Milioi bat Frida. Pertzepzioak
Pertzepzioa sortzen. Duela bi hilabete, Frida Khalok, Jose Bartoli artista katalanarekin partekatutako 25 maitasun eskutitz enkantean jarri zituzten New Yorken. 137.000 dolarretan erosi zituen bildumagile batek. 1946 eta 1949 bitartean Fridak idatzitakoak ziren, isilpean, guztira ehun orri baino gehiago. Bartoli 1995. urtean hil zen arte sekretupean gorde zituen eta orduan bere familiak jaso zituen. Frida Khaloren ahizpak aurkeztu zion Bartoli Fridari, New Yorken; Frida operazio batetik errekuperatzen ari zen ospitalean eta Bartoli Espainiatik errefuxiatuta iritsi zen. Aferak behin Frida Mexikora itzuli zenean ere jarraitu zuen. Eskutitzek Fridaren aitortze zintzo eta oldarkorrak biltzen dituzte. Adibidez, Bartolirekin egon ahal izateko bere senarra, Diego Rivera, utziko zuela zioen eskutitz bat baino gehiagotan. Mara ezizenez sinatzen zituen eskutitzak, ziurrenik Maravillosa-tik etorriko zen. Inoiz argitaratu gabeko eskutitzak ziren, eta orain zati batzuk denok irakurri ditzakegu.
Sekretuak desestaltzen
Frida hil zenean, 1954. urtean, Diego Riveraren aginduz bere ondasun batzuk gela batean gorde zituzten; gutxienez hamabost urtez han gordeta edukitzeko eskatu zuen. 2011. urtean, gela ireki eta handik zazpi urtera, Ishiuchi Miyako artistak argazki batzuk atera zituen eta orain Londresen daude ikusgai arte galeria batean. Azazkalak margotzeko bi pintura bote, akaso Bartoli bera limurtzeko erabiliko zituenak. Gorputz osoko eskaiola moldea, istripua izan ostean erabili beharra izan zuena. Betaurrekoak, hauek ere oso psikodelikoak. Fridaren koadroen inspirazio iturri izan ziren objektuetako asko.
Besteen begiradak
Psikiatra baten bulegoan Fridaren bizitzari errepaso bat ematen dio Cristinak, Fridaren ahizpak. Beraien arteko gorroto-amodio erlazioa nabarmena da. «Fridak ezberdina izan nahi zuen, Frida ezberdina zen», esaten zuen Cristinak. Fridaren senarrarenganako izugarrizko lilura sentitzen zuen Cristinak. Afera bat izatera ere iritsi ziren. Leon Trotsky Frida eta Diegoren etxean ostatu hartuta egon zenean bi ahizpak saiatu ziren haren begikotasuna lortzen. Fridak irabazi zuen. Cristina beti Fridaren itzalean egon zen. Barbara Mujica idazle amerikarrak elkarrizketa, gogoeta eta kontuok liburu batean bildu ditu. Mujica beraren hitzetan, liburua idaztera bultzatu zuen arrazoietako bat ondorengoa jakitea izan zen: zer sentitzen ote zuen Cristinak ohiz kanpoko emakume baten ahizpa hain ohikoa izatean.
Eta denak nahastean....
Bartoliri idatzitako eskutitzak jende askok irakurriko ditu, eta galeria aretotik ere ehunka pertsona pasatuko dira egunero argazkiak ikustera. Bere ahizpak psikiatrari egindako gogoetek ere interpretazio ugari izango dituzte. Eskutitzekin, argazkiekin eta aitormenekin pertzepzio ezberdinak sortuko dira. Akaso, pertsona bakoitzeko bat ezberdina. Milioi bat Frida ezberdin sortuko ditugu.
P.-n amari asteak gelditzen zaizkiola esan diote. Edo hilabeteak. Baina denbora gutxi. Badoala nabari du P.-k, oraingoan bai, borroka galdu du. Alaba bat izan berri du P.-k, amonaz gogoratuko ez den alaba bat. Alabak, argazkietatik eta aitak kontatzen dionetik sortuko du existitzen ez den amona bat. Pertzepzio batzuen ondoren sortutako amona berri bat.
Amona bizirik egon balitz abestiak kantatuko zizkion, hori omen zuen gustuko-eta. P.-k ama filmatuko du, bideokameraz, abesti horiek kantatzen. Eta falta denean, haiekin gehiago ez dagoenean, gau batzuetan bideo hori erakutsiko diola agindu dio amari, lotara joan aurretik. Pertzepzio errealago bat definitu ahal izateko. Argazkiak eta aitaren oroitzapenak ez dira nahikoak. Geroz eta iragazki gehiago, errealitatetik gero eta gertuago jartzen gara. Eta hori da P.-k lortu nahi duena. •