Unai Fernandez de Betoño
Arkitektoa

Hauteskundeez haragoko hirigintza

Bozkatzeko eguna gerturatu ahala, alkate izateko hautagaiek gero eta gehiago hitz egiten dute hirigintzari buruz. Ulergarria da, alkategaiek bultzatutako hiri-ereduek boto-emaileen eguneroko bizitza dezente baldintzatu dezaketelako, onerako zein txarrerako. Ez da kasualitatea izango, hortaz, Hego Euskal Herriko hiriburuetako oraingo alkateen erdia arkitekto izatea, adreiluaren pisuaren erakusgarri. Ez da erraza soilik diskurtso urbanistikoaren arabera alderdi politikoak ezagutzea, hala ere, hizkuntza eufemistiko samarra delako nagusi. Baina, izan, badira ezberdintasunak eskuinaren eta ezkerraren artean. Tenpusetan, bereziki.

Zentzu horretan, haurren mailako eztabaida piztu zen Gasteizen duela bi aste, PPren eta EAJren artean. Hauteskundeen atarian biek aldarrikatu baitute «Smart City» delako hiri-eredua, eta, orain, nor nork kopiatu zuen argitzen dabiltza. Alferrik, baina, kontzeptu ustez urbanistiko horrek hamar urte baino gehiago dituelako. Hamarkada bat daramate teknologien alorreko enpresa handiek (Philips, Vodafone, IBM, Microsoft, Cisco, Alstom…) udal-gobernariak konbentzitzen haien produktu garestietan inbertitu dezaten diru publikoa, hiriak efizienteago bihurtzeko, arazo funtzionalak di-da konpontzeko. Eta teknologiaren espektakularizazio ustez sofistikatu eta azkar hori, bereziki elitearen mesederako ezarri nahi dena, «hazi arazi» lelotzat duten (beste “kasualitate” bat) bi alderdi eskuindar horien gustukoa da. Oso.

Badirudi, bestalde, ezkerreko alkategaiak hiri-eredu geldoago baten alde egiten ari direla, oro har, eta, halaber, nahita edo nahi gabe, maileguan hartutako modako hitzen gerran ere sartu direla. «Cittaslow» (urteekin saski-naski bat bihurtu dena), eta, bereziki, azken urteotan, «Transition Town» bezalako terminoak dezente entzuten ari baikara. Etiketez eta zigiluez harago joan beharko lirateke politikariak, sakoneko ideiak azpimarratuz: eskubide indibidualak zein kolektiboak bermatzeko, zeinahi direla ere (irisgarritasuna, berdintasuna, sabaia), hartu behar da hirigintza arloko erabaki oro. Giza-duintasuna helburu.

Azkenik, Euskal Herriko zenbait alkate(gai)ren kasu bitxia aipatu daiteke; irabazten duenak irabazten duela, goragoko Administrazio batetik (itxuraz udal-mailako diren) jasoko ditu hirigintzako aginduak. EAEn ez bezala, Nafarroan, hiri-mailako proiektu garrantzitsuenak Udalak saihestuz Foru Gobernu zentraletik zuzenean erabakitzen dira PSIS delako tresnaren bidez. Adibidez, Lekarozen 252 etxebizitza, golf-zelai bat eta hotel bat egiteko proiektua ezin izango du Baztango alkate berriak gelditu: Udalak egin arren udalerriko hirigintza gidatzen duen Plan Orokorra, hierarkia urbanistikoan gorago dagoen PSIS baten bidez indarreratu du proiektua UPNk. Aldaketa, beraz, Foru Gobernuan gertatzea ere beharrezkoa da.

Eraikitzaile diruzaleek badakite nor bozkatu. Baita hiri eta lurralde buruaskeagoak eta sozioekonomikoki justuagoak aldarrikatzen dituztenek ere. •