Amagoia Mujika Telleria
IKUSMIRA

ZIRIKATZEN DUGUN LEHEN AGINTEA

Jon Urbe / ARGAZKI PRESS
Jon Urbe / ARGAZKI PRESS

Ezagutu nituenean harridura eragiten zidaten. Sumatzen nuen inguratzen zirenean urduri jartzen zirela denak, txiki eta handi. «Ikusi, ikusi, buruhandiak!». Ez ikusteko modukoak balira bezala. Pixka bat handitu orduko konturatu nintzen barruan buru txikiagoa eta begi txikiagoak zituztela, egiatakoak. Eta nire jolas bihurtu zen barrukoa ikustea eta, aukera sortuz gero, nire hatz txikia begian sartzea. Jendeak oso aurpegiera arraroa jartzen du hatza begian sartzen diozunean. Koskortzen joan orduko gure artekoa aldatzen joan zen. Maite genuen buruhandiak zirikatzea; barrikada egiten genuen kale estuetan, erraldoi eta buruhandiak pasa ez zitezen. Beldurraren bertigo atsegin hori sentitzen genuen paretaren kontra hartzen gintuztenean, eta hurrengo barrikada are latzagoa izango zela erabakitzen genuen une horretan bertan. Buruhandiena da haurtzaroan publikoki zirikatzen den lehen agintea, lehen iraultza txikia, pasatzen dugun lehen marra gorria. Buruhandiak garaitzen ditugunean, prest gaude bizitzaren barrikadarako.