Ramon Sola

Aldaketaren lehentasunak eta lehengaiak

Angulak eta swaparen metafora sarri erabiltzen dugu GARAko erredakzioan, ederki laburbiltzen baitu egungo kazetaritzaren ahulguneetako bat. Zubietako errauskailuaren proiektuari lotutako bi albisteri dagokie adibidea. Bata zein bestea 2013. urtearen hasieran, aste eskas batzuetako tarteaz, zabaldu ziren. Lehenik angulena ezagutu zen: Zubietako egitasmorako beharrezko finantziazioa lortua zela ospatzeko-edo, bazkari batean eta afari batean 2.860,65 euro gastatu zituzten orduko Gipuzkoako gobernariek. Hortik gutxira, swaparena aireratu zen; errauskailuaren proiektua itzulezina egiteko asmoz, blindaje gisa horrelako finantza kontratu itsusia kontratatua zuten orduko gobernari berdinek. Azken horren «faktura» angulena baino nabarmen garestiagoa zitzaien Gipuzkoako erakundeei (300.000 euro hilero, antza). Bai kopuruagatik, bai helburuagatik, bigarren auzi hori berez larriagoa bazen ere, gu gehienon gogoan angulak gelditu dira artxibatuta, ez swapa. Esan gabe doa, albiste batek zein besteak oso trafiko ezberdina eragin zutela sarean...

Betidanik ziurtatu izan da irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela. Egia izaten jarraitzen du horrek, baina komunikazioaren paradigma modernoan beste zerbaitek hartu dio aurrera irudiari: anekdotak. Swapa kontratatzeak zekarrenaren aldean, geroko ospakizunean bapo gelditu izanak ia anekdota itxura besterik ez baitu hartzen. Baina askotan gure nahiaren kontra, kazetariok jakin badakigu zein azkar eta zein urruti hel daitezkeen horrelako kontu arinagoak, edonorentzat erraz ulertzekoak (zer esanik ez swap baten funtzionamenduaren aldean!), tabernako barran ezarrita edo autobusaren zain zaudela ondokoari erraz azaltzekoak, eta txiste, meme, txutxu-mutxu eta abarretarako egoki-egokiak. Irakurleek swapari arreta gehiago eta angulei gutxiago eskaintzea nahiko genuke, baina gero eta zailago zaigu, eta ondorioz, anekdotaren aldera gero eta gehiago jotzen dugula esango nuke.

Publikoa berbera izanik, politikan ere indartzen ari da joera hori. Anekdota, detailea, keinua, performancea... lehenik osagarri edo apaingarri baino ez zena ekinbide politikoaren erdi-erdian jartzeko tentazioa hor da, boto-emailaren arreta eragiten duen neurrian. Oso adierazgarria da, esate baterako, Nafarroaren aldaketaren inguruan sortzen ari diren arretagune bitxiak: Bianako Printzearen sariaren izena Uxue Barkosek aldatuko ote duen, Iruñeko txupinazoa jaurtitzeko ardura Joseba Asironek nori emango ote zion, hemengo eta hango udal agintari berriak beren herrietako prozesioetara joango ote diren... Keinuen erabileran gehiegikeria ere azaleratu da; Nafarroako Legebiltzarraren eratze ekitaldian arduradunek euskara eta erromaniera baino ez zutela erabili entzutea edonor zur eta lur uzteko modukoa da, are harrigarriagoa hori jarduera politiko ezaguna duten Ainhoa Aznarezen zein Koldo Martinezen eskutik gertatu denean.

Ez dakit ba. Aukeran, iraultza antzeztea baino, hobe aldaketa egitea. Itxurazko kontuek itxurakeria azkar ekar dezakete, eta hainbatetan, aldaketaren benetako gauzatzeari kalte egin diotela ikusi da Gipuzkoan (ikasi al da?), jende ugari indiferentziatik EH Bilduren aurkako botoa ematera pasaraziz. Nafarroan, aldaketak lehentasunak finkatu beharko ditu, hain garrantzizkoak ez diren kontuak alboratuz edo atzeratuz (edo zuzenean bertan behera utziz), eta benetako ekintzak anekdota eta keinu hutsen gainetik jarriz. Eta argi izanda lehentasunak zehazteko eginbehar hori ezin duela kaleko jendeak egin, horren ardura duten ordezkari politikoek baizik.

Horrekin batera, aldaketak, lehentasunez gain, lehengaia ere behar du ezinbestean; hots, herriaren gehiengoaren atxikimendua. Egonkortu ez ezik, zabaldu egin behar den gehiengo berria (Gipuzkoako adibidea ispiluan berriz). Egungo politikagintzak, ekintza sakonez gain, keinu sinbolikoak behar dituela ukaezina da garai nahasi hauetan, baina tentuz eta kontuz, azkenean angula arinek ez dezaten swap astuna guztiz irentsi. •