Naiara Garzia

Zuloak eta itoginak

Zuloekin eman nion hasiera zutabe honi duela bi urte inguru (“Zuloak”). Formalista errusiarrak, XIX. mendeko Ingalaterrako idazle erromantikoak, Henry Miller, Doris Lessing, Agatha Christie, Virginia Woolf, Rosenberg senar-emazteak, Simone de Beauvoir, erromantiko alemaniarrak (Fichte, Schlegel, Herder, Novalis, Hölderlin...), surrealistak, Seattle buruzagia, Julio Cortázar, Eugenio de Andrade, Marguerite Yourcenar, Meyerhold, Neruda, García Marquez, Claude Levi-Strauss, Clara Obligado...

Hauek izan dira bi urte hauetan nire euskarriak, artikuluetan eta artikuluetatik gaindi (izan ere benetako euskarriak beti baitira sostengu paperetik kanpo, bestela ez dute benetako baliorik).

Buruan dituzun erreferentzia horien izenak aipatzea justizia egiteko bidea da, zuk esandako hitzak zeinek sortu zituen argitzekoa eta nolabait ere hitz horiek hilezkortzekoa. Beste askok, berriz, beraien ezjakintasuna estaltzeko erabiltzen dituzte izen horiek, baina zulo horiek ezin dira inolaz ere estali eta ez zaizkigu interesatzen.

Bizi beharra dago, zeruari eta zuhaitzei begiratu, hankak uretan sartu eta gure buruak jantzi.

Walt Whitman datorkit gogora oraingoan. «I exist as I am / If no other in the world be aware I sit content, / And if each and all be aware I sit content».

Gure gorputza eta gure burua ahalik eta dotoreen eta aberatsen izan dadin, eta ez Alberto Giacomettiren “Oinez dabilen gizona” estatua bezala, gizon arruntaren metafora, bere egoera sozialak harrapatua.

Libreago. •