Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Hitzez

Badakit ez didazula sinetsiko, baina nik hemen ikasi nuen, frontoi honetan, futbol zelai honetan, plaza honetan ikasi nuen eta badakit bekainak altxatuko dituzula eta galdera ikur bat marraztuko dizutela zimurrek kopetan baina hemen ikasi nuen hizketan; hitzak lehenagotik nekartzan poltsikoetan gordeta, eta hona etorri eta poltsikoak arakatzen igaro nituen egunak, asteak, hizketan ikasteko mutua izatea da batzuetan lehen urratsa, eta ondoren helduagoen ahots sendoak, esaldi ziurrak, galdera ikurrik gabeko baieztapenak kontatzeari ekin nion, kopiak tokia emateko esperantzan ikasi nuen eguraldiaz hizketan eta egin ez nituen parrandez igo ez nituen mendiez irabazi ez nituen partidez mintzatzen ikasi nuen hizketan eta badakit, nahastuta nabilela esango didazu, ea non dauden aditz taulak eta gramatika eta sintaxia eta liburu zabaldu berrien usaina eta egia da, nik ere bizi izan nuen silaba bakoitza paragrafo bat baino luzeagoa zen garai hura; ni ere trabatu nintzen “r”-an, egin nuen estropezu “s”-arekin eta “a” bakoitzarekin altxatzea lortu nuen berriz, baina hori ez da hizketan ikastea, hitzak ikastea izango da asko jota, eta hitzen ondoren esaldiak ikasi genituen buruz, ipuinak bertsoak kantuak txisteak eta ohartzerako esaldi horietan sartzen ez ziren hitzak ere agertu ziren gure hiztegi partikularretan, hizkuntza berriak, eta mintzo eta hizkuntza ezberdinak ikasi zituen gure ahotsak, sentimenduak tolestatzeko mundu berriak aurkitu genituen eta bat gurea zela esaten ziguten arren nola izango zen bakarra gurea?, bestea ere gure baitan zegoen; berandu irakatsi zizkiguten eleaniztasun eta diglosia, gure baitan baikinen euskaldun eta erdaldun, batzuetan batetik bestetik baino gehiago eta besteetan bestetik batetik baino gehiago baina beti biak, hizkuntzak gramatikatik adina du dramatikatik eta poltsiko bakoitzean hitzak desordenatuta iritsi nintzen plaza honetara, auskalo noizko festetan, eta besteei entzunez ikasi nituen istorioak, ikasi nituen errimak eta doinuak eta beste guztiak eta amildegi bat dago kanpoko eta barruko diglosien artean, akaso pentsatzearen pentsatzez pentsatu gabe hitz egitera iritsi naizelako, baina hasieran ez neukan mikrofonorik eta isilik ikasi nuen ahotsa altxatzen; esaten dudanak esaten nau eta, batzuetan, esaten ez dudanak ere bai, eta horregatik isiltasunari ikara hau arnasestuka hitz egin behar hau hizketan jakiteak ez duelako esateko zerbait daukadanik esan nahi, batzuetan nik nahi dudana diote hitzek eta hitzek nahi dutena diot besteetan loreontziak ere margotutako plaza honetan, hitzak ere porlanezkoak diren plaza honetan beti dago zerbait garrantzitsuegia esateko edo isiltzeko, nik ere pankartez eta barrakez inguratuta ikasi nuen hizketan, herri honetan beste hainbestek bezala ikasi nuen hitza ematen eta hitza hartzen eta hitzartzen ere bai batzuetan, hitzekoa baino gehiago naiz hitzezkoa eta horregatik nago hemen, frontoi honen, futbol zelai honen, plaza honen erdian, eta munduko hizkuntza zaharrenetako batean mintzo naizela diote baina ez dut uste, ez dut sinesten, hitzak oraintxe atera zaizkit eztarritik eta nire arnas beroa iritsi zait sudurzuloetara eta hitz egiten dudan aldiro berritzen da hitz egiten nauen hizkuntza ere hemen, plaza honen erdian; hitza hartzen dudanero norbait isilik geratzen da hemen eta nik hitzak baino ez dauzkat, hitzak hitzak hitzak eta hitzak arnasestuen labirintoetan gora eta behera elkarrekin topo egin nahi eta ezinean, tarteka elkar harrapatuz, tarteka elkar janez, tarteka elkarren esan nahiak aldatuz eta, ez dakit, agian iritsiko zitzaidan isiltzeko garaia, porlanezko plaza honetan lapurtu ditudan hitz horiek denak entzuteko unea. •