2015/07/25

Nagore Larrazabaleta Ibai Fresnedo
hezkidetza hezkuntzan

Udako Euskal Unibertsitatean jardun dira hezkidetzaz. Izan ere, garbi daukate jendartea eraldatzekotan sustraietara joan beharra dagoela. Eta sustrai horietako asko eskolaren bueltan errotzen dira.

«Hezkuntza erabili beharko genuke jendarteko arazoak konpontzeko, ez rolak errepikatzeko»
Amagoia Mujika Telleria
Pd18_hezkidetza2

Betaurreko moreak jantzita etorri zaizkigu Nagore Larrazabal eta Ibai Fresnedo, Udako Euskal Unibertsitatean ikastaroa eman berri: “Hezkidetza hezkuntzan: aldaketa sozialerako tresna”. Egia esan, behin betaurreko moreak jantzita, zaila da eranztea. Inguruari begiratzeko modu jakina dakarte; esaten dugunak eta egiten dugunak zein norabide duen aztertzeko ariketa kontzientea. Zertan ari naiz? Arrastaka dakargun eredu matxista indartzen edo eraisten?

Jendartea bestelako zutoinen gainean eraikitzekotan, beharrezkoa da denok betaurreko moreak janztea, bereziki hezkuntza komunitatearen bueltan dabiltzanek. Etorkizuna hezkuntzan dagoelako.

Etorkizuna hezkuntzan dagoela, aldaketa sozialerako tresna hezkuntza dela, parekidetasunak sustraiak hezkuntzan behar dituela... esan esaten da, baina serio hartzen al da?

Ibai Fresnedo: Hezkuntzan etengabe dauden murrizketak hor daude, eta horiek badute eragina. Ez genituzke ahaztu behar. Baina hezkidetza modan jarri den gaia denez, badirudi nolabaiteko bultzada eman behar zaiola erakundeetatik. Gure esperientzia pertsonaletik ikusten duguna da erakundeek beren gain hartzen dituztela historikoki mugimendu sozialarenak izan diren borrokak; planak edota egitasmo zehatzak jartzen dituzte martxan, baina, hortik aurrera, ez dago jarraikortasunik eta oso azalean geratzen da guztia. Partxe modukoak jartzen dira eta kito. Eskolan benetako eredu hezkidetzaile bat txertatzeak eskatzen du, lehenik eta behin, hezkuntza sistema osoa goitik behera aztertzea, metodologiak, zein planteamendu filosofiko eta etiko egiten diren... eta hori oraindik ez da modu erradikal eta integral batean eman. Paperean jasotzen da egin beharko litzatekeena, baina falta da hori guztia praktikara eramatea, benetan horrekin bustitzea.

Nagore Larrazabal: Horrez gain, hezkuntzaren ikuspuntu zabala izan behar da kontuan, hezkuntza ez baita ikastetxeetara mugatzen. Komunitateko partaide guztiak gara hezkuntza eragileak eta denok subjektu aktibo bihurtu behar dugu jendartearen benetako aldaketa bultzatzeko: irakasleak, ikasleak, gurasoak, jangelako langileak, autobusekoak, garbitzaileak eta herriko eragile zein norbanakoak.

Izan ere, eskolaren bizkar karga dezente jartzen ari da azken urteotan.

I.F.: Hezkuntza sistemak daukan eredu androzentrikoak dakarrena da eskola bera instituzio bezala subjektutzat hartzen duela, baina ikasleak ez. Jendartean antzeko zerbait gertatzen da gizon eta emakumeekin; emakumeen eskubideak lortu nahi ditugu baina oraindik subjektua gizonezkoa da. Oso zaila da aldaketa ematea subjektua ez bada erdigunean jartzen eta bere nahiak, desioak eta beharrak ez badira aintzat hartzen. Hezkuntza sisteman horrela gertatzen da haurra bera ez delako erdigunean jartzen eta bere parte hartzea ez delako sustatzen. Nolabait egitura goitik dator; mandatuak, arauak, eginbeharrak...

Gure proposamena bestelakoa da; hezkuntza sisteman horizontaltasuna txertatu beharko genuke. Eta badakigu zaila dela, gobernu batek ezin dituelako kontrolatu egitura horizontaletan oinarritzen diren ikastetxe atomizatu horiek guztiak. Jakitun gara eguneroko praktikarako errazagoa dela homogeneizatzea. Eta hor sortzen da talka; hezkuntza sistema goitik behera deseraiki egin behar da eta berriz zerotik hasi.

Hezkidetza irakasgai potoloa da, baina pauso txikiekin eman daiteke, ezta?

N.L.: Hezkuntzak jendartean dauzkagun arazoak gainditzeko eta jendartea bera eraldatzeko tresna bat izan beharko luke, eta ez behin eta berriz jendartean nagusitzen diren baloreak erreproduzitzera mugatzen den sistema bat; konformismoa, indibidualismoa, lehiakortasuna... Azken finean, botere-egituren mesedetara egongo diren pertsonak heztera bideratuta dago. Hezkidetza bada gauza horiei guztiei buelta emateko modua eta zeharka txertatu behar da egunerokoan; jarreretan, edukietan eta funtzionatzeko moduetan.

Nola susta dezakegu hezkidetza egunerokoan? Emaguzue adibide bat.

N.L.: Adibiderik onenak norberaren jarrerak aztertzean aurkitzen ditugu. Izan ere, gu ere bagara sozializazio agenteak eta, kontrako ahaleginik egin ezean, egun egonkortuta dagoen eredu sexista birsortzeko joera hartzen dugu. Adibidez, neskak eta mutilak agurtzeko ditugun moduak ezberdinak izaten dira maiz; neskengana zuzentzerakoan “kaixo polita” esatekoa, itxura fisikoari edota janzkerari erreferentzia eginez. Aldiz, mutilei beste gako batzuetan egiten diegu agurra, eskua zabaldu eta “eman bostekoa” esanez, esate baterako.

Neskekin eta mutilekin izaten ditugun jarrerak ezberdinak izaten dira maiz, eta horien bidez mezu eta balio ezberdinak transmititzen ditugu, genero rol eta estereotipoak indartuz. Pertsonak bere osotasunean era askean eta modu integralean garatzeko aukerak eskaini behar ditugu, eta horretarako ezinbestekoa da genero estereotipoak edota etiketatzeko joerak gure praktiketatik kanpo uztea.

I.F.: Horri curriculum ezkutua deitzen diogu. Badakigu badagoela curriculum formal bat, curriculum erreal bat –bestea aplikatzen denean izaten den benetako emaitza– eta, horrez gain, curriculum ezkutua ere badagoela. Jendartearen parte garen guztiok hain errotuta ditugun balio androzentrista, matxista eta heteropatriarkal horiek modu inkontziente batean transmititzen ditugula. Inkontzienteak diren neurrian ezin dira identifikatu eta zuzendu. Gainera, jarrera horiek gero eta leunagoak eta ezkutuagoak dira.

Esaten duzuenez, jaio orduko transmititzen zaizkie neska-mutikoei rol jakinak. Norbaitek esajeratutzat joko du hori.

N.L.: Jaio orduko, dituen genitalen arabera, gauza asko transmititzen zaizkio haur bati; besteak beste, neska edo mutila nola izan. Harremantzerako moduetan esate baterako, hitz egiteko erabiltzen dugun tonua edota tratatzen ditugun gaiak desberdinak izaten dira; neskei suabeago eta gozoago hitz egiten diegu, eta, mutilei, ozenago. Bestalde, haurrei egiten zaizkien opariak hor daude; zer oparitzen zaie neskei eta zer mutilei? Arropa berdinak erosten dizkiegu? Errieta egiterakoan berdin egiten diegu neska eta mutilei? Eskolaz kanpoko zein jardueratan apuntatzen ditugu neskak eta zeinetan mutilak? Nor joan ohi da judora eta nor pianoa jotzera? Haiengan jartzen ditugun itxaropenak, espero ditugunak, berdinak ote dira?

Beraiekin nola erlazionatzen garen behatzea besterik ez dago transmititzen ditugun detaile eta estimulatzen ditugun jarrera ezberdinez ohartzeko. Espektatiba ezberdin horiek presente daude sozializazio prozesu guztiaren zehar, genero estereotipoak indartuz eta iraunaraziz . Izan ere, zenbat gauza egiten ditugu ezberdin neskek eta mutilek? Abiapuntu horretatik ezberdintasunak naturalizatzen dira eta ahaztu egiten dugu batzuetan, egiten dugunak egiten gaituela.

Eta eskola ere sistema horren parte da.

I.F.: Adibide bat jarriko dut. Eskolan, Haur Hezkuntzan, komun berdina erabiltzen dute neskek eta mutilek, eta elkarrekin gainera. Lehen Hezkuntzan banatu egiten dira neskak eta mutilak. Horren atzean zein intentzio egon daiteke? Ba segur aski desira heterosexuala eraikitzen laguntzea. Neskak eta mutilak banandu, bata bestearen begietatik ezkutatu eta jakin mina piztu. Estrategia bat da? Gure ustez bai. Dena egituratuta dago jendarte eredu zehatz bat bat-batean ager dadin. Eta agertzen da bat-batean, baina ez besterik gabe, nolabait programatuta dago.

Betaurreko moreak jantzi behar omen dira. Nola egiten da hori?

N.L.: Betaurreko moreak janztea norberak egin beharreko ariketa kontzientea da. Ariketa horretan dena zalantzan jarri behar da; norberaren jokaera, desioak, nahiak... eta hortik deseraikitzen hasi. Norberak izan duen sozializazio prozesua ere aztertu behar da. Betaurreko moreak janztea ezin da azalean geratzen den ariketa bat izatera mugatu, modu kritiko batean prozesu pertsonal bati ekiteko gonbidapena delako.

I.F.: Behin betaurreko moreak jantzita, ezin dira erantzi gainera. Egunerokoan gauzak begiratzeko modua aldatzea da gakoa eta oso lotuta dago norberak erabiltzen duen komunikazio motarekin, gorputz adierazpenarekin, harremanak eraikitzeko moduarekin, etengabe atxikitzen dizkiguten genero rolak berrikusi eta aldatzearekin... Baina ez dago formula magikorik. Gai hau oso lotuta dago jendartearen garapenarekin eta oso zaila da formula magiko karratu eta itxiak aplikatzea. Etengabeko esperimentazioa da.

N.L.: Eta esperimentazio horretan nekatu ere egin gaitezke. Baina ez dugu ahaztu behar aldaketa hauek ez direla epe motzekoak, emaitzak pixkanaka ikusiko ditugula eta luzera begira etorriko direla. Pentsa zenbat urte daramatzan lanean feminismoak hezkidetzaren aldarria egiten. Aldaketak apurka egiten dira. Hezkuntza komunitateko kide garenok oso garbi izan behar dugu etengabe gure jarrerak berrikusi behar ditugula, zuzendu daitezkeenak zuzendu eta esku hartze berriak programatu. Etengabeko prozesua da.

Jendartean hain hedatuta dagoen «berdintasun faltsuaren» ideia ere hor dago. Zuek gaztetxoekin lanean ari zarete. Zer ikusten duzue?

N.L.: Ikasleek oso ondo dakite zein den diskurtso zuzena, zer den politikoki zuzena eta zer den esan behar dutena. Aniztasuna, eskubide berdinak... balore horiek zeintzuk diren badakite, baina, praktikan, beren harremantzeko moduak ikusten dituzunean nabarmenak dira genero rol eta botere harremanak. Egia da aldaketa batzuk ematen ari direla, haurren artean aniztasun handiagoa ikus daiteke, baina ezin da joera hori orokortu.

I.F.: Aniztasun gehiago egon badago, baina jendarte bezala oraindik kostatu egiten zaigu aniztasun hori ikusaraztea, kudeatzea eta balioa ematea.

Gaztetxoek rolak errepikatzen dituztela diozue. Indarkeria matxista kasuetan maiz oso gazteak izaten dira protagonista. Zer ari gara gaizki egiten?

N.L.: Gauza asko egiten ditugu ondo, baina zaila da, patriarkatua hain da kapaza testuinguru berrietara egokitzeko eta zirrikitu berriak aurkituz bizirauteko... Merkatu logiken laguntzarekin eta oso modu sotilean gainera...

I.F.: Globalizazioaren ondorioz mundu osoan gertatzen ari den fenomenoa hor dago. Industria kultural guztiek sekulako pisua hartu dute mundu mailan: gaur egun hemen AEBetan entzuten duten musika berdina entzuten dugu; film berdinak ikusten ditugu; berdin janzten gara... balio asko globalizatu egin dira. Eta industria kultural handi horiek harremantzeko eredu jakinak bultzatzen dituzte, janzteko modu jakinak, bizitzeko erak... eta askatasunaren kontzeptu faltsu baten eskutik hipersexualizazio fenomeno bat etorri da. Zabaltzen diren rolak, mezuak eta kanonak oso markatuak dira. Norabide batzuetan aurrera egin dugu, baina beste batzuetan ez. Areago, eredu zenbait indartu egin dira, eta ez da parekidetasunaren mesedetan izan.

Hezkidetza hain garrantzitsua izanik, eraiki nahi dugun jendartearen zutoin izanik, nola ez dauka presentzia handiagoa Irakasle-eskoletan?

N.L.: Irakasle-eskoletan gai zentrala izan beharko luke aspalditik. Askotan irakaslearen sentsibilitatearen esku geratzen da gaiaren lanketa eta pertsona horien lanaren aitortza egiten dudan arren, ezer gutxi lor dezakegu ez bada zeharka lantzen den gai bat. Ez delako soilik irakasgai bat, baizik eta ikuspegi bat.

I.F.: Orokorrean lan mundu osoan txertatuta egon beharko luke, oraindik indarrean baitago lan banaketa sexual oso garbia. Badira gizonezkoentzat lanbideak eta emakumezkoentzat lanbideak. Txikitandik transmititzen diren gauzak dira. Baina egia da haurraren garapenarekin lotuta dauden alorretan hezkidetzak presentzia erabatekoa izan beharko lukeela. Eta, noski, Irakasle-eskoletan.

Nolakoa da nahi duzuen eskola eredua?

N.L.: Denontzako eskola. Bene-benetan denontzat. Horrek inplikatzen dituenarekin. 

I.F.: Sexuaren araberako estereotipoak eta rolak ezabatzen lagunduko duena; harreman parekideak sustatuko dituena; ikasle bakoitzari erabat garatzeko aukera eskainiko diona; curriculumean emakumeen ekarpena jasoko duena; ikasleen autonomia indartuko duena, bai arlo pribatuan bai publikoan; orientazio ez sexista eskainiko duena; genero indarkeria eta sexismoa sorburu duten indarkeria mota guztien prebentzioan lan egingo duena eta mikromatxismoei arreta berezia eskainiko diena. Hori da helmuga eta bidean serio abiatu beharra dago.

«Neskak eta mutilak agurtzeko ditugun moduak ezberdinak izaten dira maiz. Neskei ‘kaixo polita’ esaten diegu, itxura fisikoari edota janzkerari erreferentzia eginez. Aldiz, mutilei beste gako batzuetan egiten diegu agurra, eskua zabaldu eta ‘eman bostekoa’ esanez, adibidez»

«Hain errotuta ditugu balio androzentrista, matxista eta heteropatriarkal horiek, modu inkontziente batean transmititzen ditugula»