Iratxe Urizar

Gerturatu eta hamalau

Arazo bat ezkutuan dagoenean bere existentzia bera ezkutatzen da; sinpleki ez dago edota bere benetako dimentsioa jakitea aski zaila da. Gertatzen da ere hura argitara azaltzen hasten denean arazo berria dela uste izaten dugula, edo jada zegoena larritu egin dela. Bortizkeria matxistarekin halako zerbait gertatzen dela uste dut. Oihu eta jazarpenetik, bortxaketa eta erailketara. Bere tamaina ondo ezagutzeko datu errealik gabe, bigarren mailako elementuen inguruan polemika piztea gerta daiteke (protesta egiteko aukeratzen den modua, esaterako), edo oraindik okerrago izan daitekeena: erasoen berri amaigabeen aurrean bere existentzia normalizatzen hastea eta “babes-oskol” bat haztea gugan. Egunerokotasunean kokatutako gaitz ekidin ezina, alegia, zeinaren aurrean erantzun zibilizatu eta lasaia antolatuko dugun.

Orain egun gutxi, Euskal Herrira oporretan etorritako New Yorkeko irakasle eta berdintasunaren aldeko aktibista batekin bortizkeria matxistaren inguruan hitz egiteko aukera izan nuen. Herri eta auzoetan gertatzen ari diren erasoei buruz hitz egitean, Ameriketako Estatu Batuetako campusetan ematen direnei buruz hitz egin zidan (hura ere, tradizioz eta tradizionalistez betetako esparrua). Errealitate ezaguna izan arren, urte luzez isildua. Azken urtean, hala ere, gai oso eztabaidatua izan da, argitaratu berria den ikerketa bat dela eta. Ameriketako Estatu Batuetako unibertsitate campus eta erresidentziak aztertuta ateratako ondorioen aurrean hitzak soberan daude: ikasketek batez beste irauten duten lau urteetan, bederatzi gaztetatik batek sexu eraso bat jasaten du gutxienez behin. Baina ez hori bakarrik, hirutik batek bortxatuko lukeela aitortzen du, ezer gertatuko ez litzaiokeela jakingo balu. FAR Bortxaketaren Aurkako Fakultatea elkartearen arabera, fakultateetan dauden emakumezkoen %20k sexu erasoren bat jasan du, erasoen %90 salatzen ez badira ere.

Bertigoa sortzen duten zenbakion aurrean, ordea, antzinako formulak erabiltzen jarraitzen dute, datuok ezagutuko ez balituzte bezala. Biktima kulpabilitzatzeko zalantzarik ez dute, “The Guardian” egunkariak ezagutarazi berri duen kasuan bezala. Emakume estatubatuar batek bere unibertsitatea, Virginia Wesleyan College, salatu zuen. Neskak ondorio larriak pairatzera eraman zuen eraso sexual larria sufritu zuen. Erasotzailea identifikatu eta unibertsitatetik kanporatu zuten. Hala ere, fakultateak berak gomendiozko gutuna idatzi zion beste unibertsitate batean onar zezaten, eta bere espedientean gertatutakoari buruz ezer ez idaztea erabaki zuen. Neskaren salaketa jaso zuenean, gainera, zentroak honakoa egin zuen: emakumearekin sexu harremanak izandako gizon guztien izen-abizenak lortu eta beraiekin bildu zen biktimari buruzko informazioa lortu asmoz.

Ondorio latzak ere jasotzen dira aipatu ikerketan. Erasotzaileen %26k baino ez zuten azalpenik eman behar izan poliziaren edo ikastetxeko zuzendaritzaren aurrean, eta %1 baino ez zuten ikastetxetik kanporatu. Errealitate negargarri batekin egiten dugu topo: unibertsitate estatubatuar batetik egotzia izateko aukera gehiago ditu azterketa batean kopiatu duenak klasekide bat bortxatu duenak baino.

Gurean, titular asaldagarriak bata bestearen atzetik jasotzen ditugun jario etengabe eta itogarri honetan, sumindura eta amorrua sentitzen dugu. Hala ere, kasu gehiago salatzeak ez du esan nahi erasoak gehitu direnik. Goazen kasu guztiak kalera ateratzera, “gertatzen diren gauzak”, “beti gertatu izan dena” edo “etxean garbitu beharreko arazoak” gehiago izan ez daitezen. Prebentziorako funtsezkoa da hezkuntza, berdintasun eta errespetu baloreak indartzea; emakumea objektu bilakatzearen ideiatik aldentzea, norbaiten jabetza garen sentimendua behin betiko suntsitzea. Epe ertain eta luzera begirako eguneroko lan isila funtsezkoa da. Isila ez da izango, ordea, erantzuna: ez goaz ohitzera eta ez goaz onartzera. •