Dlazkanoiturburu
IKUSMIRA

GREZIARRAK AMILDEGIRA BEGIRA ALA GURE AMILDEGITIK IHESI?

Atenasko Akropolian ateratako argazkian, amildegira begira bailitzan ageri da jende multzoa. Argazki neutrorik bada ez dago ikusle neutralik, are gutxiago politikaren barrenak (ekonomia hain zuzen) astintzen dituzten Greziakoa bezalako auzietan. Gure artean ere sumatu dira ikuspegi desberdinak azken astean. Orain arte ia denok geunden Greziako herriaren alde eta murrizketa politikaren aurka. Ahoz behintzat. Alabaina, Tsiprasek erreferenduma iragarri eta aurkari sutsu pila bat irten zaizkio Syrizari gurean, alderdietatik hasi (EAJ eta beste) eta tertuliano gehienak ahaztu gabe. Zentraltasun kontua izango da, baina ez du samurra izan behar, are gutxiago familia osoa 500 eurorekin mantendu beharra duen greziar erretiratu batentzat. Argazkira bueltatuz, irudia alderantziz interpretatu behar ez ote den pentsatzen hasita nago ni: Europar Batasunaren amildegitik, hau da, gure amildegitik, ihesi nahian ez al dira ba egongo euren ikurrina alboan duten greziarrak?