Oier Gorosabel
Fisioterapeuta eta osteopata

Haurrek traba egiten digute

Gaurkoan ere nire espezialitatetik kanpoko eremu batean sartzera noa. Baina ez dut beldurrik: eskola adinean dauden umeen gurasoa naizen neurrian, badakit pedagogoek eta irakasleek gure ikuspegi eta iritziak beti ongi hartzen dituztela.

Guraso batzuk kexaka ibiltzen dira zenbait okasiotan umeei opor egun gehiegi ematen ei zaizkielako (aratusteak, Aste Santua, eta abar). Gauza asko entzun izan ditut jolastokiko maremagnumean curriculumeko ordu kopuruei, lan txandei edota zaintza hobeto antolatzeari buruz. Beste ikastetxeetan hutsune horiek betetzeko aktibitate “stresskolar” gehiago antolatzen direla, eskolako instalakuntzak publikoak direnez horrelako zerbitzuetarako hobeto aprobetxa daitezkeela eta antzekoak ere entzun izan ditut. Zalantza barik, gauzak hobeto antola daitezke, baina, protestok entzuten ditudan bakoitzean, beti sentsazio bera izaten dut. Esan gabe geratzen den zerbait izan ohi da (inor ez baita horrelakorik ahoskatzera ausartzen, nori, eta norbere seme-alabei buruz!), baina halere azpiko mezua argi-argia da: oporretan dauden haurrek traba egiten digute, urduri jartzen gaituzte, arazo bihurtzen zaizkigu.

Ez naiz ni antzinako eredua aldarrikatzen hasiko: haur guztiak kalean bueltaka, batzuetan ez oso aktibitate eredugarrietan ibiltzen ginenekoa (zigarroak erretzen, elkarri harrika, zabortegietan olgetan...). Besteak beste, horrek etxe bakoitzean full time etxekoandre bat eskatzen duelako; egun osoa etxean garbiketa lanetan edo lapiko artean pasatuko duena, alegia. Kalean dabilen umeak tinbrea jotzen duen bakoitzean atea irekiko duen norbait. Baina denborak aldatu egin dira: gaur egun guraso biek etxetik kanpoko bizitza izaten dutenez, haurrak kaletik solte ibiltzeak kezka sor diezaieke. Ulertzekoa da. Halere, haurrak haur dira, berdin da nagusion premiak edo nahiak zeintzuk diren. Horrela, iraganeko sistemak ez digu balio, eta gaur eguneko egoerara egokitu behar dugu.

Gure ikastetxearen kasuan, haserretutako gurasoak eta beti lagundu nahian dauden irakasleak adostasun batzuetara ailegatu ei ziren: hasteko, gurasoei inkesta bat pasa zitzaigun. Eskolarik gabeko egun luze horietan aisialdiko aktibitate gehiago antolatzea aztertzea adostu zen, monitore gehiago ekartzeak eragingo lituzkeen gastuen aurrekontu eta guzti. Izan ere, gurasoak zerbitzu gehigarri horrengatik ordaintzeko prest agertu ziren. Beraz, arazoak konponduta zirudien.

Ez da horrela, nire ustez. Izan ere, neurriokin arazoaren funtsetako bat ukitu gabe geratzen baita, guraso askoren pentsamoldearena hain zuzen ere. Goian aipatutako inkesta hori, oker ez banago, gurasoei, aisialdiko begirale boluntarioei eta irakasleei pasatu zitzaigun bakarrik, egun eztabaidagarri horietan jai hartu edo oporra beste nonbaitera mugitzeko proposamenak jasotzeko (jaiegunak ezin baitira kendu, beste barik). Halere, norbaiten iritzia falta zen; umeena, alegia. Zer moduz honako galdera hau egingo bagenie: zer duzue nahiago, aisialdi aktibitate gehiago ordaintzea... ala gurasoekin denbora gehiago egotea? Ez da oso azkarra izan behar haurren erantzuna zein izango litzatekeen asmatzeko.

Badakit guraso batzuk haserretuko zaizkidala hau entzunda, baina ikastetxeetako zerbitzuak ez dira gutxi: lanera goiz doazenei, haurra goizeko zazpi eta erdietan lagatzeko aukera ematen zaie; bertan bazkal dezakete; arratsaldeko klaseen ostean eskolaz kanpoko jarduerak daude... Eta ikastetxeetatik kanpo ere badira hainbat akademia, kirol ekintza eta aisialdirako aukera, haurren afal ordura bitarte. Baina batzuendako gutxiegi da nonbait! Esango nuke batzuek, posible balitz, gustura utziko lituzketela umeak ikastetxean esnatzeko momentutik lokartzeko ordura bitartean. Baina horretarako... zertarako haurrak ekarri? Ez gaitezen harritu egun amaieran, etxera ailegatzean, gure umeek ez badute lotara joan nahi. Normala da gurekin egoteko duten une bakarra aprobetxatu nahi izatea... •

http://www.abante.eus