Kattalin Miner

Ahuldadea eta autonomia

Sare sozialetan nire postak izan duen arrakastaren ostean, norbait oraindik jakinaren gainean ez badago, jakin dezala orain aurrekoan kalean bakarrik nindoala erori nintzela. Egia esan ez da beste munduko ezer, baina egia da sorpresaz harrapatu ninduela (erortzearen nolakotasunari eutsiz), aspaldi ez nintzelako kalean bakarrik erori agian, eta bestetik jendearen erreakzioek zur eta lur utzi nindutelako.

Kolpea ez bazen sekulakoa izan ere, muturrez aurrera jausi nintzen eskailera batzuk igotzen. Erorialdia madarikatu nuen niretzako baina altuan, eta min handirik hartu ez banuen ere lasai jaiki nintzen, erorketa disimulatzeko inongo intentziorik gabe. Horregatik hain zuzen begiratu nuen nire ingurura, ea norbaitek lagunduko ote zidan, edo ongi nengoen galdetu edota, sikiera, barre egin.

Topatu nuena, ordea, kontrakoa izan zen, jendeak aurrera edo beste aldera begiratzen zuen, egoerari aurre egiteko guztiz ezgauza balira bezala. Haurrek (eta zakurrek) ere inkomoditatea sentitu zuten nire erorketarekin. Beraz hor bai, inozo eta baldar, eta umiliazioaren gailurrean, bakarrik jaiki eta aurrera egin nuen. Horregatik kontatu nuen sare sozialetan, ikusezin eta ahul sentitzeari uzteko, norbaitek barre egin zezan, ondo ote nengoen galdetu… Badakigu, sare sozialak.

Total egun hauetan oraindik, hankako kolpearen minak eta ubelduak irauten didan honetan, beste sentsazio horrek ere iraun dit. Nolatan kalean barrena bakarrik gaudenean gertatzen zaigun orok hain inutil bilakatzen gaituen. Eta orain ez nabil nitaz edo nire erorketa aparatosoaz, baizik eta bakardadean laguntza, enpatia edota maltzurkeria bera ateratzeko gauza ez direnez (garenoz); hau da, guk geuk izan nahi dugula ikusezin besteari ez ikusiarena egiten diogunean. Ez dugula bestearen ahultasuna ikusi nahi, agian hala desagerraraziko bagenu bezala edo.

Nire ingurutik ziztu bizian eta begiratu gabe pasa ziren guztiengan ikusi nuen nire burua, adibidez, nire kale azpiko banketxearen atarian dagoen eskalearen aurretik igarotzen naizenetan.

Bakarrik gaudenean, besteen ahultasunak ahultzen gaitu gu geu. Ez dugu besteengan ikusi nahi gugan ikusi nahi ez duguna. Zeren, lagunok, egia dena da denok jaus gaitezkeela noizbait lurrera. Hori da egia gordina, eta ez begiratuta ez dela gauzagaitza bilakatuko.

Horrek, beraz, ondorengora garamatza, izaki guztiak bulnerable ez ezik interdependentziaz josita gaudela onartzera. Izan ere, jendarte eta sistema kapitalista honek autonomia eta erabakitzeko gaitasuna arrakastaren sinonimo gisa jartzen dituen unean, ahaztu egiten ditu ekonomia feministaren oinarrian dauden kontzeptuak, hau da, autonomia eta erabakitzeko gaitasun horiek falazia hutsak direla.

Autonomia ez dela existitzen dependentziarik gabe. Gizon, zuri, hetero autonomoa, janaria egin, arropa lisatu eta duen guztia egiten dionaren dependente dela. Erabakitzeko gaitasuna ez dela existitzen, hori bera ahalbidetzen duen erabakitzeko aukerarik gabe. Eta erabakitzeko aukera horiek hertsiki daudela lotuta klase ekonomiko, sinboliko eta kulturalekin.

Baina tira, ez diot nire erorialdiari kutsu politiko gehiegi eman nahi, ezta irakurketa sinple eta dramatikoa egin ere (deshumanizatuta gaudeee!!!), zeren ziurrenik nire ingurutik pasa ziren horiek denak kabroi kuadrilla hutsa ziren, edo emozionalki eta enpatikoki elbarri sorta ederra, eta agian ni sentsibleegia, ahula eta dependentea, irribarre baten bila, esku baten bila.

Bai, litekeena da jendilaje horrek ez ordezkatzea jendartearen zati txiki hori besterik, ezta egungo munstro kapitalistak guri barrenak jan izana ere, indibidualizazio autonomo muturrekora heldu arte. Litekeena da, esan bezala, baldarra izate hutsagatik ni lurrera erori izana, eta jendeak, jendeak presa izatea, normala den lez. •