Joxean Agirre

Zezenak eta ardiak

Banvillek “Infinituak” eleberrian kontatzen duenez, 1930era arte artalde batek jaten zituen New Yorkeko Central Park-eko larreak, harik eta Robert Moses urbanistak ardi horiek Prospect Park-era eramateko agindu zuen arte. Ardiak gauez biltzeko erabiltzen zuten eskortan, “Tavern on the Green” zabaldu zuten.

Ardiak hirietako parkeetan larrean erabiltzea nahikoa ohitura kosmopolita dela esan daiteke, beraz, eta ez Donostiara Bilduk ekarritakoa. Horregatik harritu nintzen orain egun batzuk ETB2 kateko gaueko berriak entzuten ari nintzela Marisol Garmendia PSEko zinegotziak Ametzagañako parketik ardiak kenduko zituztela iragarri zuenean. Kamerari begira jarri eta «hesirik gabeko parke bat nahi dugu, pertsonek eta beren maskotek bertan libre jolas egin dezaten», esan zuen.

«Emakume honek obsesioren bat dauka animaliekin», pentsatu nuen nirekiko, astebete lehenago prentsaren aurrean hizketan ari zela Aste Nagusiko egitarauaz galdegin ziotelarik, ekitaldien zerrenda egina zegoela esan baitzuen, baina aldaketa batzuk sartuko zituztela eta bat garrantzizkoa, zezenak Illunbera itzuliko zirela. Estatu espainiarreko hiririk handienetan osatu diren udalbatza berriak auditoriak agindu, zorrak ikertu, soldatak jaitsi, etxegabetzeak gelditu, genero berdintasuna edo langabezia gutxitzeko planak aztertzen hasi diren honetan, Donostiakoa zezenekin eta ardiekin kezkaturik ikusten dut.

Ez gara zezenketari buruz hitz egiten hasiko. Iraungitze data aspaldi igaro zitzaion ikuskizuna iruditzen zait, absolutismoaren garaiak eta Francoren festa nazionala ekartzen baititu gogora. Ametzagañako ardien etorkizunak ere ez nau kezkatzen (parkearen mantenuan dirua aurrezteko jarri zituztela uste dut). Nik ardiekin izan dudan esperientzia laburra baina aberatsa izan da, bi aldiz joan bainaiz Eli Arrillagaren artaldea Olaberriatik Urbiara eramaten laguntzera. Ordu batzuetako bidearen buruan, mendi maratoiko atletek ere eskuak belaunetan dituztela igotzen dituzten azken aldapa ia bertikaletara iristean, adineko ardiek etsi egiten dute. Alferrik da orroaz hastea, onez onean hitz egin behar zaie eta, profeta batek jarraitzaileei zerua agintzen dien moduan, esplikatzen nien nik azken ahalegintxo bat aski zutela zeruko larre berdeak, “Urbiako Edena”, ezagutzeko; eta, gezurra badirudi ere, uste dut ulertu egiten zidatela.

Nik ez daukat ezer Ametzagañan libre eta hesirik gabe jolas egin nahi duten maskoten kontra. Baina, esan didatenez, zakur haztegietan eginahalak egiten ari dira ahalik eta zakur arraza itsusienak lortzeko. Steckel arrazako zakurrek hankadun sugeak dirudite, bulldog arrazakoek ito beharrean hartzen dute arnasa… badaude ilerik gabeko zakurrak ere! Ez konparatu. Nik ez dut ardi itsusirik ezagutzen. •