Nafarroa arragoa
Arragoa, tenperatura altuetan metal bat urtzen den edukiontziak hartzen duen izena izanik, irakiten dagoen Nafarroa marraztu zuen poetak. Nafarroa, kultura, ideia, pertsona, hizkuntzen aurkakotasunez eta kontraesanez eraikitako labea irudikatzen zuen nonbait: sua eta ura, maitasun eta gorroto, gezur eta egia, nahia eta ezina...
Xabier Letek gero kantu bilakatu zen olerkia zertu zuenean espero ote zezakeen gaur egungo Nafarroaren bilakaera politikoa? Asko aldatu dela pentsa ote genezake?
Aldaketa politikoaren aldeko indarrek gehiengoa lortu izanak eraman gaitzake okerreko usteak piztera. Demokrazia formalaren alde onak ikusten jarrita, aurkariek baino parlamentari bat gehiago izateak ematen duen ikuspegia, txuri eta beltzaren arteko aldea dagoela ikusaraz lezake. Hori horrela balitz, egia gezur bilakatzeko arriskuaren mugetan egon gintezke.
Miresgarria deritzot hauteskundeetan irabazle gertatu direnek egin duten errealitatearen zentzuzko irakurketari. Arragoa tenperatura altuak hartzeko ontzi prestatua izan arren, lehen-lehenetik sutan irakiten jarri ez izanak, borroka-toki ekaitzez betearen ordez, argiaren pausaleku, haizearen ibil-toki hesirik gabea izatera bidera lezake. Hori ote amesten dugun Nafarroa, Nafarroa betikoa?
Hala ere, ezin jasan minik gabe Iruñeko alkateak euskaraz iruindarrei zuzendutakoan, euskaraz egin izateagatik, hainbat herritarren aldetik jasotako txistuak. Saminez biziko luke, guk bezala poetak ere, lurrik maitatuena, hormarik gabe utzitako etxea bihurtu nahi izatea.
John Ralston Saul idazle eta pentsalari kanadarrari berriki irakurri diogu: «Adierazpen askatasunaren bortxaketarik larriena herri batek bere hizkuntza galtzea da». Adierazpen askatasunaren izenean txistu egin zuten Iruñeko udaletxe aurrean. Xalbador bertsolariaren gisara erantzungo beharko luke alkateak: «Zuek txistua jo didazue baina... maite zaituztet oraindik». •

