Mirari Martiarena

Erantzi

Ez naiz inoiz hondartzazalea izan. Edo behintzat hori sinestarazi izan diot nire buruari. Ez naiz inoiz eguzkizalea izan. Edo behintzat aitzakia hori erabili izan dut askotan. Inguruak, telebistak, publizitateak… sinestarazi zidaten umetan gizena egoteagatik nire gorputza ez zela inon eta inori erakusteko modukoa. Ordutik beti ibili naiz tapatu, tapatu eta tapatu. Eta inork ez dit irakatsi ikasitako mezu horiek desikasten.

Gizenago edo argalago egon izan naiz, baina beti moxtaka edo, behin medikuak bota zidan bezala, “potolita”. Tripa, titiak, izterrak… handik eta hemendik nola disimulatu pasa dut bizitza erdia baino gehiago, nire gorputza gorrotatu eta nazka sentitzeraino. Kolore beltzeko jantziak dira nire armairuan zerbaitegatik nagusi: nire gorputza estilizatu edo argaltzeko. Berriz ere tapatu, tapatu eta tapatu.

Baina ikasi dut nire lehen etxea nire gorputza dela. Nire mailegu eta hipoteka garrantzitsuenak berarekin ditudala, ez dudala berarekin zorretan egon nahi. Nire gorputzarekiko interesak neronek zaindu behar eta nahi ditut. Ez dut beste gorputzik eta bertan biziko naiz hil arte. Ikasi dut lotsekin eta konplexuekin ez noala inora. Eta agian horregatik hasi naiz aurten hondartzara edo igerilekura lasai joaten. Bikini koloretsu bat erosi dut lehen aldiz eta uste baino erabilera handiagoa ematen ari natzaio. Ikasi dut hondartzazalea izan naitekeela; eguzkia ez dudala baserriko belarrak ontzerako garaian bakarrik hartu beharrik, eta, nahiz eta eguzkitan egoteko sugandila sen hori ez izan, gustura egon naitekeela.

Urtetan nire gorputza estaltzeko erabilitako aitzakiak albo batera utzi ditut, nahi gabe nire buruari erantsitako zamak bidean utziz. Oraindik arropa beltz ugari dut armairuan, baina hori ere pixkanaka aldatzen ari naiz. Nire etxea jantzi eta apaintzen ikasten ari naiz, nire gorputza maitatzen, izan nahi dudana izan eta gustura bizitzeko. Lotsak eta konplexuak erantzi ditut gehiago ez janzteko. •