Mikel Zubimendi

Aldaketaren politikak ez du flagelazio erlijiosorik behar

Erlijio monoteistetan zentzua izan ohi du flagelazioak. Fededunek bekatuaren ideia behar dute, damuarena, lurrean bekamenarena, erruaren sentimendu hori gabe salbazioa ezinezkoa dutelako. Mistikoek eta santuek praktikatu zuten flagelazioa, euren gorputz bekatariak dominatzeko bide bezala. Egun ere, kristau arrunt askok, bereziki Aste Santuan, edo musulman xiitek, Axura egunean, praktikatzen dute. Politikan, ordea, flagelazioa ez da ulergarria, nahiz eta modakoa egin dela uste dudan. Bereziki hauteskunde osteko irakurketa eta adierazpen publiko batzuei erreparatuz gero.

Egia da egungo politikan eskandalu eta autoflagelazio moralaren gose handia dagoela, ausiki eta melankolia tonuak oso nabarmenak direla, ezkortasun antzua eta kritika amorratua paisaiaren baitakoak. Euria diharduenean jendea busti egiten den bezain egia da, halaber, baikortasun dosiak ematen dituen autokonplazientzia desagertze zorian dela. Eta okerrak, demontreak eta marmarrak nabarmentzen dituen autoflagelantea izurri bilakatu zaigula. Baina erlijioa eta politika nahasiz, diagnosian aditu asko eta neurri zuzentzaile, erabaki zehatz eta zorrotz gutxi ditugu, eta, horrela, oker gabiltza. Aldaketaren politikak gauza asko eta maila oso handia behar baititu, baina flagelazio erlijiosorik ez.

EH Bilduren emaitzei begiratuz gero, gozotik eta gazitik dastatu eta hauteskunde ziklo zinez zaila datorrela gogoan, neurrian datza bertutea. Eta herri panoramika bat barneratzean. Imajinatzen baititut anaia-arreba nafarrak Gipuzkoatik datorren flagelazioarekin apur bat harrituta, haserretzen hasita ere bai. Eta ulertzen dut hala izatea. Gaizki egin direnak aitortu, bale, baina sartu eta irten. Aitorpena, zuzentzeko neurriak hartu eta lana, lana erruz eta umil, eta lana pasioz biziz eta disfrutatuz. Ausart eta heldutasunez, zorrotz eta muineraino joaz.

Aldaketaren politika batek maila askotako kontraesanak sortzen ditu. Politikoki pentsatzeko modua eta gure buruaz pentsatzen duguna aldatzea eskatzen du, beste hark esango lukeen legez, mentalitateen iraultza bat; gure gabezia, ezin eta errakuntzei begietara begiratzea eta orain arteko gauza asko egiteari uztea. Hori guztia orain arteko jende berdinak ardura berdinetan egin behar ote duen beste kontu bat da. Atera beharreko lezioak sinesgarri egiten dituen ala ez, zailtasunak biderkatu ala ezinezko bilakatzen ote dituen eztabaidatzekoa baita.

Badago besterik ere. Aldaketarako baldintza objektiboen inguruan asko hitz egin eta idatzi da, aldaketarako denborak direla hauek, gizartearen gehiengo bat alde dagoela... Jendeak aldaketa nahia edukitzea eta aldatu nahi izatea, ordea, ez direla gauza bera ikusi da. Aldaketaren dinamika sistema sozialetan ondo aztertu behar baita, oinarri sano eta praktikoez hornitu, lidergoa, zuzendaritza, autoritatea edo eragina bezalako kontzeptuen inguruko lotura eta argipena egin. Epe luzeko gogomira eta epe luzeko moldagarritasun kultura bat eraikitzea, bizpahiru printzipio sustrai eta gaizki ulertutako koherentziaren izenean erlijio egiten diren gai sektorialak beti adaska, behar bada kimatuz eta beharrezkoa bada baita moztuz ere. Kontu asko behar ditu aldaketaren politika batek, baina batez ere bi: jende izan eta jendea beti igorle eta hartzaile dela barneratzea; eta, bestetik, “gutarra” ez den jendearekin gogobihotz aritzeko konbikzioa. Eta ahalegin horretan, sor daitezkeen tentsioak ongi etorri, eta, kontraesanak, aurrerabide.

EH Bildu “bekatari” bilakatzea eta are bere kudeaketa instituzionala okerren zaku egitea onartezina da. Nagikeria intelektualetik baino ezin da EH Bildu flagelatu. Bere mugak eta kultura berri baten beharra aitortuta, xarma, indar eta irismen handia baitu. Demontrea ez dago hor, inolaz ere. Sortu zirenak sortuta, desagertu behar direnak konpostatzen jakitean dago erronka, estilo politiko eta antolaketa eredu berri bat konpaktatzeko ongarri bihurtuz. Kide onenak gidari, lurralde errealitate eta data zehatzetara itzultzea asmo. Aberria helburu, beti-beti kultura politiko eta lagunarte berri baten ardatz. •