Koldo Sagasti

Difteria kolektiboa

Girona aldean difteriak kutsatutako haur baten aferak alarma guztiak piztu ditu iritzi publikoan. Ustez, duela 30 urte desagertutako izurriteak haren kontrako txertorik jaso ez zuen umea jo du, eta ondokoengana ere hedatzeko arriskua dago. Bakterioak ongarriztatutako eremua topatu du Kataluniako eskualde hartan, izan ere, bertan haurren %3 gaitz infekziosoaren aurka txertatu gabe daude; ez munduan leku askotan bezala txertoa eskura ez dutelako, gurasoek seme-alabei immunizazioa ukatzea erabaki dutelako baizik.

Haurren txertaketaren aurkako iritzi korronteak gero eta jarraitzaile gehiago dauzka ustezko terapia alternatiboen aldeko hautua egiten dutenen artean. Gustu guztietakoak daude, oinazea begi ninian irakurtzen dizutenetik hasita, minbizia meditazioaren bidez sendatzen dutenetara arte. Baina sineskeria horiek guztiek, “alternatibo” abizena eransten badute ere, komuneko ezaugarriak dauzkate betiko erlijioekin: ez dago sendabidearen eraginkortasuna bermatzen duen zantzu zientifikorik, sinistu egin behar da, eta kito; eta ez dute onartzen haien dogmak kolokan jarriko dituen kritikarik, kritika hori arrazoibide zientifikoz jantzita badago ere.

1553an kristauek sutan erreta hiltzera kondenatu zuten Miguel Servet zientzialaria, odol zirkulazioaren berri ematera ausartu zelako; Galileo Galilei ere gaitzetsi egin zuen Eliza Katolikoak, 1633an, orduko sineskeria geozentrikoak ezbaian jarri zituelako. Pentsaera zientifikoak beti eragin ditu susmo txarrak, buruari eragitea baino erosoago egiten zaigulako itsu-itsu sinistea, pentsaera kritikoak inguratzen gaituen errealitatea kolokan jartzera eramaten gaituelako. Serveten garaietan inor gutxi ausartu zen izainen bidezko tratamendua zalantzan jartzera, eta milaka lagun hil ziren odolustuta. Gaur, munduko txoko honetan behintzat, gaixotasunari aurre egiteko tresnak ditugun pribilegiatuetakoak gara, baina sinesterrazagoak egiten zaizkigu izainak, haurrak odolusteraino. •