Saioa Iraola

Stonewall

Aske naiz izan nahi dudana izateko, aske naiz gustuko dudana erabakitzeko, aske naiz gaur zeinekin eta nola harremandu nahi dudan erabakitzeko, askeak gara zeinekin goxatu, oheratu, larrua jo, muxukatu eta elkartu erabakitzeko, aldaketak eta krisiak oinarri dituen XXI. mende honetan. Berdintasunaren jendartearen tranpan erorarazten gaituzte, desio dugun hori guk erabakia, naturala, berezkoa dela arbuiatuz. Feministok, aldiz, «gora gorputz eta desio askeak» oihukatzen, aldarrikatzen eta borrokatzen jarraitzen dugu. Oraindik ere, zernahi izan nahi dugun imajinatzeko, amesteko aukera askerik ba al dugu?

Baina zer da aske izatea? Nork ematen digu askatasuna eta nola jasotzen dugu galtzetako poltsikoan gurekin ongi loturik joan dadin? Askatasunak badu mugarik gure iruditegian, imajinario kolektiboan, bestelako bizi eta sexu praktikak dituzten erreferente bakan horietan, bizkar gainean daramagun motxilan, eraginik izan baduelako bizi izandako, entzundako eta ikasitako guztiak gure hautuan. Asteburuan, gizonezko gorputzean jaiotako lagun batek, esperimentazioari bide emanez, kortsea, minigona eta ileorde luze beltzarana soinean jarri eta larunbateko egun-pasa aldarrikatzailean parte hartu zuen. Lehenengo aldiz festa gunean komunera joateko ikara sentitu zuela esan zidan, lehenengo aldiz desio objektu sentitzen zela, ez zekiela hankak nola jarri, gurutzatu edo ez... eta galdegin zidan: «hau horrela al da egunero Saio?». Trabestitzearen esperientzia brutala! Gazia bezain gozoa... Baina betiere ausarta.

Eraikitako horma zurrun eta arauak esperimentazioaz, hautu politikoaz, ausardiaz, plazerez leuntzen ditugu komunetako muxu, etxeko ohe eta kale kantoi bakoitzean. Askatasuna egitate objektibo bat baino bide bat delako, continium-a, orain 46 urte Stonewall-en izandakoen, ekinean eta borrokan ari garenon eta izango direnen bide orria. •