2015/05/23

Kronika
 
«AIROSA»: ARRANTZA ITSASONTZIA SEVERINE DABADIEREN BEGIEKIN IKUSIA

«Airosa» sei marineleko eskifaia duen itsasontzia da,1953an izan zen eraikia, Ziburuko Zokoa auzoan, Hiribarren anaien ontziolan. Eta oraindik lanean da, bizi-bizi. Severine Dabadiek txikitandik liluraz begiratu du perfekzioaren dama iruditzen zaiona. Eta zor zion liburu bat.

Jon GARMENDIA
Pd12_airosa3
airosa

«Gure badian, eta nekez Kantauriko hegian, ez da halako itsasontzi ederrik egun. Garai bateko sinboloa da ‘Airosa’, proportzionalki perfektua, polita, ikusgarria», esaten du emozioz Dabadiek. Umetatik maite du «Airosa»

«Bizimodu baten testigu izateaz gain, ‘Airosa’ baliabide ezinbestekoa da bertako marinelentzat, hari esker ateratzen direlako aurrera. Eta gu guztiontzat balore gainjarria du, anitzek bizi izan dugun garai baten azken testigua delako»

«Monumentu historikoaren izendapena du eta Frantzian nehoiz guti ikusi da hori, hau da, badira eraikinak izendapen horrekin, baina nekez itsasontzi bat; halere, 2002. urtea geroztik ondare historiko izendatua da»

«Airosa» sei marineleko eskifaia duen itsasontzia da, ia hamabost metroko luzera eta lau metroko habe nagusia duena; 1953an izan zen eraikia, Ziburuko Zokoa auzoan, Hiribarren anaien ontziolan

Oraino badago Ziburun kaskaroten historiarik oroitu eta kontatzen duenik; batzuek, gaztetan ikasi zituztela erraten dute, eta, beste batzuek, aldiz, ikusi egin zituztela. Baina emakume horiek XIX. mendean eman zioten fama Lapurdiko Itsas Hegian kokatutako herri ttipi honi; senarrek arrantzatutakoa buru gainean, oinez Baionaraino joaten ziren, arraina saldu eta harekin familia aitzina ateratzeko ahaleginari helduta. Hori baino askoz gehiago ere lortu zuten, ofizio bati luzaroan eusteko oinarriak jarri zizkioten. Izan ere, gizonen mundua dela uste den arrantzan, emakumeen ekarpena berebizikoa izan da, eskuarki, jendarteari begira bigarren mailan egon badira ere. Ziburu beti egon baita arrantzari lotua, nahiz eta munduarentzat aisialdi toki gisa edo Maurice Ravelen herri bezala ezagunagoa den; bolero famatuaren sortzailearen amaren ama, amatxi Sabine Delouart bera ere, kaskarota zen, eta askok jakin ez arren sorkuntzak eskaini zizkion Ravelek langintza horri. Egun ez da kaskarotik gelditzen, edo agian, eraldatu egin dira, badaudelako portura iritsitako arraina zuzenean saltzen duten emakumeak Ziburun, baita itsasontziko patroia denik ere, Bea Elissalde kasu. Baina, batez ere, itsasoa eta arrantza babesten dute beren alea eskainiz, dela Itsas Begia elkartean, dela beren proiektu propioa eginik.

Severine Dabadie argazkilaria da haietako bat, eta azken urteotan itsasoari lotutako lanekin interesatu da, arrantzaren lanbidea ilunetik argira ekartzeko, kontzientziak piztu eta hura babesteko ahaleginari bere harritxoa ezarriz. Elkar argitaletxearekin berriki plazaratu duen liburuak Ziburu eta Donibane Lohizuneko portuan ezaguna den itsasontzi bat du ardatz, “Airosa”, hegalaburra arrantzatzeko sortu zuten itsasontzia, bere garaiko azkena, bakarretan bakar. Arrantzaleen apez omonierra den Mikel Epalzak erraten duen bezala, «ez, ez duzue amets egiten, egia da! ‘Airosa’ da Donibane Lohizune-Ziburuko portuaren iragan ospetsutik, hau da, atun arrantzan txapeldunak ginen garaitik (1951tik goiti) bizirik atera den bakarra».

“Airosa –Écume de mer– Itsas aparra” izena du Severine Dabadiek proposatzen duen liburuak, argazki ederrez josia, testu paregabeekin idatzia. Christiane Etchezaharreta izan da idazlea, eta aldi berean argitaratua da frantsesez bezala euskaraz. Han dira Severinek sei hilabeteko denboran arrantzaleekin itsasora irtenda egindako argazkiak, kronika modura elkarri lotuak, itsasontziaren jabearekin egindako elkarrizketa, arrantzaleekin, eta baita itsasoari lotutako beste hainbat xehetasun ere, itsasontziei nahiz arrantzari buruzkoak. Baudelairen “L’homme et la mer” (Gizona eta itsasoa) olerkia ere apaintzen du liburuak, edo Amets Arzallus eta Sustrai Colinak espresuki egindako bertsoak. Mostra gisa, Colinaren hau: «Berdela baino garestiago erosten denetik alga/ abesti zahar bat da ‘Boga-Boga’, ahanzturaren hitza baga/ ‘Airosa’-ri so egiten zaio baleontziei gisara/ hauteskundeak dira kanpainak, sarea Interneta da.../ bakoitza gara mundu bat baina, noiz gurutzatuko gara?».

Liburuari buruz hitz egiteko hitzordua finkatu dugu Dababdie argazkilariarekin, eta nola ez, Ziburun jaso gaitu, itsas portuaren ondoan. «Itsasoari begira sortua naiz ni, anaiak eta gurasoak itsasoari estuki lotuak bizi izan dira. Ziburuko itsasargiaren parean bizi ginen bestalde, hargatik zen garrantzitsua niretzat libururako erabili dudan argazki bat; gauez ateratakoa da, ortzantza zen zeruan, eta itsasargiaren parean atzeman nuen kamerarekin tximista bat, kasualitatea izan zen, baina ilusio handia egin zidan atzemateak, eta hura ere liburuan sartu dut». Ia galderarik egin gabe, zergatia eskatu gabe emandako azalpenak dira horiek Severinen partetik, baina horrela testuinguruan kokatu gaitu.

Bestalde, mintzo den itsasargia erbesteratu errusiarren seme zen André Pavlovsky arkitektoak 1936an eraikiarazitakoa da, bi itsasargiak eraiki ziren garai berean, Ziburukoa eta Donibanekoa, marinelak portura sartzeko erreferentzia beharrezkoak, sinbolo bilakatu direnak, eta 1993 geroztik monumentu historiko izendatuak. «Justuki, hori du ‘Airosa’ itsasontziak, monumentu historikoaren izendapena, Frantzian nehoiz guti ikusi da hori, hau da, badira eraikinak izendapen horrekin, baina nekez itsasontzi bat; halere, 2002 geroztik ondare historiko izendatua da atungorria arrantzatzeko itsasontzi eder hau, eta horrek erran nahi du ongi zaindua izango dela bere bizitza bukatzen denean, lan egiteko itsasora ateratzeari uzten dionean. Garai berean eraiki ziren gehienak Capbreton inguruan hondoratuak izan baitira, Landetako uretan. Gobernutik diru laguntzak jasotzen zituzten arrantzaleek itsasontziak desagerrarazteagatik, hegalaburraren eskasia saihetsi eta birpopulaketan laguntzeko, baina, horrekin, Donibane Lohizune eta Ziburu arteko Urdazuri ibaiaren bazterretan lehorreratutako itsasontzi zaharrak, hau da, desarmatutakoak, suntsituak izan dira. Honela, ondare historiko bat hondoratu da, eta haietako itsasontzi bakoitzak merezi zuen museoren edo halakoren batean egotea». Tristura aurpegiarekin luzatzen digu kontakizuna Dabadiek.

Itsasontzi ederra, perfektua, ikusgarria

“Airosa” sei marineleko eskifaia duen itsasontzia da, ia hamabost metroko luzera eta lau metroko habe nagusia duena; 1953an izan zen eraikia, Ziburuko Zokoa auzoan, Hiribarren anaien ontziolan. Kroskoa haritzezkoa du eta bizkarra izeizkoa «Gure badian, eta nekez Kantauriko hegian, ez da halako itsasontzi ederrik egun. Garai bateko sinboloa da ‘Airosa’, proportzionalki perfektua, polita, ikusgarria. Gaur egun egiten dituztenek gaitasun gehiago dute arrantzarako, hobeki prestatuak daude, teknologia eta abar, baina bistarentzat ez dira hain eder ageri. Margolari handiek heien koadroak proportzioz nola, horrela egina da ‘Airosa’, perfekzioz; itsasoko uretan nabigatzeko egina da espresuki, erraztasunez, arinki, eta gutxi kontsumituz gainera, ez baitu olio asko erre beharrik bere proportzio perfektuei esker». Itsasontziari buruz duen jakintza eta maitasuna, biak elkartzen ditu Severinek adierazpen bakoitzean. «Itsasontzia altxor bat da bere baitan, sinbolo bat, eta ez hori bakarrik, gaur egun lanean dihardu, hau da, hari esker familia batzuk aurrera ateratzen dira, marinelek baliatzen dute. Adibidez, badian da ‘Patchiku’, garai bertsukoa, eta askoren laguntzarekin berreskuratua izan dena, baina paseo batzuk emateko baliatzen da soilik. Bizimodu baten testigu izateaz gain, ‘Airosa’ baliabide ezinbestekoa da bertako marinelentzat, hari esker ateratzen direlako aurrera. Eta gu guztiontzat balore gainjarria du, nolabait, anitzek bizi izan dugun garai baten azken testigua delako».

Amuarekin arrantzatzearen arteaz

Itsasontziaz mintzo dela profitatuz, bere abentura non hasi zen galdegin diogu, nola bururatu zitzaion lan honen argitaratzea, noiztik ezagutzen zuen eskifaia, eta nola egin zuen harremana, baina xehetasun horiek eman aitzin itsasontziaren zergatia agertzera lotu zaigu Severine: «Behar zen arrantza modua hobetu, atungorria, hegalaburra ere deitzen den arraina, desagertu egin zen gure kostatik, krisi handia heldu zen 1940tik aitzina, edo behintzat ez zuten lortzen hura arrantzatzea. Honela, 1949an Gaston Pommereau armadorea Kaliforniara joan zen, ikerketa egiteko asmoa zeukan, entzuna baitzuen han bazutela teknika bat atungorria harrapatzeko balio zuena, hau da, amu gisa erabiltzen den arrain ttipia, peita, bizirik nola mantendu ezagutzen zuten kaliforniar arrantzaleek. Teknika haren jabe itzuli zen Pommereau eta horrela praktikan jarri zuten hemen, Elissalde donibandarrarekin batera. Orduan, itsasontzi berriak eraiki ziren, eta urte oparoak heldu ziren hortik aitzina, amuarekin arrantzatzeko artea landu eta artistak bilakatu ziren hemengo marinelak. Sareen eta sekulako triskantzak eragiten dituzten itsasontzien garaia heldu zen arte, arrantza eta arrainen ekosistema errespetatzen duen teknikarekin jardun ziren hemengo arrantzale gehienak».

Interesa piztu digu bere ezagutzak, bai historikoak eta baita emozionalak ere, eta jarraitzeko eskatu diogu. «Kontatu didatena baino ez dakit nik, e? Argazkilaria naiz», irri egin eta hizketan jarraitu du: «Teknika horren aitzin, herrestan harrapatzen zuten atuna, itsasontziaren gibelean hari bat herrestan utzita, baina haztegiak garatu zituzten gero, peitak bizirik iraunaraztea lortu zuten, itsas ura etengabe berritu behar zen arraina konfunditu edo nahasteko, argi lanparak sartu zituzten. Guztiarekin atunaren arrantza berreskuratu zen, kontserbategi berriak ireki ziren, ontziak eraiki, lanpostuak sortu... Oparotasun urteak izan ziren».

Eta hor bai, liburuaren ideiari lotu zaio, nola bururatu zitzaion halako zerbait egitea agertzeari: «Aitzinetik banituen hiru argazki-liburu argitaratuak, kanpoko ohiturei buruzkoak, baita Euskal Herrikoak ere, baina ene buruan banuen arantzatxo bat, itsasoari lotutako zerbait egin beharra neukan, aspaldidanik nuen hori buruan. Eta ‘Airosa’... nola esan! Niretzat maitasuna zen, argazkiek behar dute sentimendua gainera, eta nik zinez maite nuen itsasontzi hori. Umetan, autobusaren zain egonda edo edozer kontugatik denbora librea izanda, portura begira igarotzen nuen nik denbora, hara joan eta arrantzaleei beha egonik. ‘Airosa’ nire umetako oroitzapen bat da, oroitzapen bizia, eta betirako damua ukanen nuen ez banuen orain egiten, bere ingurumarian hartuta, arrantzan, itsasoan, lanean ari zen bitartean, gero banekielako zaindua izango zela berdin, ez zutela suntsituko, baina ez zen gauza bera izango lanean hartzea edo geldirik, oraindik orain, familia batzuei jatekoa ematen baitie, ez da gozagarri bat, lan tresna bat baizik».

Sei hilabetez arrantzaleekin batera

Geldiunerik egin gabe, eta haria mantenduz, hor jarraitu du xehetasunekin: «Ideia izan eta Peio Etxeberri Aintxarti proposatu nion, hemengo Elkarreko arduradunari, eta hark laguntza handia eskaini dit hastapenetik, gutxitan izan dut hori aitzineko lanekin. Gero, baimena eskuratu nuen. Itsasora argazkiak egiteko ateratzea ahalbidetzen dizun baimena gaiaz arduratzen den itsas instantzian eskatu behar da, eta galdegin zidaten zein egunerako behar nuen, aldiz, nik erantzun nien hilabete batzuk behar nituela lan egiteko, eta baimena epe luzerako eskatu nien; harriduraz hartu zuten eskakizuna, baina baiezkoa eman zidaten azkenean. Gero, sei hilabete inguruz jardun nintzen arrantzaleekin batera, haiei sobera molestatu gabe, beraiek eta beren lana errespetatuz, saiatu nintzen ahalik eta traba gutxien egiten. Banekien Martinez familiarena zela itsasontzia, Didier Martinezena; gainera, bere seme ttipia ere, Vincent, hor ari da ofizioa ikasten, hura ere argazkitan hartu nuen, eta hori garrantzitsua iruditzen zait, nolabait, segida bat badela ziurtatzen duelako, eta arrantzaleak dauden artean itsas portuak lan izerdiz bizimodua ateratzen dutenen gunea izaten jarraituko baitu», segitu du kontatzen emozio biziz.

Didier Martinezen aita izan zen Nerou familiari itsasontzia erosi ziona 70eko hamarkadan. Espainiako Gerra Zibiletik ihesi etorritako bere aitatxik ireki zuen itsasoan lan egiteko ohitura familian; aita eta osaba ere arrantzaleak zituen, eta Didierrek luzaroan eutsi nahi dio bizimolde horri, hargatik hartzen du poz semeak interesa duelarik itsasoan. «‘Airosa’-ren jabeak harrotasuna baina gehiago interesa du itsasoarekiko, eta errespetua, itsasontzia ez da museoko pieza bat beretzat, baizik eta itsasoari kendu behar zaiona kentzeko tresna harmoniatsua. Nolabait, ‘Airosa’-ko arrantzaleak beti izan dira konforme arrantza mugatu beharrarekin, kuota bat ezartzearekin; argi izan dute legeek babestu behar dutela itsasoaren ustiaketa. Arte bat da haien arrantza, eskuz, kanaberarekin, amua baliatuta, hau da, itsas gizonak itsas zabalean, artisau-arrantza baliatuta. Bisigua, legatza, urraburua, lupia... nola arrantzatzen diren jakiteko manera bakar gisa. Eta legeek kuota murrizten diete justuki haiei, itsasoa gehien errespetatzen dutenei, itsasontzi erraldoiei eta sareekin dena arrantzatzen dutenei baimenak luzatuta, hori salatu egin behar da», aitortu digu Severine Dabadiek.

Garai baten testigantza bizia erretratuz hartu duen argazkilariak, agian, luzaz iraungo duen arte bat, eta ‘Airosa’ itsasontzia betirako gure begien erretinetan utzi duenak.