Oihana Llorente Arretxea
Elkarrizketa
marcelalagarde
andre indigenen ahotsa

«Indarkeria desagerrarazi daiteke, non eta nola gertatu den jakinda, modua dugulako»

Hegoamerikako feminismoaren ahots ezagunena den arren, adeitsu eta hurbila da. Bitxikeriak balira bezala azaltzen ditu egia biribilak

Antropologoa eta etnologoa, baita irakasle, idazle eta diputatu ere. Lubaki desberdinetatik tira egin du Marcela Lagardek (Mexiko, 1948) indarrean dagoen patriarkatua eraisteko. Kolokan jartzea behintzat lortu du, feminizidio kategoria osatu, eta Mexikoko Zigor Kode Federalean delitutzat hartzea lortuz.

Lau hamarkadetan ereindakoa jaso eta bilduma egin du argitaratu duen azken liburuabn, “El feminismo en mi vida”. Hura besapean hartuta gurutzatu du ozeanoa eta Euskal Herriko hainbat herritara hurbildu da.

Arduraz mintzatu zaigu, ongizate estaturik gabeko geroak sortzen dion ikara onartuz, baina baita baikortasunez ere. Harro dago feminismoak lortu duen guztiarekin eta aurrerantzean ere hala izango dela sinestuta dago.

Ezaguna zara feminizidio hitza sortzeagatik. Ordura arte izenik ez zuen krimen bati izena ipini zenion. Garrantzitsua al da izendatzea?

Tradizio idatziko jendarteetan oso garrantzitsua da gauzak bere izenez deitzea. Are gehiago, gizarteak bere egunerokoa antolatzeko eta bizitza balore eta printzipio zehatz batzuen arabera arautzeko sortutako tresnetan idatziz jasotzea.

Feminizidioaren kategoria osatzeko lan egin nuen, bai, baina Diana Russell eta Jill Radfordek idatzitako liburu batean oinarritu nintzen. Pentsamendu feministaren genealogia egiteari oso garrantzitsu deritzot, eta beti aipatzen dut. Haiek femicide deitu zioten emakumeen aurkako krimenen politikari. Ciudad Juarezeko fenomenoaren aurrean nengoela irakurri nuen euren liburua eta emakume guztien erailketek zergati bat zutela zioten. Hortik aurrera, nire sormenari bide eman, eta haiek ziotena Mexikon kokatzen ahalegindu nintzen. Mexikon konplexuagoa zen egoera, Estatua ia konplizea zelako ezberdintasunen erreprodukzioan eta emakumeen aurkako krimenen justizia ezan. Hor ohartu nintzen, baina, zigorgabetasuna ere badela feminizidioaren parte.

Edukiz ere bete zenuten feminizidioaren kategoria.

Ordura arte gizonen arrazionaltasun edo irrazionaltasun arazoekin ala gaixotasun mentalarekin nahasten ziren jarrerak, jendarteko delituen parte gisa kokatzea ekarri zuen feminizidio hitza onartzeak eta jasotzeak. Emakume eta neskato guztiak gaude indarkeria mota horren mehatxupean. Izan ere, genero zigorraren bidez, emakumeok ezarri zaizkigun marrak ez gainditzea lortu nahi da.

Feminizidio hitzaren aurretik, nola azaltzen zen emakumeen aurkako indarkeria?

Desagertu eta ondoren hilda aurkitutako emakumeen heriotzaren aurrean denetik esaten zen. Oro har, hiltzaileak gaixotzat jotzen ziren, erotzat. Baina denetik entzun da, hildako emakume guztiak makiletan lan egiten zuten emakume ia esklaboak zirela, edota antolatutako krimenaren krimenak zirela. Pentsa, emakumeen hilotzak kriminal mafiosoren baten lurretan agertzen zirenean, gorpu horiek zer edo zer esan nahi zuten mezuak zirela uste zen. Bertsio asko zabaldu ziren, baina ez zen esandako horretatik deus. Genero krimenak ziren eta emakumeek egunero eta modu normalizatuan bizi dugun indarkeriaren izebergaren punta besterik ez dira.

Indarkeria gogorrena, gainera, feminizidioa, ezagunak diren pertsonen artean gertatzen da, bikoteen artean, senideen artean... Estatu espainolean bezala.

Mexiko aipatuta, Ciudad Juarez datorkigu burura.

Nire herrian, Mexikon, gizon eta emakumeen arteko ezberdintasuna oso handia da. Garapenerako sarbidean, parte hartze politikoan, enpresen zuzendaritzan, denean. Jendartearen parte handi batek, gainera, bat egiten du bereizkeria horrekin eta hura legitimatzeko egiten den edozer babesten du.

Gizonek bortitzak izateko eskubidea dute jendartean. Egia da batzuk dioten bezala legeetan eskubide hori ez dagoela zehatz mehatz jasota; ohitura kontua ere bada, baina, berdintasunaren alde egiten ez duten legeek haren kontra eta feminizidioaren alde egiten dute, berdin legeak hezkuntzakoak zein osasun eremukoak izan. Modu batean, beraz, jasota dago bortizkeriaz jokatzeko eskubidea.

Ciudad Juarezek Estatu Batuekin egiten du muga. Feminizidioa muga izaerari hori zor zitzaiola uste genuen, baina beste muga batzuk aztertuta hipotesi hori baztertu genuen. Muga izaerak zerikusia du, baina gakoa muga horren nolakotasunean datza. Legez kanpokoa da nagusi bertan; mordidak, eguneroko ogi. Zigorgabetasun handia dago eta horrek sustatzen du indarkeria eta feminizidioa.

Zorionez, ez zen gauza bera gertatzen Mexiko osoan.

Jendartea geroz eta matxista eta misoginoagoa izan, orduan eta normalizatuago eta naturalizatuago dago emakumeen aurkako indarkeria. Hala ikertu eta deskubritu genuen. Zenbat eta eskubide eta garapen gutxiago, orduan eta emakumeen aurkako indarkeria gehiago. Feminizidioa ez dago orokortuta, baldintza zehatz batzuk dauden tokian kontzentratuta baizik. Zehazki, emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean zigorgabetasun eta tolerantzia sozial handiagoko eta bestelako baldintza ekonomiko, kultural eta sozial jakin batzuek bat egiten duten lekuetan gertatzen da feminizidioa gehien.

Antropologoa ere bazara eta feminizidioa aztertzeko ikerketa zuzendu zenuen.

Sekulako ikerketa garatu genuen Mexiko osoan. Estatu osoa aztertu genuen emakumeen aurkako indarkeria non eta zergatik gertatzen zen jakiteko. Hipotesiekin eta oraindik ere balio handikoak diren esparru teorikoekin lan egin genuen, marra gorriak non zeuden azaltzeko. Emakumeen bizi baldintzak hobeak diren lekuetan eta gizonen indarkeria mugatuago dagoen eremuetan bake irlak daudela frogatu genuen.

Hori guztia mapetan ere irudikatu zenuten.

Geoerreferentziarekin lan handia egin dut. Egoera soziala, politikoa edota ekonomikoa aintzat hartzen dituzten datu zehatzekin egin ditut mapak. Modu horretan, hilketak non gertatuko diren jakin ahal da, baita zergatia azaldu ere.

Zu zeu Mexikoko diputatu izan zara eta lan handia egin duzu legeen alorrean.

Bai, kuota bidezko diputatu izan naiz, ohore handiz izan ere! Izan ere, nire aitzindariek borroka egin izan ez balute, ez nintzateke inoiz diputatu izatera iritsiko. Berdintasuna legeetan txertatzea lortu genuen, baita Mexikoko konstituzioan ere. Hori sekulako aldaketa izen zen. Konstituzioan, gainera, giza eskubideak sartzea lortu genuen, ordura arte berme indibidualak besterik ez baitzeuden. Aldaketa horiekin guztiekin emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeria gutxitzen eta desagerrarazten saiatzen ari gara.

Feminizidioa izendatu eta azaldu genuen, baina oraindik ere azaleratzen jarraitzen dugu. Berdintasuna ezin da normala izan indarkeria arrunta den bitartean. Bestelako elkarbizitza bat sustatzea da gure helburua.

Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazi daitekeela uste duzu?

Uste ez, ziur nago. Formula bat dugu eskuartean, gainera. Orain badakigu non eta zergatik gertatzen den eta, horrenbestez baldintza sozialak aldatuta ekidin daitekeela badakigu. Badakigu zer aldatu behar den.

Mexikon, adibidez, indarrean dagoen eta emakumeen eta neskatoen kontrako indarkeria guztiak desagerrarazteko estatu politikak jasotzen dituen lege garratzitsu bat egin genuen. Estatuaren edukia aldatu behar da, bertako erakundeei eta bizi dugun paradigmari buelta eman behar diegu. Izan ere, paradigma horrek babesten, sustatzen eta zeharo atsegin du gizon eta emakumeen arteko ezberdintasuna.

Ahal da eta horretan gaude. Ez Mexikon bakarrik gainera, emakumeen aurkako indarkeriaren kausa bereziki mendebaldekoa bada ere, mendebaldekoak ez diren hainbat herrietan ere badira indarkeria mota horren kontra borrokatzen diren talde feministak ere. Kausa unibertsala da, beraz.

Gobernatzeko politika onak eta gizarte zibilaren politika sozialak hartu behar ditugu eredu gisa, emakumeen aurkako indarkeriaren forma guztiak ezabatzeko. Horiek guztiak ezabatzen ez baditugu, ez dugu feminizidioa desagerraraziko.

Bide onetik goaz?

Tira. Mexikon, adibidez, izendatu, legeetan aipatu, eta hura ekiditeko politikak egin ostean, handitu egin dira feminizidio krimenak. Ez dute behera egin. Azken urteetan gure herrialdea oso bestelakoak eta larriak diren indarkerietan murgilduta dago. Inoiz imajinatuko ez nituen gauzak ikusten ari naiz, ikasle gazteen desagertzeak, zigorgabetasun izugarria... Deitoragarria da gure herrian gertatzen ari dena, feminizidioari eta horri guztiari modu integralean aurre egin beharrean gaude, eta horretan ari gara.

Halere, orain 40 urte, ni feminismoan murgildu nintzenean oso gutxi ginen eta eragin eskasa genuen. Orain milioika emakumeren ahotsa gara, milioika nahi eta beharren ahotsa, baina baita eraikitako milioika alternatiben ahotsa ere. Egun, unibertsitate esanguratsu guztietan gaude, bertan dira genero ikerketak... eta nazioarteko politiketan ere eragiten dugu. Horrek sekulako plazera ematen du. Gauzak asko aldatu dira. Egun, gobernu askok berdintasunaren irizpidea sartu beste erremediorik ez du. Hau guztia orain 40 urte irudikatzea ere ezinezkoa zen.

Nola ikusten duzu mugimendu feminista?

Edonon eta edonola, edozein ordutan eta edozein korrontekoa, izugarri gustatzen zait!

Ni ez, baina feminista asko oso dibertigarriak dira, jaia eta dantza asko gustatzen zaie. Mugimendu honek baikortasuna eragiten du, bai eta gainontzeko pertsonen alde egiteko gogoa ere.

Eta osasuntsu ikusten duzu?

Nola ez dut osasuntsu ikusiko, hain denbora gutxian lortu dugun guztiarekin? Aurrerapen apartak egin ditugu! Feminismoak bestelako geroarekin amesteko aukera eskaini die pertsonei. Hori da feminismoaren ekarpen handiena. Oso une zailean gaude, kapitalismo bortitz eta zital honek ongizate estatua ezabatzea helburu duelako. Gerra-ondorengo ekarpen handiena izan zen ongizate estatua, hezkuntza zein osasuna jasotzeko milioika pertsonen aukera bakarra.

Niri izugarrizko ikara ematen dit ongizate estaturik gabeko geroak. Horren aurrean, baina, feminismoak kooperazio kultura bat dakar, bakearen eta giza eskubideen errespetuaren kultura bat, eta, beraz, oso bide garrantzitsua da. Noski, bestelako mugimendu garaikideekin batera ibili beharrekoa, datorrenari modu eraikitzeailean aurre egiteko.

Mugimendu feministaren zein lorpen nabarmenduko zenuke?

Haurdunaldiko lehen 12 asteetan abortoa erabat askea izateko eskubidea orain dela gutxi lortu dugu nire herrian. Hori luxu bat da iruditu zait. Amatasun libre eta nahierakoaren aldeko borroka, gainera, lehen borroketako bat izan nuen. Adostutakoa betetzea egiaztatu behar dugu orain, eta neska gazteek euren gorputzarekin eta sexualitatearekin nahi dutena egiteko aukera izatea ziurtatu.

Beste hamaika eskubideren alde ere egin behar izan dut, eta borroka horiek kausa garaikide eta unibertsal bihurtzeko, emakumeen giza eskubide izendatu ditugu. Berriz ere gizaki bihurtzea luxu bat da, ezta? [barreak]. Horretan guztian parte hartzea izugarria da. Borrokan egin ditudan lau hamarkadetan aldaketa nabarmenak eman dira.

Eta oraindik irabazi ez den borroka bat aipatu beharko bazenu, zein aukeratuko zenuke ?

Emakumeen Giza Eskubideak eta, bereziki, neskatoenak. Nire konpromiso behinena da. NBEk, gainera, munduko neskatoei eskaini die 2015 urtea. Euren egoera munduan nolakoa den ikertu nahi du. Oso garrantzitsua da neskatoen giza eskubideak babestu eta sustatzea. Nire herrialdean, Mexikon, milioika neskato daude pobrezian, marjinazioan, bazterkerian eta miserian. Gertutik bizi dudalako nago sentsibilizatuta, baita generoaren zein etniaren ikuspegietatik ere. Asko larritzen nau, etnian oinarritutako bazterkeria. Herri indigenak bere eskubideak eraikitzen ari dira oraindik. Horrelako dibertsitate etnikoa izateaz harro egon beharko ginateke eta, autonomia eta pertenentzia duten herri gisa aitortu beharko genituzke herri indigenak, benetako estatu demokratiko bat bihurtu ahal izateko.