ENEEK

Lursaguaren eta belatzaren alegia

Nekazaritza intentsifikatzearen ondorioz, lurren mekanizazioa galarazten zuten tarteko traba guztiak (zuhaitzak, heskaiak…) kentzea izan da joera. Logika bera jarraituz, monolaborantza urtez urte errepikatzearen eskutik etorri da pozoi kimikoen erabilera geroz eta handiagoa. Testuinguru horretan, hegaztien populazioek beherakada nabarmena izan dute Europa osoan. Alde batetik, lursailen kontzentrazioa erraztu asmoz zuhaitz zahar eta eskaiak kenduta, hegazti askoren bizitoki eta janleku ugari ere galdu dira. Bestalde, pozoien erabilerak, hegaztietan hilkortasun zuzena eragiteaz aparte, umaldietan eragina duela gauza jakina da, besteak beste, arrautzen oskola behar bezain gogorra ez izatea eragiten dutelako, txitak jaio baino lehen hiltzea ekarriz.

Nekazaritza eredu kimiko-intentsibo horrek badu zeharkako beste eragin bat; alegia, hegaztien elikadura-iturriak (intsektuak, harrak, karraskariak…) hiltzen dituela, hegaztien biziraupenari mehatxu eginez. Bioaniztasuna galtzeak zenbait espezie gainerakoei nagusitzea dakar eta horri, nekazaritzan, izurrite esaten zaio.

Lursaguak eta harrapariak, kudeaketa oker baten adibide esanguratsua

Nekazaritza jarduera eta bioaniztasuna zein neurritan elkarlotuta dauden erakusten duen adibide bat landa-lursaguaren izurria da. Lehorreko laboreetara ureztapena eramatearekin batera, Gaztelako mendi-larre hezeetan oso ohikoa den espezie horrek haranetako nekazaritza-lurretara egin zuen migrazioa. Harraparien populazioak oso gutxituta zeudenez, lursaguak segituan izurri bilakatu ziren, laboreetan kalteak sortuz. Honi aurre egiteko, 2007-2012 epean administrazio ezberdinek bi jokabide adostu zituzten: alde batetik, errodentizidak erabiltzea; bestetik, lursailen bazterretan zeuden eskaiak erretzea.

Pozoia erabiltzeak ez zuen zentzu handirik. Lursagu populazioen dinamika naturalean, boom ziklikoak ematen dira, gerora, janaria lortzeko lehia areagotzean edota gaixotasunak agertzean, modu naturalean berriz ere orekatzen direnak. Hau da, berdin da pozoia bota ala ez, lursagu izurriaren kolapsoa gertatuko da negua hurbiltzean. Harrapariak daudenean, kolapso hau azkarrago ematen da, eta lursagu populazioa ez da hainbeste igotzen, izurri ziklikoak desagertuz. Haatik, pozoiaren eraginez kalterik handiena harrapariek jasan zuten, hildako lursaguak janez pozoitu zirelako. Eskaiak erretzearen eragina, aldiz, hutsaren hurrengoa izan zen, lursaguei dagokionez, lurpeko tuneletan babes baitaitezke. Aldiz, erreketarekin kalteak sortu zizkieten gainontzeko espezieei, harrapariei, tartean.

Bitartean, zenbait elkartek (GREFA-CSIC-UVA) lursaguen kontrolerako ekimen esperimental bat jarri zuten martxan, kontrol biologikoa (habia-kutxen ezartzea) eta nekazaritzako jardunbide egokietan oinarrituta. Errodentizida eta erreketen bidez trataturiko guneetan ez bezala, eremu esperimental hauetan lursaguen zikloak kontrolatzea lortu dute eta, bide batez, bertako hegazti harraparien eta beste espezie askoren ugaritasun eta aniztasuna handitu egin da.

Gaztelako esperientzia ezagututa, bistakoa da irtenbiderik gomendagarriena dela harrapariak gure lursailetara erakartzeko teknikak indarrean jartzea. Baina, harrapariekin, bada zaindu beharreko beste kontu bat: jadanik etxe inguruan badauzkagu, harrapariak uxatu edota kaltetuko dituen esku-hartzerik ez egitea.

Harraparien garrantzia eta hauek mantentzeko beharra

Harrapari-espezie ezberdinek giza-eraikinak aukeratzen dituzte habia jartzeko. Hontz zuria da adibide garbiena: izan kanpandorreak, izan ganbarak, gizakiarengandik gertu bizitzea gustuko du hegazti honek. Hontza bat inguruan daukan baserritarra pozik egoteko moduan dago: egunero, 5 karraskari jaten ditu. Bikote batek, aldiz, 15.000 karraskari ehizatu ditzake urte bakarrean. Hontzek umaldi bat baino gehiago izan dezakete, eta horretan eragin handia du karraskarien populazioaren egoerak: umaldiak karraskari nahikoa dagoenean soilik egiten ditu.

Hontza baten bizitoki den eraikina berritzerakoan neurriak ez badira hartzen, ordea, litekeena da hegaztia hiltzea (irteera eta sarrerak tapatu zaizkiolako), edota betiko uxatzea. Hau ez gertatzeko, lehenik eta behin hontzari habi-kutxa bat ipini beharko litzaioke eremu hurbilean, alternatiba gisa. Ondoren, eraikinetik uxatu, hatzamarrak gurutzatu guk jarritako habi-kutxan gelditu dadin, eta, azkenik, eraikina berritu. Eraikina berritzeko garaian, gainera, modu erraz eta merkeak daude fauna erakartzeko egiturak integratzeko. Hau belatz gorriarengatik ere esan daiteke, ehiztari trebe honek askotan eraikinak aukeratzen baititu habia egiteko. Gainera, habi-kutxak oso ondo onartzen ditu. Belatz gorriek ez dute hontzek bezainbeste ehizatzen, baina, hala ere, belatz bikote bat aliatu garrantzitsua da nekazariarentzat, 3.000 karraskari ehizatzen baititu urtean.

Hortaz, agerikoa da harraparien garrantzia karraskarien kontrolean. Aipatu dugu landako eraikinak tentuz berritu behar direla hontzak edota belatzak ez kaltetzeko. Horrezaz gain, badaude beste esku-hartze mota batzuk harraparien presentzia errazteko. Habi-kutxak jartzea da horietako bat. Espezie bakoitzarentzat egokitutako habi-kutxa mota ezberdinak daude, eta erraza da hauek eraikitzeko planoak eskuratzea. Landa eremuetan zutoin altuak jartzen baditugu, harrapariek behatoki gisa erabiliko dituzte eta inguruko karraskariak ehizatuko dituzte.

Basoetan adin ezberdineko zuhaitzak egotea garrantzitsua da, zenbait harraparik (mozoloa, urubia edo apo-hontza, kasu) zuhaitz zaharretako zuloetan egiten baitituzte habiak. Era berean, landa eremuetan tartekatutako zuhaitzak ere interesgarriak dira harraparien behatoki edo habi egiteko gune gisa. Batzuetan, zuhaitz-belatza edo hontza ertaina bezalako harrapariek korbidoek aldez aurretik eraikitako habiak erabiltzen dituzte. Bele mota ezberdinek zenbait lekutan duten “ospe txarra” dela eta, ohikoa izaten da beraien habiak tirokatzea. Ekintza horrek ez du ez hanka ez buru, aliatu bat suntsitzea ere ekar baitezake, tartean harrapariren bat badago. Azkenik, zereala nagusi den eremuetan oso garrantzitsua da umaldiak lurrean egiten dituzten mirotz urdin zein zurien habiak bilatu eta txitek hegan egin arte bere horretan uztea, eta uzta jasotzeko itxarotea. Bi espezie horiek, egunean 2 eta 10 karraskari artean jateko gai dira.

* Azaitz Unanue ornitologoarekin batera egindako testua.