«Transgenikoekin gertatutako kutsadurak baserritar ekologikoak artoa ez ereitera bultzatu ditu»

Pentsu ekologikoen ekoizpen katea dauka Goimarrek 2004tik. Argitzen dutenez, pentsu ekologikoak kasualitatez hasi ziren ekoizten: «Momentu horretan, Mungiako hirigintza hedapenaren ondorioz, kokalekuz aldatu beharra izan genuen. Aldi berean, ekoizpen ekologikora gehitu berri zeuden hainbat abeltzain hurbildu zitzaizkigun eta pentsu ekologikoaren katea irekitzeko proposamena egin ziguten. Eusko Jaurlaritzaren aldetik ere interesa zegoen, eta pentsu ekologikoen lantegi txiki bat martxan jartzeko hautua egin genuen». Momentu honetan, pentsu ekologikoen lantegia bere sabai produktibotik gertu dago, 2.000 Tn/urteko ekoizpenarekin.
Zer-nolako pentsu eskaintza daukazue?
Pentsu ekologikoak eskaintzen ditugu edozein motatako abereentzat, untxien salbuespenarekin. Gainera, gure bezeroek beraien pentsuaren konposaketa diseinatzeko aukera ere badaukate. Guk horretarako aholkularitza ematen diegu.
Pentsu ekologikoak egiteko erabiltzen diren lehengaiek zein jatorri daukate?
Lehengai ekologikoak ahalik eta gertukoenak izaten saiatzen gara: Arabatik, Nafarroatik, Errioxatik, Burgosetik… ekartzen ditugu. Hori bai, bi lehengai ez dira Estatu mailan ekoizten: soja, Amerikatik ekartzen dugu Italia bide, eta, artoa, berriz, Frantzia edota Italiatik inportatzen dugu. Arto ekologikoa ez da Estatu espainiarrean ekoizten duela zenbait urtetatik. Transgenikoekin gertatutako kutsadurak baserritar ekologikoak artoa ez ereitera bultzatu ditu.
Zer-nolako neurriak hartzen dituzue ekoizten dituzuen pentsu ekologikoak transgenikoekin ez kutsatzeko?
Bi pentsu lantegiak erabat bananduta daude, izan ere, hori da kutsadurak saihesteko era bakarra. Egun merkaturatzen den soja transgenikoa izan ohi da. Gure fabrikan kutsadura gertatzea ez da posible, dena dagoelako bananduta: lehengaiak biltzen diren harrera gunetik, prozesu guztia burutu arte, fabrikazioa, ontziratzea eta irteera barne. Euskadiko Nekazaritza Ekologikoaren Kontseiluak urtero egiten dizkigun analisiez gain, guk geuk ere puntualki lehengaien analisiak egiten ditugu. Behin positibo bat izan genuen, Aragoiko arto ekologiko batean genetikoki eraldatutako organismoak agertu zirelako. Artoa polinizazioaren ondorioz kutsatu zen eta lotea deskalifikatu egin genuen. Harrezkeroztik, artoa Estatu espainiarretik kanpo erostea erabaki genuen.
Nola lor liteke pentsutan bertako elikagaien presentzia handitzea? Genetikoki eraldatutako organismoen laborantzaren debeku batek lagunduko lukeela uste duzue?
Ekoizle ekologikoen kopurua handituz, jakina. Eta bai, zalantzarik gabe, genetikoki eraldatutako organismoak ereiteko debekuak Estatuan arto ekologikoaren ekoizpena berreskuratzen lagunduko luke.
Pentsu ekologikoekin konbentzionalekin lortzen den maila produktibora badago heltzerik?
Bai, baina, maila produktiboan, pentsuak bezainbesteko eragina edo are handiagoa du animalien maneiuak. Hegaztien hazkuntza ekologikoan, esaterako, konbentzionalean lortzen dena baino ekoizpen maila altuagoak lortzen ari dira kasu batzuetan.
Abeltzaintza ekologikoa lurrarekiko loturagatik bereizten da. Hau da, hausnarkariak larreetara bazkatzera ateratzen dira eta eguneko anoaren zatirik handiena baserrian bertan edota inguruko nekazaritza ustiapenetan lortu behar da. Pentsu ekologikoen lantegi batek zer funtzio betetzen du horren guztiaren aurrean?
Maila produktibo egokiak lortzeko ezinbestekoa da animaliei pentsua neurri txikiago edo handiagoan ematea; pentsua ezinbestekoa da abeltzaintzan. Amorru handia ematen digu “insumo” gisa kontsideratuak izatea, zer hitz itsusia! Ez gara “insumoak”, aliatuak gara, pieza garrantzitsua abeltzaintza ekoizpenean. Badaude etxean zereala txikitzen dutenak, baina, kasu horietan, profesionaltasun maila jaistearen arriskua dago: etxeetako nahasgailuek ez dute ondo nahasten, ez dute ondo txikitzen, eta, ondorioz, bukaerako produktuak ez du kalitate bera. Hori dela eta, animaliek beherakoak eta bestelako heste arazoak pairatzen dituzte. Pentsuen etxeak, ordea, horretara jarrita gaude, pentsua ekoiztera. Makineria egokia daukagu, baita kalitatezko produktuak ekoizteko ezagutza ere.
Pentsu ekologiko eta konbentzionalen ekoizpenean desberdintasunak ba al daude?
Bai, nagusiki lehengaiei dagokienez desberdintasun handiak daudelako: ekoizpen ekologikoan ez dira tratamendu fungizidak ezta kontserbagarriak erabiltzen. Horrek, uzta nola etorri den arabera (uztaren hezetasuna, tenperatura, biltegiratze baldintzak…), arriskuak hartzea suposatzen du, aukera gehiago edo gutxiago egongo direlako biltegiratzean arazoak sortzeko. Guk lehengaien txandakatze handia dugu eta orain arte apenas izan dugun arazorik zentzu horretan. 2013ko udan, ordea, sortu zitzaigun arazo bat lehengaiekin, uda euritsua izan zelako. Kontsumitzaileak horren kontziente ere izan behar dira, pentsu ekologikoaren maneiuak badauzka eta bere berezitasunak.
Hortaz, Euskal Autonomia Erkidegoan pentsu ekologikoak egiten dituen lantegia izatea luxu bat dela esan genezake?
Hala uste dugu guk. Kontuan izan behar da Estatu espainiarraren iparraldean soilik lau edo bost etxek ekoizten ditugula pentsu ekologikoak. Guk, EAEri zerbitzua emateaz gain, Nafarroa, Asturias, Kantabria, Errioxa… ere zerbitzatzen ditugu. Albaitari aholkularitza ere ematen dugu, plangintza higieniko-sanitarioei dagokionez. Edonola ere, argi utzi nahi dugu pentsu ekologikoak gure ekoizpen osoaren %10 inguru suposatzen duela, hau da, ezingo genuke Goimar mantendu soilik pentsu ekologikoa ekoiztuz.
Prezioari dagokionez, zenbatekoa da pentsu ekologikoen eta konbentzionalen arteko aldea?
Gure kasuan, eta ez gara garestienak, prezioa %60 altuagoa da. Gainkostu horren arrazoi nagusia soja eta arto ekologikoetan dago, atzerritik ekarri behar dira eta.
Soja ezinbesteko elementua al da animalien elikaduran?
Ekoizpenaren araberakoa da. Hegaztien hazkuntzan oso garrantzitsua da, arrautza proteina hutsa delako, eta, hain zuzen ere, proteina da sojak eskaintzen duena. Hausnarkarietan beste alternatiba batzuk daude; ilarra edo baba kasu, bi adibide jartzeagatik. Guretzat errazagoa litzateke soja gabe lan egitea, beste gauza batzuen artean, lehengai garestia delako. Edozein kasutan, egokiena soja hemen ekoiztea izango litzateke, Estatu frantsesean egiten ari diren bezala. Koltza ere aukera bat izan daiteke, baina hemen ez dago ekoizpen ekologikorik. Gainera, 80ko hamarkadan koltza olioarekin gertatu zena eta gero, Estatu espainiar mailan oso gaizki ikusita dago.
Ba ote dago oztoporik pentsu ekologikoen formulak hobetzea eragozten duenik?
Goimarren ale osoekin irinak eta nahasketak egiten ditugu. Lehen, bakarrik irinak egiten genituen. Pentsu ekologikoen ekoizpenean sartu dugun azken berritasuna soja ekologikoaren olioa gehitzea izan da. Pentsuak hobetzeko, bazka gehitzea aukera bat izan daiteke, formatu ezberdinak egin, abereek jateko errazagoak izan daitezen; malutatan egin, adibidez… Baina gauza horiek guztiek makinaria espezifikoen beharra eskatzen dute, eta errentagarritasuna soilik kopuru jakin bat ekoiztera iristen zarenean lortzen duzu. Edozein modutan ere, pentsua malutatan egitea ez zaigu interesatzen; guk nahiago dugu argi ikustea zer den pentsuak eramaten duena. Ez dugu ezer ezkutatu nahi.
