Mikel IBARGOIEN

BIDEA IREKIKO DUEN DESAFIOA?

Zita historikoa izan zen iragan igandekoa, Alatzne Etxaburuak eta Irati Astondoak bi emakumezkoren arteko lehendabiziko apustu mistoa –aizkoran eta segan– jokatu zuten eta. 45 ontzako lau enbor ebaki ostean segan jardun zuten ordubetera iritsi arte. Astondoak aizkorako lanak ia bi minutu lehenago bukatuagatik, Etxaburuak 217 kilo belar gehiago ebaki zituen, eta, ondorioz, berarentzat izan ziren partaide bakoitzak jokaturiko 2.000 euroak.

gara-2015-06-12-Crónica

Segalariak izatez baina aizkoran ere ausartak/ emakumeak izanagatik apurtu ditugu markak/ Alatzne eta ni mugarria jartzen ze neska apartak/ orain jarraitu dezala bero guk piztutako txinpartak». Bertso horixe bota du Irati Astondoak –bertsolaria ere bada– apustuak zuen esanahiaz eta garrantziaz galdetuta. Desafioa gauzatuta beste aurrerapauso bat eman dute emakumeek kirol munduan, eta, zehazki, herri kiroletan. Izan ere, gizonen arteko apustuek sona handia dute gurean baina emakumeen kasuan orain artean ez zen erreferentziarik. Hala, Astondoak esan bezala, Zizurkilgo zita mugarri izan daiteke, behin lehen harria jarrita segida emateko.

Aurreikuspen guztiak bete zituzten

Ikusmin handia sortu zen apustuaren atarian eta egunean bertan ere jendearen erantzuna aparta izan zen, 700 lagunetik gora bildu baitziren. Bi modalitate desberdin uztartuta emakumeek jokatzen zuten estreinako apustua zen eta Etxaburuak eta Astondoak egindako lanak bertan elkartutako ikusleak ase zituen. Bi partaideek erakutsi zuten prestaketa lan bikaina burututa oso egoera fisiko onean iritsi zirela hitzordura, eta goi mailako ikuskizuna eskaini zuten erronkak iraun zuen ordubetean.

Halaber, bazegoen bestelako berezitasunik, izan ere, segan espezialista handiak izan arren, ez batak ez besteak ez zuten aurretik aizkora probatu. Beraz, ez zegoen arlo horretan egingo zuten lanaren gaineko erreferentzia errealik eta horrek jakin-mina are eta handiagoa bihurtu zuen. Dena den, kirolariek aurreko egunetan egindako adierazpenak aintzat hartuta, aizkoran Astondoa hobeto moldatuko zen ustea zabalduta zegoen. Aitzitik, aurreikuspen guztiak hankaz gora geratu ziren lanari ekin bezain pronto Etxaburuak lehenengo enborra aurretik moztu zuenean. Sorpresa handia izan zen Etxaburuarentzat, eta, baita, Astondoarentzat berarentzat ere: «Alatzneri beti entzuna nion aizkoran oso gaizki ikusten zela, eta ni berriz, ondo aurkitzen nintzenez, oso lasai joan nintzen lan txukun bat egiteko ideiarekin. Lehia hasi zenean Alatzneren kolpeak mantsoago entzuten nituen, eta, hortaz, gauzak ondo zihoazela pentsatzen nuen, baina mikrofonotik Alatznek lehen enborra aurretik amaitu zuela entzun nuenean sekulako kolpea jaso nuen, oso urduri jarri nintzen eta horrek kalte handia egin zidan», kontatu du Astondoak.

Halere, pixkanaka erritmo egokia topatuta gorantz egin zuen Astondoak eta bigarren enborra mozterako aurretik jarri zen 15 segundoko abantailarekin. Tartea gehiago handitu zuen hirugarren eta laugarren enborretan, baina, haatik, Etxaburua gustura geratu zen aizkoran burutu zuen lanarekin: «Nik aizkoran 5-6 minutu galtzea espero nuen. Entrenamenduetan sekula ez nintzen horren ondo ibili, eta, beraz, uste nuena baino diferentzia txikiagoarekin iritsi nintzen bigarren zatira».

Trantsizioa oso azkar egin zuten biek ala biek, ez zuten galdu nahi segundo bakar bat ere. «Inoiz ezin da jakin apustua nola amaituko den. Gerta zitekeen kilo gutxi batzuengatik erabakitzea eta ezin zen denbora alferrik galdu», azaldu du Astondoak.

Astondoa segan minutu eta 53 segundoko abantailarekin hasi zen arren, aizkoran egindako esfortzutik ez zen behar bezala errekuperatu eta deseroso sentitu zen belarra mozten: «Aizkoratik beteta atera nintzen eta asko kosta zitzaidan egoerari buelta ematea. Fisikoki ez nintzen gaizki sentitu baina buruak huts egin zidan. Hasieran jasotako kolpeak asko erasan ninduen».

Belarra etzanda eta nahastu samarra zegoen, baina Etxaburua primeran egokitu zen eta erakustaldia eman zuen. Hori bai, atzetik joateak sorturiko tentsioa tarteko bizi-bizi hasi zen segan egoera lehenbailehen iraultzeko asmoz, ez zuen sorpresarik nahi. «Nahiz eta aizkoran espero baino hobeto aritu eta uste baino denbora gutxiago galdu, lehenengo belar sailean itsu-itsuan aritu nintzen. Laguntzaileek ere lasai utzi ninduten nire martxan tarte horretan. Gero, lehen sail hori aurretik amaitzean lasaitu nintzen zertxobait eta haiek markaturiko erritmoan jarraitu nuen».

Ordubeteko epea igarota epaileek amaierako txistua jo zutenean emozio handiko uneak bizi izan ziren, eta, ordura arte aurkari izandakoak, haien laguntasuna berreskuratuz eta kiroltasun handia erakutsiz, besarkada bero batean urtu ziren. «Oso lagunak gara baina laguntasun hori aparte uzten dugu lehian ari garenean. Hor bakoitzak bereari begiratzen dio eta helburu bakarra irabaztea da. Hori bai, lanak amaitzean lehian gertatutakoa atzean geratzen da eta berriro ere berdin jarraitzen dugu», kontatu du Etxaburuak. Zaleek ere gozatu ederra hartu zuten eta bi kirolarien lana txalo zaparrada ozen batekin eskertu zuten.

Lanak amaituta belarra pisatzea eta irabazlea nor zen jakitea besterik ez zen falta. Astondoak zigor bat jaso zuen belarra narrasago mozteagatik eta 20 kilo kendu zizkioten, baina horrek ez zuen eraginik izan azken emaitzan eta merezimendu osoz gailendu zen Etxaburua 1.496 kilo ebakita. Astondoaren marka, ostera, 1.279 kilokoa izan zen.

Normala den moduan bataren eta bestearen balorazioak arras desberdinak izan ziren. Alde batetik, Etxaburuaren zoriona: «Ikuskizun ederra eman genuen eta jendea gustura geratu zen. Gainera ez nuen irabaztea espero eta garaipena niretzat zela ikusi nuenean sekulako poza sentitu nuen. Hasi aurretik segan denbora gehiegi galtzeko beldurra nuen baina dena primeran joan zen eta kristoren poza azkenean». Eta bestetik, Astondoarengan amorrua: «Pozik nago egindako lanarekin baina pena ere badut irabaz nezakeela uste dut eta. Alatzne segan ni baino gehiago dela jakinagatik aizkoran erraztasun gehiago emango zizkidala uste nuen, baina ez zen hala izan. Bestalde, emakumezkoen apustu bat egiten zen lehen aldia zenez eta sorturiko ikusmina ikusita, jendea gustura geratzea ere nahi genuen, baina ororen gainetik nik irabazi egin nahi nuen, eta, beraz, aho gustu gazi-gozoa geratu zitzaidan».

Gakoa laguntzaileen mezuan

Behar besteko prestakuntzarik gabe oso zaila da kirolean emaitza onak pilatzea, baina fisikoa bezain garrantzitsua da alor psikologikoa ere. Burua hotz mantentzea eta kirioak kontrolatzea ezinbestekoa da plazan nork bere maila eman ahal izateko. Hori da, ordea, bi protagonisten gabezia nagusia. Biek aitortzen dute urduritasun handiz atera ohi direla lehiara. «Ni plazara oso urduri joaten naiz beti, ezer ikusten ez dudala. Nahiago nuke epaile bat entrenamendu batera etorriko balitz eta orduan neurtuko balu nire lana plazara joan beharrik izan gabe. Zentzu horretan buruak ez dit asko laguntzen eta horregatik entrenamenduetan egindakoa txapelketan egitea meritu handiko zerbait da niretzat», zehaztu du Etxaburuak.

Halaber, igandean etxean zuen hitzordua eta hori ere askotan mesederako baino kalterako izaten da kirolarientzat: «Etxean ezagun askoren aurrean aritzea polita da, baina, era berean, ondo egin nahiarekin presio handiagoa jartzen diozu zure buruari…». Gauzak horrela, laguntzaileen lana garaipena lortzeko funtsezkoa izan zela esaten du: «Igorrek eta Iñakik oso ondo gidatu ninduten eta beraiek une oro transmititu zidaten patxada izan zen gakoa. Ez ninduten estutu inongo unetan. Ezinean nagoenean estutzen banaute behera egiten dut, baina hauek beti lasaitasuna transmititzen didate eta hori ezinbestekoa da niretzat».

Bi emakume kirolari

Astondoak betidanik izan ditu oso gertu herri kirolak, izan ere, bere aita – Pabi Astondoa– erreferente bat izan da segan eta trontzan eta bera ere probatzera animatu zen. 14 urterekin sega lehenbizikoz heldu zuenetik aita izan du bidelagun. Apurka-apurka hobetuz joan zen heinean plazara irteten hasi zen. Egun, 24 urte ditu eta gaztea izanagatik esperientzia mordoa du pilatua bizkaitarrak.

Etxaburuaren kasua, berriz, guztiz kontrakoa da. Betidanik kirolaria izan den arren –igeriketan eta bizikletan ibilia da–, duela bost urte Zizurkilgo festetan segan aritzea proposatu zioten arte sekula mundu horretara gerturatu gabea zen. Hasieran ez zuen argi ikusten, baina, azkenean, animatu egin zen. Probatu eta gustatu: «Oso-oso goxoa da, atsegina. Aizkora bortitzagoa da, kolpekako zerbait, baina sega pasa eta belarra nola erortzen den ikusteak segan jarraitzea eskatzen dizu. Erakarri egin ninduen».

Hasieratik egokitu zen ondo segara eta bost urte hauetan bere bilakaera ikaragarria izan da. Egun, bera da emakumeen artean espezialistarik onena: «Ni kalekoa naiz eta zerotik hasi nintzen, ezer jakin gabe eta biziorik gabe. Lehen egunetik txapelketako sega nola egiten den erakutsi zidaten eta hori nire mesederako izan zela uste dut». Aurreko asteko erakustaldiaz aparte, bere lorpenen artean da 2013an erdietsi zuen Euskal Herriko Txapelketa bera.

Astondoa aspalditik zebilen apustu bat egiteko nahiarekin. Etxaburuari luzatu zion lehendabiziko proposamena korrika eta segan egiteko izan zen baina honek ez zuen onartu korrika eroso sentitzen ez delako, eta kontua bertan behera geratu zen. Handik hilabete batzuetara Astondoak apustua jokatu zuen, baina gizon baten aurka, Jokin Garmendiarekin neurtu zituen indarrak. Desafioa baldintza beretan ordu erdian nork belar gehiago ebaki zen, jokoan 600 euro jarrita. Garmendiarentzat izan zen garaipena 380,5 kilo ebakita. Astondoaren marka, berriz, 340,5 kilokoa izan zen.

Duela sei hilabete inguru berriro ere apustuaren gaia mahai gainera atera zuten. Orduko hartan Etxaburuak aizkoran eta segan egitea proposatu zion Astondoari: «Biak sekula aizkoran ibili gabeak ginen eta zerotik hasi behar genuen inork abantailarik izan gabe. Gainera, herri kirol garrantzitsuenetarikoa da eta aukera polita iruditu zitzaidan». Astondoak onartu egin zuen erronka. Desafioa urtarrilean itxi zuten Tolosako Kantabriko tabernan, herri kiroletako apusturik gehienak lotzen diren tokian, hain zuzen.

Ordutik buru-belarri jardun dute prestaketa lanetan, sakrifizio handia eginez. Kezka gehiena modalitate berrira nola moldatuko ziren jakiteak sortzen zien eta horretan jarri dute indarra bereziki. Egokitzapen prozesuan Etxaburuak izan zituen arazo gehien: «Asko entrenatuagatik ez nuen asmatzen eta denak mareatu nituen». Astondoaren sentsazioak, berriz, onak izan ziren hasieratik: «Aizkoran, egia esanda, oso ondo moldatu naiz. Hasieratik egokitu nintzen nahiko ondo eta oso esperientzia polita izan da».

Prestakuntza eta buruturiko esfortzu hori guztia agerian geratu zen biek lehian eman zuten maila ikusita. «Bai Alatznek eta baita nik ere erakutsi genuen fisikoki oso ondo gaudela eta horrelako probak egiteko gai garela».

Apustu gehiagorako bidea

Astondoarentzat kolpe gogorra izan zen apustua galtzea eta nahiko burumakur amaitu zuen. «Aurreko apustua ere galdu egin nuen eta orain berriro galtzea gogorra izan da. Garaipen bat behar dut nire buruari gai naizela esateko». Hausnarketa eginda ondorio bat ere atera du: «Segan asko gozatzen dut, baina 180 graduko aldaketa bat egin eta berriro zerotik hasi behar dudala uste dut».

Testuinguru horretan bolada batez apustuak albo batera utziko dituela dio Astondoak, baina, hasieran aipatu moduan, beraiek piztutako txinparta ez itzaltzea espero du: «Emakumeen apustuak hasiko balira izugarri poztuko nintzateke, herri kirolentzat eta Euskal Herriarentzat oso ona litzatekeelako». Iritzi berekoa da Etxaburua ere. «Beti dago aurreneko aldi bat. Gu ikusten izan ziren aizkoran eta trontzan aritzen diren emakume batzuk eta ea kontua mugitzen hasteko eta haiek ere animatzeko balio duen. Nik dakidala aizkoran ez da emakumeen txapelketarik jokatu eta Nafarroan egingo ote den zurrumurruak daude. Oso positiboa litzateke».

Baserriko lanetan parean; jendaurreko desafioetan, ezkutuan

«Esta señorita, muy agraciada físicamente, realizó numerosas exhibiciones públicas de su fuerza y destreza por toda la geografía guipuzcoana bajo la dirección de Errekartetxo». Horixe eta gutxi gehiago gorde da liburuetan Damasa Agirregabiria itziartarrari buruz. Alboko argazkian –1936. urtean Indalezio Ojangurenek egindakoa– harria jasotzen agertzen den emakumea da, ondoan Errekartetxo harri-jasotzailea duela. Errekartetxok tarte dezente handiagoa lortu du entziklopedietan. Horrela kontatu izan da historia.

Emakumeen arteko desafiorik apenas izan den Euskal Herriko historian. Eta izan badira, apenas kontatu diren. Damasa Agirregabiriari buruz kontatzen da Lasturko plazan aritu zela herriko jaietan harria jasotzen, eta 100 kilokoa altxatu zuela. Balentria hura lortu zuenean hogeita gutxi urte zituela eta emakume indartsua zela ere nabarmentzen dute beren begiz harria jasotzen ikusi zutenek. Baina ez omen zen bera balentria horiek oso kontatu zalea.

Etxe barruko plaza eta jendaurrekoa

Emakumea betidanik ibili izan da baserriko lanetan etxeko gizonen pare-parean. Plaza hori, etxe barrukoa, bere egin du emakumeak. Baina apenas atera den jendaurreko plazara, apustura eta desafiora. Hori gizonezkoen plaza izan da, nahiz eta herri kirolen historian barna izan diren orrialde propioak idatzi dituzten emakume gutxi batzuk.

1908ko martxoan Donostiako hainbat egunkaritan jaso zuten Maria Jesus Ezeizak beste edozein emakumeri botatako desafioa: zeinek egin lehenago Deba eta Zumaia arteko bidea oinez. Ordurako ezagunak omen ziren Aralarko lasterkarien arteko apustuak. Lasterkariak, emakumeak denak, egunero igotzen ziren herritik mendira artzain zebiltzan etxeko gizonei jatekoa eta edatekoa eramatera. Eta joan-etorri horietan maiz aritzen ziren beren arteko erronkan.

Ezeizak egunero egiten zuen Debako bere etxearen eta Andutz mendiaren arteko bidea, eta sasoi ederrean zegoen. Eta desafioa publiko egin zuen, ordura arte inor egitera ausartu ez zena. Izan omen ziren desafioa jasotzeko prest zeuden emakumeak, baina, azkenean, Gobernuak berak debekatu egin zuen apustua, apaiz zenbaitek egindako eskaerari men eginez.

Aipatu bezala, emakumeen arteko desafioen berri apenas iritsi den egunotara. Emakume eta gizonezkoen arteko bateren baten berri asko jota. Hartara, Maria Asuncion Azeo Ezkerraren kasua nabarmentzekoa da, 60ko hamarkadan sona handia izan baitzuen. 37 urte zituen oiartzuarrak eta lau seme-alabaren ama zen. Segalari bikaina zen eta hori jendaurrean erakusteko aukera izan zuen, beste emakume askok ez bezala. Senarrak antolatu zion lehen apustua, 1967ko ekainean.

Nonbait Larraza eta Olatzenekoa beren arteko apustua ixteko geratuak ziren Oiartzungo Toki Alai jatetxean eta Olatzenekoa berandutu egin zen. Eta Azeoren senarrak esan omen zuen bere emazteak hark bezainbeste egingo lukeela segan. Etxera bueltatu zen Maria Asuncioni esanez apustua antolatu ziola San Pedro egunez. Hilabete baino ez zuen entrenatzeko.

Antonio Larraza Urtizberea izan zuen parean, oiartzuarra hori ere. Hernaniko Jauregi baserrian jokatu zen apustua eta jendetza bildu zela kontatzen dute garaiko kronikek. Garaiko Federación Atlética Guipuzcoana beraren aktan dioenez, «el éxito fue apoteósico. ¿Cuántos expectadores había? ¿Diez mil? ¿Doce mil?».

Ikusmin handia zegoen, garai hartan apenas ikusten baitzen emakumerik jendaurrekoan herri kirolen munduan. Eta, gutxiago, lehian. Denak harrituta geratu omen ziren Azeo galtza luzeak jantzita agertu zenean, denak gonarekin joatea espero baitzuten.

Ordubetean gizonezkoak emakumezkoaren bikoitza moztuko ote zuen zen kontua. Bakoitzak 50.000 pezeta jokatu zituen.

Amaieran, Larrazak 2.325 kilo ebaki zituen eta Azeok, berriz, 1.896. Aise irabazi zuen, beraz. Adituen esanetan, oso txukun aritzen zen segan Azeo eta garbi samar zegoen hasieratik irabazi egingo zuela.

Handik hilabete batzuetara beste apustu bat jokatu zuen Polipasorekin, garai guztietako segalari onentsuenarekin. Orion jarri zuten hitzordua urriaren hasieran. Azeo ez omen zen oso gustura aritu, osasunez makal samar omen zegoen-eta egun hartan. Baina, hala ere, irabazi egin zuen. Orduan ere Polipasok Azeoren bikoitza ebaki behar zuen irabazteko. Ez zuen lortu, Polipasok 2.193 kilo ebaki zituen, eta Azeok, 1.652.

amagoia.mujika@gaur8.info