Kattalin Miner

Adiorik ez

Urte hauen ostean, denboraldi baterako GAUR8n idatziko dudan azken artikuluaren aurrean topatu dut nire burua. Denbora honetan orrialde zuriek estualdiren bat edo beste pasarazi badidate ere, aise ekin diot hitz bat bestearen atzean paratzeari. Gaur, ordea, urte hauetako artikulu zerrendari erreparatu diot eta hara non topatu dudan, nire ordenagailuan, “Hurrengorako ideiak” dioen dokumentua. Urteetan zehar zorrak pilatzen ditugu maiz, badaezpada ere; noizbait orrialde zuriaren amenazuak joz gero helduleku izoztuak gordetzen ditugu dokumentuotan. Egia, ordea, hurrengoa da: ez ditut inoiz ideia horiek erreskatatu, zorretan geratu naiz badaezpadako kontu horiekin.

Gaien zerrendak, ordea, kuriositatez bete nau, nola behin pentsatu nuen bazutela zer esan eta gaur antzu zaizkidala agian. Baina kuriositate handiagoz ikusi ditut izenak bertan, noizbait norbaiti edo batzuei artikuluak zuzentzeko gogoa izan dudala ikustean. Izen potoloak dira asko, Urkullu edo Munillarenak demagun, baina badira ere horienak baino balio handiagoa dutenak. Beraz, hona hemen merezi dutenekiko zorrak kitatzeko aukera.

Lagunak dira zerrendako lehenak. Nola ez paratu hemen, hainbeste artikulu egiteko inspiragarriak izan zaizkidan horiek. Nire estreinako artikuluaren titularra ere haiek eman zidaten: “Indezentzia eta suzialismoa”. Zuek zarete, noizbait zerbait esateko izan badut, nire bizitza inspirazio iturriz ez ezik eduki politikoz ere bete izan duzuenak. Taberna zuloetatik manifetara leloak altxatuz, nireak ziren artikuluak gureak zirela ziurtatuz. Biba zuek! Zuena izan da jardun honen zatirik handiena.

Amari eta etxekoei beste horrenbeste. Eman baitiot familiari (instituzio gisa) egurra maiz. Amaren eta aitaren eguna lehertuz, abizenak aldatzeaz arituz, familia biolentzia dela sarri aipatuz. Hori guztia ezin daiteke egin etxean dituzunak alboan eta libre daudela jakin gabe; zuena, artikulu guztiak artxibatu dituzuen horiena, da maitasun erradikalena.

Erradikaltasunari erreparatuz, ezin jarraitu beste hainbat bidelagun erradikali aipamenik egin gabe. Feminismoak bizia itzuli zigun, baina feminismoa ez da ideia bat, feminismoa egite bat da, konstantzian bizitzeko modu bat, atzera bueltarik gabeko plazerezko hautu bat. Nola bada zuok aipatu gabe utzi, zuokin bizitzen eta borrokatzen dudanean egunero, existi daitekeen mundu posibleena egiten dihardugunean egunero, oasiz bete didazuenean bizitza; lanetik hasi, militantziatik segi eta gure aisialdia betetzeraino. Ez gaituzue geldituko, feminismoa hedonismo konbatiboa delako guretzat.

Aisian ere, nire garagardo zaletasunari men eginez, taberna zuloak eta terrazak –edo zerbeza latak– elikatu dituzuenoi besarkada mozkortuenak bueltan. Hernanitik Donostiara, Euskal Herri osoan zehar egin daitezkeen poteo guztiak barnebildu eta bertan hizketaldi sakon eta jenialenak eman dizkidazuenongatik topa! Herrikoak aipatu gabe ezin utzi, ezin delako itxi gure poteorako grina, jakin badakigun arren topaleku horiek, alkoholetik harago, herri hau eraikitzeko leku izan direla eta izango direla. Libre!

Nola ez, kartzelako ziegetan zaudeten lagun eta ahizpa guztiak! Zuek bai irakurle finak. Eskerrik asko, maitasun iraultzailez, borroka, amaitu arte, ez dela bukatzen egunero erakusteagatik. Laster arte lagunok.

Azkenik, gorroto zaituztedan horiei guztiei aipua. Ez duzue lortu bizitzak dituen ordu apurrak zuekin galtzea, eta hori gauza sublimea da. Mundua, zuen kontra baino, gure alde eraikitzea erabaki genuelako aspaldi.

Eta elegantzia apurrik geratzen bazait oraino, GAUR8ko kideei eskerrak ematea besterik ez dut, ondo zaindu eta bidean ahotsa altxatzeko leku zoragarri hau eskaintzeagatik. Segi horrela irakurleak gozarazten, hauei pentsarazi eta asaldarazten.

Adiorik ez. •