Aimar Etxeberria Korta
ERRALDOIAK ETA BURUHANDIAK

Tailerrean eginiko objektu estatiko soilak, dultzainaren soinupean bizia hartzen dutenak

Hiru hamarkada luze daramate Garate anaiek erraldoiak eta buruhandiak egiten. Irunen duten tailerrean dituzten bitartean, ordea, plazara dantza egitera ateratzeko esperoan dauden objektu estatiko batzuk besterik ez dira. Aitor Aiestaran gaztearen jarduna da haiei bizia ematea, euren izateari zentzua ematea dultzainaren soinupean.

Hiru hamarkada baino gehiago daramatzate Garate anaiek –Xabier eta Benito– buruhandi eta erraldoi artean. 80ko hamarkadaren lehenetan sartu ziren mundu horretan, ofizio bezala baino, zaletasuntzat zuten munduan. Denborarekin, ordea, afizioa ofizio bilakatzea lortu dute, akatsetatik ikasiz, euren jarduna garatzea eta sendotzea lortu baitute.

Existitzen zen tradizio bati jarraipena ematen ari direla diote beraiek, garai batean, Gerra Zibilaren eta Frankismoaren ondorioz batez ere, galtzen joan zen tradizio bati, hain zuzen. «Erregistro historikoetara joz gero, XVII. mendera atzera egin behar dugu buruhandi eta erraldoien jatorria aurkitzeko», azaldu du Xabier Garatek. Gorpuzti egunaren karietara agertzen dira buruhandi eta erraldoien lehenengo erreferentziak, baina konnotazio erlijiosoa izan dezaketen ustearen aurrean, adierazi du buruhandiek eta erraldoiek ez dituztela pertsonaia erlijiosoak irudikatzen.

«Zorionez, garai modernoetara buelta eginda, Frankismoaren amaieraren ondoren herriak bere egin zituen erraldoi eta buruhandiak, eta pertsonaia herritarrak bilakatu ziren hauek», aldarrikatu du. Ofizio ugari irudikatzen zituzten pertsonaiak egiten hasi ziren, baina, horiez gain, pertsonaia mitologikoek ere indar handia dute mundu honetan.

Eurek diotenez, «gazteago eta axolagabeago» zirenean ekin zioten erraldoi eta buruhandiak egiteari. «Garai gogorrak ziren 80ko hamarkadan bizi izan genituenak, krisi sakonean bizi baikinen», azaldu dute. Garai gogorrak izanagatik ere, mugituak ere baziren, zinez. Horrek, arriskuak parez pare izatea zekarren arren, ate asko irekitzeko aukera ematen zuen, eta horretan ziharduen kale antzerkiak, etorkizunari begira ate berriak irekitzen. Ate horiek aurkitzeari ekin zioten Garate anaiek ere, kale antzerkiaren eskutik.

«Kale antzerkian ziharduten taldeekin hasi ginen lanean, denboran zehar galtzen joan zen zaletasun edo ofizio batek utzitako zuloa estaltzen», azaldu dute. Pixkanaka, ordea, egiten zituzten lanak gustatzen hasi ziren herritarren artean, eta udaletxe askotatik eskaerak jasotzen hasi ziren. Irakasle edo tutorerik ordea, ez dute izan; akatsetatik ikasi dute, denborarekin. Prestakuntzari dagokionez, ez batak ez besteak, ez dute arte plastikoekin zerikusia duen ezer ikasi. «Umetatik nuen margotzeko zaletasuna, eta horri tiraka sartu nintzen mundu honetan. Berezkoa dudan zerbait dela esan dezaket», azaldu du Xabier Garatek. Are gehiago, garai hartan, Arte Ederrak edo antzeko zerbait ikastea familia oneko pertsonentzat soilik zela gogoratzen du: «Baliagarria izango zen zerbait egin behar zenuen, eta gurea ezertarako balio ez zuen kontu bat zen». Horregatik dio eginez ikasi duen ofizioa dela berea, denboran zehar sortu zaizkion arazoei irtenbideak bilatuz ikasia.

Denborarekin sendotzen

Ofizio honetan daramatzaten urte guztien bilakaera nabarmena dela adierazi dute Garate anaiek. «Hasieran, udaletxe batek eskaera bat egiten zigun, erraldoi bikote bat, lau bat buruhandi... herriko jaietan ateratzeko. Edozein herritarri eskatu eta hor ateratzen ziren kalera, propina baten truke», azaldu dute. Gaur egun, aldiz, kontua profesionalizatzen ari dela uste dute. Soilik horretara dedikatzen diren konpartsak daude, eta horiek ere euren jarduna garatzen ari dira. «Finean, ikuskizun osoago bat eskaintzen da gaur egun duela 30 urtekoekin alderatuta». «Dantza asko garatu da, teknika ere asko hobetu da –jarraitu dute–, baita erraldoiak eramateko modua ere. Urteetan zehar sendotzen joan den mundua da erraldoi eta buruhandiena».

Eta horren adibide izan daitezke hainbat herritan, Azpeitian kasu, antolatzen diren erraldoien dantza lehiaketak. Azken urte hauetan, krisia dela eta, gisa horretako ekimenek behera egin badute ere, ziur dira datozen urteetan, egoerak hobera eginez gero, berreskuratzen joango direla, erraldoien elkarretaratzeak, esaterako. «Ikuskizun bikainak izan ohi dira, gaiten soinuarekin lagunduta. Konpartsen arteko ‘pikeak’ eta guzti izaten dira», dio Xabier Garatek.

Irudimenari bidea libre utzi nahian

Egun, batez ere udaletxeekin egiten dute lan Garate Anaiek, zuzenean nahiz zeharka. Elkarte edo konpartsa ezberdinek, erraldoi eta buruhandiak erosteko propio egiten dituzten diru bilketez gain, horiei eskatzen dizkiete eta diru laguntzak. Eskatzen dizkieten lanei erreparatuz gero, eurek urte hauetan zehar eginikoen antzekoak eskatzen dizkietela aitortu dute. «Lan berriren bat eskatzen digutenean gure beste lanen erreferentziekin etortzen zaizkigu gehienetan, batean edo bestean ikusi duten gure lanen baten erreferentziarekin», azaldu dute. Beste herriren batean ikusitakoa eurenera eraman nahi duten udalak izan ohi dira gehienbat eskaerak egiten dizkietenak.

Baina, erreferentziak erreferentzia, irudimenari ere bere bidea egiten utzi behar zaiola uste dute Garate anaiek. «Nahiz eta gure aurreko lanen antzekoak eskatzera etortzen zaizkigun, beti ahalegintzen gara itxura berriak ematen. Batzuetan, herriko pertsonaia ezagun baten argazkiekin etortzen zaizkigu, eta geure erara moldatu behar izaten dugu. Ez dugu erretraturik egin nahi», diote. Irudimenarena, ordea, aurka etorri daitekeen zerbait dela onartu du Xabier Garatek: «Gerta daiteke zuk zerbait irudikatzea baina errealitatean nola egin ez asmatzea, edo alderantziz. Okerragoa da irudikatu duzun hori baino hobea den zerbait egitea!».

Eurak dira, ordea, kritikoenak egiten duten lanarekin. Zentzu horretan, azaldu du Xabier Garatek bere lan bat berak eginiko aurreikuspenen %60ra iristen bada, bezeroek ontzat emango dutela. «Hortik aurrerako guztia ikaragarria izango litzateke, nahiz eta jakin %100era behin ere ez zarela iritsiko, irudimena errealitatea baino harago doalako», azaldu du.

Eta oker egongo ginateke uste izango bagenu lana udan soilik egiten dutela, herrietako jaien karietara. Garate anaiek diote eurek urte guztian egiten dutela lan, entrega daten arabera urte sasoi batzuetan lan karga gehiago izaten badute ere. Batez ere, aitortzen dute udarari eta inauteriei begira izaten dutela lan gehien. «Udari begira gertatzen dena da, jasotzen dugun enkargu bat egiteko gutxi gorabehera hilabete edo hilabete eta erdiko epea behar izaten dugunez, aurreko eskariekin lanak pilatzen zaizkigula», onartu du Xabier Garatek. Horregatik, askotan martxoan uztailerako edo abuzturako den lan batekin egoten direla adierazi du.

Badaude, ordea, zuhurragoak direnak ere, lanak epe luzera begira eskatzen dituztenak. «Adibidez, herriko jaiak irailean izan eta udaleko aurrekontuak onartu direla-eta urtarrilean bertan eskariak egiten dituztenak ere badaude», azpimarratu du.

Objektu estatikoei bizia eman behar

Garate anaiek, batez ere, barruko lana egiten dute. Objektu estatikoak egiten dituzte, primeran balio dezaketenak inauterietan taberna bat dekoratzeko. Baina erraldoi edo buruhandi batek duen funtzioa betetzeko hura eramango duen norbait behar da, halabeharrez. Batez ere, erraldoien kasuan uste dute dela garrantzitsua: «Geldirik dagoen erraldoi bat polita izan daiteke edo ez, baina dantzan ari denean hartzen du bere zentzu guztia», dio Xabier Garatek. «Dultzainen soinupean dantzan hastean bizia hartzen dute erraldoiek, txotxongilo bilakatzen dira», gaineratu du.

Horregatik, erraldoi eta buruhandiekin ibiltzen direnek «sekulako meritua» dutela uste du. Lan horretan dihardu Aitor Aiestaran 18 urteko hernaniar gazteak. Bere aitaren bidez –edo aitari esker– sartu zen erraldoien munduan, hark urte batzuk lehenago jardun hori betetzen baitzuen.

Hernaniko Ostargi konpartsako kide da bera, eta zuzeneko harremana mantentzen du Garate anaiekin. Esan daiteke, Garate anaiek tailer barruan egiten duten horri bizia ematea dela Aiestaran gaztearen jarduna. Euren konpartsa osatzen duten figura guztiak anaiek Irunen duten lantegian eginikoak dira, eta euren arteko harremana etengabeko «hartu-eman» gisa definitzen du gazteak. «Hartu eurek eginiko figurak erabiltzen ditugulako, baina eman ere egiten diegu, euren lanak hobetzeko aholkuak ematen dizkiegu eta», azaldu du.

Herri mugimenduaren parte den zerbait gisa ikusten du hernaniarrak konpartsa bat; laguntasun harremanean oinarritutako zerbait. «Lagun talde bat gara, izaera propioa eta garatzeko proiektu komun bat duena», adierazi du. Euren kasuan, hainbat udalekin hitzarmenak dituzte sinatuta. Modu horretan, urtean zehar egin beharreko ikuskizun kopuru bat ezartzen zaie, baina eurek erabaki dezakete bestelako ekimen baten harira parte hartu nahi duten ala ez.

Aiestaranek herri folklorea eta herri mugimendua indartzeko asmoarekin hartzen du parte Ostargi konpartsan. «Herri honen nortasuna da jendea mugitzea, ikuskizunak antolatzea, nolabait jendea eta herria mobilizatzea», adierazi du. Zentzu horretan, azaldu du pisuarena –40kg inguru– dela erraldoi bat gainean daramanean duen sentsazio nagusia, baina, gaineratu du, jabetzen dela heldu eta ume guztiak begira dituela, irribarre batekin. «Erraldoien inguruan jendea mugitzen dela ikusten duzu, eta horrek indarra ematen dizu. Gainean daramazun pisu hori guztia arintzen laguntzen dizu.

Hutsuneak betetzen jarraitzera

Erraldoi eta buruhandien munduak, beraz, badu etorkizunik. Ziur dira Garate anaiak, ekonomiak garatzera jotzen badu, ate berriak zabalduko zaizkiela, erraldoi eta buruhandiekin egiten duten lanaz gain, aterabide ugariko ofizioa baita eurena: arte plastikoen mundua, dekorazioa... Aitortzen dute eskatu izan dizkietela gisa horretako lanak, baina ezin iritsita zirela eta, ezezkoak eman beharrean suertatu izan direla. Era berean, kaleko ikuskizunei begira asko egin daitekeela uste dute.

Jakitun dira, ordea, euren lanak ez direla bereziki merkeak. «Gauzek bere balioa dute», diote. Baina, gaineratzen dute, eurentzat aberasgarriena lan bat entregatu ostean, eginiko lana eskertzea izaten dela. «Eskaera egin duenaren ideia ongi asmatzea da garrantzitsuena, eta gehienetan lortzen dugu», adierazi du Xabier Garatek.

Horregatik, diote, egiten ari diren lan batek eurak asebetetzen ez dituen bitartean, ez dutela tailerretik ateratzen, ez dutela modu horretan entregatzen. «Askotan, lanean ari garen bitartean, egiten ari garen horrekin ez bagaude gustura, alde batera utzi eta berri bati ekiten diogu», nabarmendu du.

Soka, beraz, luzatuta dago eta nahi duenak hel diezaioke erraldoi eta buruhandien munduak jarraipena izan dezan. «Guk lan hau uzten dugunean hutsune bat geratuko da, mundu hau gustuko duen orok bete dezakeena. Gu, bere garaian, zegoen hutsune bat betetzearren sartu ginen mundu honetan, eta beste batzuei dagokie orain gure lanari jarraipena ematea», dio Xabier Garatek.