Gorka Elejabarrieta

Nazioartetik Euskal Herrira

Estatu espainiarrak 80ko hamarkadan eskuratu zuen euskal disidentzia politikoaren aurka jarduteko Frantziaren eta nazioartearen babesa. Europar Batasuneko kide 1986ko urtarrilaz geroztik izanik, nazioarteko komunitatearen babes eta bedeinkazio horren adierazle izan zen 1992. urtea: Olinpiar Jokoak egin ziren Bartzelonan, Expo nazioarteko erakusketa Sevillan eta Madril Europako kultura hiriburua izan zen. 2001eko irailaren 11ko erasoen ondoren, AEBek mundu mailan “terrorismoaren” kontrako gerra indartu izanak, Aznarrek Bushen politikak babestu izanak eta 2002ko urtarrila eta ekaina bitartean Europako Kontseiluko presidente gisa Aznar berak bultzaturiko politikek ezker abertzalearen kontra jarduteko “barra librea” utzi zioten Estatu espainiarrari. Horrek guztiak ekarritako ondorioak ondo baino hobeto ezagutu ditugu, larrutan ordaindu ere.

Azken urteetan, ordea, esango nuke kontrako norabidea duen prozesu bat badela martxan. Ugari dira Euskal Herriko gatazka politikoaren konponbidearen alde nazioartetik iritsi zaizkigun babesak. Idatzi honek ez ditu guztiak biltzeko adina karaktere, baina gogora ekarri nahi ditut gutxi batzuk. Bi kanpaina nagusi aipatu nahi ditut, Aieteko Adierazpenaren aldekoa eta “Free Otegi, Free Them All” kanpaina. Aipatzen dudan babes horren adierazle nagusia Aieteko Konferentzia bera izan zen, Euskal Herrira lurrikara politikoa ekarri zuen konferentzia, eta, era berean, nazioarteko eragile eta pertsona askoren babesa jaso duena. Aieten sinatutako adierazpenak babesa jaso du Europako hainbat herritan, baita europar instituzioetan ere, urtarrilean hamar urte egingo dituen Friendship taldearen eskutik batez ere. Baina Aieteko bide orriaren aldeko babes ekimenak, Europan ez ezik, Hegoafrikan eta Amerikan ere eman dira. Burura datozkit, adibidez, azken bi urteotan Mexikon, Uruguain, Argentinan edo Ekuadorren egin diren konferentziak, beste zenbaiten artean. Beste efemeride bat: 2016ko urrian hamar urte beteko dira Europako Parlamentua Euskal Herrirako konponbide prozesua baten alde agertu zenetik.

Pasa den martxoaren 24an Fermin Muguruzak “Free Otegi, Free Them All” adierazpenaren alde nazioarteko 24 izen esanguratsu aurkeztu zituen. Urteetan gure erreferentzia politiko izan diren asko zeuden zerrenda horretan, harro sentitzeko moduko babesak ezbairik gabe. Tartean ziren, besteak beste, Pepe Mujica, Angela Davis, Desmond Tutu, Ken Livingstone... Aste batzuen buruan Muguruzak berak 24 euskal kulturgileren izenak gehitu zituen atxikimendu zerrendara, eta ondoren etorri zen jatorri eta pentsamolde ezberdineko hainbat kataluniarren urratsa. Aste honetan, berriz, Ameriketako Estatu Batuetatik iritsi zaigu azken babes sorta. AEBetako 29 pertsonalitatek aldarrikatu dute Arnaldo Otegi eta gainontzeko euskal preso politikoen kaleratzea. Literaturan, zineman, eskubide zibilen aldeko borrokan, arrazakeriaren aurka egindako lanagatik edota mundu akademikoan erreferentzia diren gizon-emakumez osatutako zerrenda. Eta etorriko direnak, ekimen itxura zeukan ekitaldia kanpaina bihurtzen ari baita.

Esan bezala, nazioartean, pixkanaka bada ere, badoa aurrera Euskal Herriko gatazka parametro demokratikoetan konpondu behar dela aldarrikatzen duen iritzi korronte bat, gero eta pisu handiagoa hartzen ari dena. Horrek, Euskal Herriko prozesua bultzatzeaz gain, estatuek mantentzen duten jarrera irmoa higatzen lagunduko du. Ekainean Parisko Asanblada Nazionalean egindako konferentzia da horren adierazle; duela urte gutxi nekez pentsa genezakeen horrelako eduki eta parte hartzaileak izango zituen ekitaldi bat ospa zitekeenik. Higatu eta aurrera jarraitu, jakinik nazioartearen laguntza eta babesa konponbide prozesua bururaino eramateko erabakigarria izan daitekeela. Baina partida, hau da, konponbidea, gure herrian, Euskal Herrian garatu eta lortu beharko dugu. •