... Bakarrak asmatu du, eta ariketa aurretik zekielako.

Beti aditu dugu euskarak ez duela generorik, berez, ez du, baina... Zirujaua erran eta gizon bat irudikatzen dugu bata jantzita. Hor ikusten da zenbateraino ditugun barneratuta ideia jakin batzuk; normala ere bada urtetako historiaren eta heziketaren ondorio den neurrian, eta halako ariketak onak direla uste dut, gure barrenak mugitzeko.

Egunkarian idazterakoan, adibidez, zailtasunak sortzen zaizkigu euskaratik gaztelaniara itzultzean, azken honetan generoak bereizten direlako eta zirujau «cirujano» edo «cirujana» itzuli behar delako. Azken urteetan «ciudadanas y ciudadanos» eta halako formulak zabaldu dira, azkenaldian «miembra» hitza ere sortu da. Euskaraz errazagoa dugula pentsatu izan dut, baina jabetu naiz hizkuntzak ez direla sexista, hiztunak baizik. •