Mikel IBARGOIEN
OIARTZUN KIROL ELKARTEA

Emakumezkoen futbolaren aitzindari eta erreferente izandakoa, berriz lehen mailara

Oiartzun Kirol Elkartea futboleko lehen mailara itzuliko da, 23 urteren ostean. Liga nagusitasunez irabazita eta igoera fasean zailtasun handiko bi kanporaketa gaindituta lortu du helburua. Apaltasuna oinarri izanda, harrobia landuta eta egitura eredugarri bati esker, emakumezkoen futbolaren aitzindari eta erreferente izandakoa goi mailara bueltan da.

Oiartzun Kirol Elkartea emakumezkoen futbolaren aitzindari eta erreferenteetako bat izan zen, bere urrezko aroan liga bat eta bi kopa irabazi zituelarik. Duela 23 urte, ordea, arazo ekonomikoak medio, futboleko maila gorenean jarraitzeari uko egin behar zion eta ordudanik bigarren mailan jardun du, itzalean lanean. Aurten, ordea, balentria ikaragarria egin du, lana ondo eginez eta eredu egoki bati jarraiki txikitasunean gauza handiak egin daitezkeela erakutsiz, eta hurrengo denboraldian berriro ere onenekin izango da lehian. Horretarako, bide malkartsu bati egin behar izan dio aurre. Izan ere, azken denboraldietan bost aldiz jokatu ditu igoerako play off-ak, baina saiakera horietan guztietan kale egin ostean, seigarrena izango da balekoa.

Olatuaren aparretan

«Epaileak txistua jo eta igoera gauzatu zenean, sekulako poza sentitu nuen. Saltoka, negarrez, emozio pila bat izan nituen batera, ezin nuen sinetsi», kontatu du Nerea Abancensek. Alazne Inziartek ere bere ametsa egia bihurtu dela aitortu du. 15 urte daramatza Oiartzunen jokatzen eta herriko taldearekin maila gorenean jokatzea ikaragarria izango da berarentzat. Anne Mugarza Realarekin lehen mailan jokatutakoa da, baina oraingoa desberdina dela dio: «Guk lortu dugu igoera eta horrek askoz balore handiagoa du». Jon Alkorta entrenatzailea ere oso harro dago bere taldeak lortu duenaz. «Urte asko generamatzan helburu honen atzetik eta azkenean saria iritsi da. Hemen jendeak lan asko egiten du, borondate handiko jendea dago eta horrek guztiak fruituak eman ditu».

Eskuratu duten lorpenaren neurrikoa izan da hedabideetatik jaso duten arreta eta aste osoan erakusleihoan egon dira. «Astelehenean, lanerako bidean, egunkarietako azaletan agertu ginela ikustean negarrez hasi nintzen, emozioz. Gero, irratian Mugarza entzutea ere oso berezia izan zen», azaldu du Inziartek.

Taldeko presidente Koldo Fernandezek ere kea dariola eduki du mugikorra aste osoan. «Niri egoerak gainezka egin dit eta oso urduri igaro dut aste osoa. Hedabideetan izan duen oihartzuna ez nuen espero inondik ere. Astelehenean jai hartu nuen eta asteartean, lanera joan nintzenean, burua beste leku batean nuen eta ez nekien zertan ari nintzen ere».

Momentuaz gozatzen ari diren arren, kritika ere egin dute: «Ematen du orain bakarrik jokatu dugula futbolean eta urte asko daramatzagu lanean. Presentzia urte osoan jasotzea gustatuko litzaiguke eta ez orain bakarrik, lehen ere existitzen ginen», argitu du Mugarzak.

Bi kanporaketa zail

Galizian gauzatu zen igoera, El Olivo taldearen aurka. Etxean 2 eta 1 irabazita iritsi zen Oiartzun itzulerako partidara eta emaitza arriskutsua zenez, Abancensek aitortu du partidaren ataria tentsioz bizitu zutela: «Asko genuen jokoan eta ondorioz urduri samar zelairatu ginen. Pixkanaka, ordea, egonkortu egin ginen, eta gurea emanda, partida aurrera ateratzea lortu genuen». Galizian ere 1 eta 2 gailendu zen talde gipuzkoarra. Kanporaketaren gakoa non egon zen galdetuta, ondorengoa erantzuna: «Geldikako jokaldiak erabakigarriak izan ziren, 4 golak modu horretan sartu genituen eta».

Lehen kanporaketa, ordea, Madrilen aurka jokaturikoa, beste kontu bat izan zen, eta joaneko partida 4 eta 2 galdu ostean, majo sufritu behar izan zuten kanporaketa hura gainditzeko. «Emozio pixka bat emateko galdu genuen lehen partida», kontatu du umorez Inziartek. Txantxak aparte utzita, hauxe azaldu du: «Teknikoki oso talde indartsua zen eta gauzak oso zail jarri zizkiguten. Egiten zuen beroarengatik fisikoki ere pixka bat behera egin genuen eta garesti ordaindu genuen. Gainera, zortea ez genuen alde izan, sartu zizkiguten 3 golak ikaragarriak izan ziren, gutxitan ikusten dira horrelakoak».

Partida hartatik burumakur atera ziren, kanporaketa erabat aldapa gora jarri zitzaielako, eta berriro ere azken pausoa eman ezinik geratzeko beldurra bertatik bertara sentitu zuten. Hala, jokalariak animatzen eta haien aukerak oraindik ere errealak zirela sinetsarazten igaro zuen astea Alkorta entrenatzaileak: «Egia da hasieran triste zeudela, baina segituan eman zioten buelta egoerari, neska indartsuak dira».

Lantegi zaila izanagatik, entrenatzailearen mezu baikorra barneratuta, haien maila emanez gero kanporaketa iraultzea posible zela sinetsita zelairatu ziren, eta aparteko ikuskizuna eskainita, 4 eta 0 menderatu zuten Madril. Beraz, gol festa ikaragarri batekin eta egoerarik makurrenean bere aurpegirik onena erakutsita lortu zuen hurrengo kanporaketarako txartela Oiartzunek. «Denboraldiko partidarik onena egin genuen. 4 gol sartzeaz gain, primeran jokatu genuen futbolean. Atsedenaldira 2 eta 0 aurretik iristeak ere lasaitasun handia eman zigun, momentu horretan kanporaketa bideratua genuen eta», nabarmendu du Mugarzak.

Jokalari guztiek egin zuten oso partida ona, baina guztien gainetik Evelyn Santosen ekarpena goraipatu behar da, aurrelariak 3 gol sartu baitzituen. «Monumenturik ez diogu egin, baina patxaran bat ordaindu genion, kar, kar, kar. Sekulako jokalaria da eta partida horretan erakutsi zuen. Egun handietan, beti nabarmentzen da. Gainera, aurten bigarren mailako golegilerik onena izan da eta hori ez da kasualitatea».

Partida horiez haratago, denboraldi osoa izan da borobila. Izan ere, bigarren mailako bere multzoan Oiartzun nagusitasunez izan zen txapeldun, liga 70 punturekin amaituta. Jokaturiko 26 partidetatik 22 irabazi zituen eta gainerako laurak, berriz, berdindu. Hau da, ez zuen partida bakar bat ere galdu. Orotara 113 gol sartu zituen eta 13 baino ez zituen jaso. «Neska hauek lehiatzeko eta entrenatzeko duten jarrera ikaragarria da. Ilusio handia dute eta esfortzu handia egiten dute zentzu guztietan, horrelako talde bat gidatzeaz oso harro nago», azaldu du Alkortak.

Familia bat dira

Arestian aipaturiko datuak ikusita, argi dago Oiartzunek talde sendoa duela. Horrela definitzen du Inziartek: «Oso talde ona eta orekatua dugu: defentsa sendoa, erdian gaitasun handiko jokalariak eta aurrean abiadura handia. Halaber, jokalari gazteak eta esperientziadunak ditugu». Inziarteren deskribapena entzunda, «dena daukagu» gaineratu du Mugarzak barre artean, «hurrengo urtean, Txapeldunen Ligara».&hTab;

Dena den, ezaugarri horien gainetik haien arteko batasuna eta giroa nabarmendu dituzte, familia baten modukoa omen da taldea. Hori da, hain zuzen, haien indargune nagusia, entrenatzailearen ustez ere: «Gakoa da benetako talde bat garela. Gure artean sekulako giroa dago, familia txiki baten modukoa gara eta horrek indar handia ematen digu. Momentu zailenetan ere denon artean egiten dugu aurrera». «Taldean giro aparta dago eta jokalari asko horrek erakarrita etortzen dira Oiartzunera. Guk ez daukagu bestelako saririk –ez dute ezer kobratzen– eta horrelako gauzak asko baloratzen ditugu», azaldu du Mugarzak.

Familia horretako kidetzat dituzte zale guztiak ere. Haien berotasuna lortu dutena lortzeko mugarri izan dela uste dute guztiek eta asko eskertzen dute bultzada hori. «Galiziara joateko, autobus bat bete zen eta beste hainbat kotxez joan ziren. Guztira 80 bat pertsona joan ziren gu animatzera eta gradaren heren bat bete zuten. Partida osoan ez ziren isildu eta animo horiek guztiak oso garrantzitsuak izan zen guretzat», kontatu du Abancensek.

Partidara abiatzeko ordua iritsita hoteletik irten zirenean, kanpoan topatu zituzten zaleak esperoan, izarrak bailiran, eta oso momentu berezia bizitu zuten: «Hoteletik atera eta zaleak ikustea ikaragarria izan zen, horrek partidari aurre egiteko indar handia eman zigun», esan du Mugarzak. Zelaira iritsitakoan, harrobiko taldeko neska batzuk topatu zituzten, «zuen jokoa gure eredu» jartzen zuen pankarta batekin, eta horrek ere asko hunkitu zituen.

75.000 euro igoera berresteko

Zelaiko eginbeharrak burututa, azken pausoa bulegoetan ematea falta da. Izan ere, ekonomikoki oso bestelako esfortzua eskatzen du lehen mailan jokatzeak: «Aurten, emakumezkoen taldearen aurrekontua 18.000 eurokoa izan da, eta hurrengo urterako, gutxienez 75.000 euro beharko ditugula aurreikusten dugu. Hori da bidaiak eta hotelak ordaintzeko beharko duguna, izan ere, gure taldeko jokalariek ez dute ezer kobratzen eta politika hori aldatzea ezinezkoa da guretzat», zehaztu du Fernandez presidenteak. Krisiaren eraginez babesleak lortzea are eta zailagoa den arren, negoziazioak bide onetik doazela onartu du eta baikorra da: «Azken orduko ezustekorik ezean, hurrengo urtean lehen mailan jokatuko dugu».

Ligako taldeen aurrekontuei dagokionez, desberdintasun handiak daude. Azken urteetan liga irabazi duen Bartzelonak, esaterako, 400.000 euro inguru bideratzen ditu emakumezkoen taldera. Bertako jokalariek baldintza hobeak izateaz aparte, kontuan hartu behar da Txapeldunen Liga ere jokatzen duela.

Gainerako talde apalagoak, berriz, zifra horietatik urrun daude. Liga 9. postuan amaitu duen Santa Teresak 140.000 euroko aurrekontua du. Horietatik 80.000 euro bidaiak ordaintzeko baliatzen ditu eta gainerako 60.000 euroak bestelako gastuetarako. Kopuru horretan sartzen dira jokalariei egiten dizkieten ordainketak: 100 eta 500 euro bitartean kobratzen dituzte.

Aitzindari eta erreferente

Gaur egun, emakumeak kirola egitea eta futbolean aritzea normaltzat hartzen den arren, urte batzuk atzera errealitatea erabat desberdina zen. «Guk askoz zailtasun handiagoak izan genituen. Garai hartan, gaizki ikusia zegoen emakumeak futbolean aritzea eta joera horren kontra borroka egin behar izan genuen. Segi fregatzera, gelditu zaitez etxean, senarra zaindu ezazu eta horrelakoak askotan entzuten genituen, baina futbola horrenbeste gustatzen zitzaigunez, komentario horiei ez genien jaramonik egiten. Horiek entzunda are eta gehiago aldarrikatzen genuela esango nuke». Garbiñe Etxeberriaren testigantza da hori, egungo Realeko emakumezkoen taldeko koordinatzaile eta 20 urtez Oiartzungo futbolaria izan zenarena.

Futbolean jokatzen zuten gainerako neska apurrek bezala, mutilekin jokatu behar izaten zuen Etxeberriak ere, orduan ez baitzen emakumezkoen talderik. «Ni ez nintzen arraro sentitzen. Nik futbolean jokatu nahi nuen eta hori zen modu bakarra. Ildo horretan, familiak beti lagundu izan nau eta hori oso garrantzitsua da».

Joera harekin apurtuz, Borobil izeneko emakumezkoen taldea sortu zuten Oiartzunen, Iñaki Artolaren eskutik. «Oiartzunen, futbolean jokatzen zuen neska multzo bat zegoen, Artolaren alaba tartean. Denak elkartu eta talde bat sortzea erabaki zuten». Pare bat urte iraun zuen Borobilek. Epe hori igarota, Oiartzun Kirol Elkarteak bere egituraren barnean sartu, emakumezkoen atala sortu eta haien aldeko apustu sendoa egin zuen. Proiektu aitzindari hartan izan zen, Artolarekin batera, Karla Lekuona ere. Geroago, Koldo Fernandez –egungo presidentea– eta Joxe Gaztelumendi batu ziren, besteak beste. Denek sekulako lana egin zuten, eta urte gutxiren buruan, emakumezkoen futboleko erreferente bilakatu zen Oiartzun. Hara heldu zen Etxeberria ere, ilusioz beterik: «Guretzat ohorea zen Oiartzunen jokatzea, orain Realean jokatzearen modukoa zen».

Talde hura pixkanaka haziz eta garatuz joan zen, eta neurri berean, lorpenak eskuratzen hasi zen, ez edonolakoak gainera: 1986-1987 eta 1987-1988 denboraldietan Kopa irabazi zuen eta handik 3 urtera, berriz, 1990-1991 denboraldian, beste koxka bat gora egin eta liga bereganatu zuen. Oiartzunen urrezko aroa izan zen hura. Etxeberria zen orduko kapitaina eta oroimenean presente ditu bizipen haiek guztiak: «Tituluak irabazitakoan, herriaren eta Udalaren harrerak ikaragarriak izan ziren, hori ez zait sekula ahaztuko. Nire bizitzako etapa oso berezi bat izan zen hura, bertan ikasi nituen kirolak eta futbolak dituen balore guztiak eta gaur egun naizena Oiartzuni esker naiz».

Etxeberriak asko eskertzen du Oiartzunek egindako lana, eta, batez ere, jaso zuten tratua goraipatu du: «Baliabide gutxi genituen arren, beti mutilen baldintza berdinak izaten genituen: materiala, ordutegiak, zelaiak… Hori asko eskertzen da, hori transmititu egiten da eta horregatik dago Oiartzun dagoen lekuan».

Oiartzunekin batera, Añorga izan zen Estatuan barrena Gipuzkoako futbola ezagun egin zuena, baina bi talde horiez aparte, beste hainbatek ere norabide berean lan mordoa egin zutela eta egiten jarraitzen dutela dio Etxeberriak: «Gipuzkoako futbola oso famatua izan da Estatu mailan. Oiartzun eta Añorga ziren erreferenteak, baina Anaitasuna, Eibar, Dunboa, Zarautz eta beste hainbat taldetan ere oso lan ona egin da. Horiei guztiei esker gaude orain gauden lekuan».

Erronka zaila

Emakumezkoen futbola asko garatu da azken urteetan eta lehenengo mailako exijentzia oso handia da. Jokalariak eurak horren jakitun dira eta badakite garai bateko emaitzak lortzea ezinezkoa izango dela. Halere, itxura ona emateko esperantza dute: «Hurrengo urtean, orain Mundiala jokatzen ari diren jokalariak izango ditugu aurkari, horietako asko gure erreferenteak dira, eta, beraz, errespetu handia diegu, baina beldurrik ez», argitu du Mugarzak.

Erronka berriari aurre egiteko aldaketa txiki batzuk aurreikusten dituzten arren, ez dutela iraultzarik egingo adierazi du Altunak: «Salto ikaragarria da, eliteko mailan jokatuko dugulako, baina, dena den, aurtengo jokalari multzoari eutsiko diogu. Badakigu kasu gehienetan gu baino gehiago diren taldeen aurka jokatuko dugula, baina horiei ere aurre egiteko esperantza dugu».

Oiartzundik Bartzelona, Valentzia eta Atletico Madril taldeak igaroko dira, besteak beste. Halaber, Athletic eta Realaren aurkako derbiek esanahi berezia izango dute. Reala eta Oiartzunen arteko demetan bihotza erdibituta izango du Etxeberriak, bere iragana eta oraina elkartuko baitira. Haatik, argi du orain kolore txuri-urdinak defendatzea egokitzen zaiola: «Esker oneko hitzak baino ez ditut Oiartzunentzat, baina orain Realaren alde egin behar dut».

Bidea erraza izango ez dela jakin arren, ilusioz beterik daude Oiartzungo jokalariak eta borroka egingo dutela eta aurkariei gauzak zail jarriko dizkietela konbentzituta daude: «2012. urteaz geroztik, etxean ez dugu partida ofizialik galdu, eta, beraz, kostako zaie hemendik puntuak eramatea». Hurrengo denboraldiaren amaieran kazetariek zein titular jarri beharko dugun galdetu diegu amaitzeko eta argi dute zein izango den: «Oiartzunek salbazioa lortu du».