Iñaki Altuna

Prozesu politiko osoari erantzuteko erronka

Hauteskundeak izan berriak, Nafarroan aldaketa politikoa, Parisko Konferentzia, astebukaera honetan Gure Esku Dago ekimena bost hiriburutan... Bai, gauza asko eta oso garrantzitsuak ditugu urte politiko honen amaieran. Udaren bueltan ere giroa ez da nolanahikoa izango, hilabete gutxiren buruan izango diren Espainiako hauteskunde orokorren usainak dena hartuko baitu. Horregatik, hainbeste elementu daudelako mahai gainean, ezkerreko independentismotik sakoneko aldaketa politikoak eta sozialak eragin nahi dituztenek eskema orokor bat osatzen saiatu beharko lukete erronka osoari eta desafio bakoitzari prozesu politikoaren parametroetan ekin ahal izateko, hau da, “Zutik Euskal Herria” ebazpenak abiarazitako prozesuaren parametroetan aurrera egin ahal izateko.

Esatea egitea baino errazagoa da, jakina, baina zenbait kontu begien bistakoak ere badira. Baga, Estatua une honetan bereziki betikoari eusten eta ezegonkortasuna sortzen saiatuko da ETAren gaian. Batek baino gehiagok dio Biarritzeko etxean sekulakoa aurkitzea espero zuela Madrilek. Bere mezua: ez da ez armagabetze adosturik ez aldebakarreko armagabetze txukunik izango, suntsitze prozesu bat baizik. Beraz, norbaiti interesatzen ez bazaio agonia-prozesurik, horixe ETA bera da.

Biga, burujabetza prozesu baten abiapuntua ez da alderdien arteko aurreakordio batetik etorriko, EAJko zuzendaritzak ez duelako nahi. Espainian gobernu aldaketaren zain, gaur egungo EBBk EAEko estatusaren gaineko gaia modu mugatuan jarriko du mahai gainean, oraingoz ezinezkoak diren indar guztien arteko adostasuna eta Madrilekin paktua osagaitzat jo. Denbora irabazi nahiko du, eta horrela hurrengo legealdi autonomikoan barrena sartu. EAJren posizioa mugitzeko bide bakarra dago: bere oinarri sozialari ere eragingo dion giro egokia sortzea. Gasteiz eta Andoain izan ditugu bi adibide. Ardanzaren garaia ez baita erreferentzia positibo bat.

Higa, burujabetza prozesuak, nolanahi ere, egungo egitura juridikoen aldaketa, moldaketa, erreforma edo dena delakoarekin topo egingo du. Eztabaida etorriko da, Estatuan sortuko delako eta gurean ere, lurralde ezberdinetan, beharra dagoelako. Herri sektore ahalik eta zabalenak asetzeko eta motibatzeko gai izango diren proposamenak plazaratzeko gai izan beharko dira benetako aldaketa nahi dutenak, herritarren artean gero eta errotuago dagoen erabakitzeko eskubidea gako izanik.

Laga, herri gogoa erabat asetzeko –edo estatuek asetzea galarazten dutelako– independentismoak etorkizunerako proposamen bat egin beharko du. Helmuga erakutsi eta helmugaren ezaugarriak azaldu beharko ditu, ez baita euskal herritarrentzat –ongizatea eta eskubide oro bermatzeko– independentzia baino etorkizun hobeagorik egongo. Ezin du izan atzera begirako egitasmoa, hurrengo hamarkadetako euskaldunen beharrizanei erantzuteko ahalmena izango duen proiektu bat baizik. Modu adierazgarrian esatearren: autonomismo hutsetik edo Estatuaren batasuna zalantzan jartzen ez dituzten proiektuetatik datozen sektoreak ere independentziaren apustura hurbildu ahal izateko eskaintza egin beharko du, are gehiago estatuek tarteko aterabide egokiei ezetz eta ezetz erantzuten badiete.

Boga, hori dena gauzatu ahal izateko hainbat sektore, askotarikoak, ibilbide ezberdinetakoak batuko dituen erreferentzia politikoa indartu beharko dute ezkerreko independentistek. Fronte Zabala kontzeptua maiz entzuten ari da azkenaldian. Oinarri eta kultura politiko berria garatu beharko du, lehenago egindakoaren jarraipen hutsa bada ez baitu arrakastarik izango.

Sega, burujabetzaren apustua hegemoniko bilakatzea izan behar du erronka, baina unean uneko eta tokian tokiko errealitatera egokituta, akordio eta elkarlanaren garrantzia nabarmenduta. Aldaketa gogoak ez du erreferentzia bakar bat izango. Nafarroak hasi duen bideak eman dezake ikasgaia. •