2015/05/02

Gorka Zozaia
Kimikaria
Ikara

Mamuren ari bada Europan hedatzen, hori ikara da. Kontinente zaharrean bezala mundu zabalean ere. Ez da noski berria, baina badira bolada bereziki ikaragarriak. Pasa berri den apirila horren lekuko, ikara egin baitute lurrak, itsasoak eta jendetzak.

Denon belarrietara heldu da Nepaleko lurrikara. Askoren begietara Everesteko behe kanpalekua astindu duen elur-jauzia. Ikusgarria izan da ere Txileko hegoaldean Calbuco sumendiaren leherketa. Hainbesteko zabalpenik gabe, Albanian ere lurretik borborka heldu da ikara apirilaren lehenean, BNK Petroleum enpresaren fraking putzua geiser baten moduan lehertu denean Kumán herrixkan. Ikaragarriak dira irudiak, herri bat ur kutsatuko jacuzzi lokaztu bilakatua. Hain zuzen, gasa erauzteko metodo honek lurra ikaratzen duela frogatutzat eman da, Nature Communications aldizkarian argitaratu berri denez. Zehazki, AEBetako Texaseko Azle herrian, 2013 eta 2014 artean, 30 bat lurrikarren jatorria frakinga dela ondorioztatu du geologo eta sismologo talde batek egindako ikerketak.

Eta lurrak bezala, itsasoak ere ikara egin du apirilean. Ikara dario itsasoari. Krokodilo malkoak isurtzen ditugu europarrek inguruko lurretan eragindako ikaragatik; mediterraneoa hilobi erraldoi bihurtua dugu. Mare nostrum, sepulchro eorum (gure itsasoa, haien hilobia). Heriotza isasoratzearen kapitulu berri bat besterik ez, apirila honetakoa, Fukushimakoa lez. Oraingoan, zentral nuklearreko ur kutsatuak Pazifikokoekin ez nahasteko punpa sisteman jazo ei da akatsa eta TEPCO konpainiak argitu ez duen ur erradiaktibo kopurua isuri da. Hain zuzen ere, ikaratzeko apiril honetantxe, Canadak berri eman du dagoeneko haien kostaldera heldu direla Japoniako ur erreadioaktiboak. Zehazki, otsailean Vancouverren zesio 134 eta 137 maila txikiak hauteman dira. Hori guztia, Japonian abiadura handiko trenak, maglev deritzanak, marka berri bat ezarri berri duenean 600 km/h abiadura gaindituta.

Eta halaxe pasatzen dira berri guztiok ere, abiadura handian, ikaragarrian. Eta behar bada horregatik ez gara dagoeneko ezerekin ikaratzen. Niri, bederen, apirileko balantze gordin horren gainetik, ikara gehien eragin didana etxean bertan jazo den fenomenoa izan da. Espainiarren laurdenak eguzkiak lurrari bira egiten diola zabaldu da pasa den astean eta, hara, nola atera garen euskaldunak horretaz trufaka! Zozoak beleari ipurbeltz, eta inozoetan inozoena bere burua horretaz salbu ikusten duena. Hasteko eta behin, bistan denez, FECYTek (Fundacion Española para la Ciencia y la Tecnologia) egindako ikerketaren laginaren %10 inguru Hego Euskal Herritarrak gara. Bestetik, eta ikerketaren emaitza batzuk begiratuz, lurraldekako emaitzetan ez gara oso ondo ateratzen espainolekin alderatuz: zientziarekiko interesa Estatuko batez bestekoaren bi heren izatera ez da heltzen gurean; nafarrak zientzia museo gutxien bisitatzen dutenen artean daude, Eta prestakuntza gutxi dutela uste dute. EAEen ere, prestakuntza batezbestekotik beherakoa dela uste da eta, zientziaren onurak eta kalteak ebaluatzeko orduan, taxuzko iritzirik emateko gaitasun gutxienekoen artean daudela Estatu osoan. Hori bai, transgenikoen eta nuklearren alde batezbestekotik gora gaude (frakingaren alde, baina, ez, eta nabarmen) baina, oro har, ez dugu uste ikerketa zientifikoaren ardatza ingurumenak izan beharko zukeenik; are gehiago, euskaldunak gara estatuan “zuhurtzia printzipoa” gutxien sustatzen dugunak! Azkenik, zozoarena eta belearena ere ageri da inkestan, madrildarrekin batera, nabarmen ikusten baitugu gure burua gainerako lurraldeak baino garatuago (batezbestekoa %30 izanik, %4ko atzerapena baizik ez dugu sumatzen gainerakoen aldean!).

 

Infinitoak ikaratu nau beti ni; txikitan, unibertsoak, eta orain, giza kirtenkeriak, zozokeriak. Tira, datorren astean “Progress” izeneko espazio-ontziak kontrolik gabe lur jotzearen paradoxarekin gelditzen naiz, eta behingoz bada ere, instant txiki batez, ikara Mario Draghiren aurpegian ikustearekin: end BCE dick-tatorship! •