Iratxe Esnaola
Informatika ingeniaria

Nola aldatzen diren gauzak, kamarada!

Nola aldatzen diren gauzak, bai. Ikasturte bukaeran lankide batek baino gehiagok, animo artean, doktorego tesiaren garapenaren abenturak kontatu zizkidan. Orduan ez zela ez sarerik ez Google bilatzailerik ez ordenagailurik ez egungo bulegoko tresna ahaltsurik ez ezer. Orduan dena zela papera, liburutegi fisikoa, idazteko makina. Miresten ditut.

Astebete falta zait doktorego tesia depositatzeko. Lo eta jan gutxi. Lan eta urduritasun asko. «Bizitzan behin eta bizitza guztirako!», esaten zidaten lankideek. «Zuretzat da eta zurekin egongo da beti», zuzendarietako batek. Gogorra da doktorego tesiaren kontu hau. Borondate handia eskatzen du. Eta diziplina. Eta ordena. Baina polita ere bada orrialde kopuruak gora egiten duela ikustea. Kapituluak betetzen doazela. Zentzua eta forma hartzen ari dela sentitzea. Zure-zurea dela. Baina, batez ere, bukaera laztantzea.

Bukaeran nago. Urduri, baina ilusio handiz. Eta inoiz baino gehiago oroitzen naiz lankideek kontatzen zizkidaten abentura haietaz. Garai hartan lan egiteko moduez. Eta pozten naiz, nahi gabe, doktorego tesia XXI. mendean egiteko aukeragatik. Miresten ditut aurreko mendekoak.

Azken astean erreferentziak txertatzen ibili naiz. Hor sentitu dut, batez ere, XXI. mendearen arintasuna. Zitak eta erreferentziak dokumentatu eta testuan txertatzeko tresnek urrea balio dute. Google Scholar bilatzailearekin (https://scholar.google.com) eta Refworks erreferentzien kudeatzailearekin (https://www.refworks.com) maitemindu naiz. Lehenak erreferentzia sortzen zidan (kasu gehienetan zuzenketa bat edo beste eskatzen du, baina nik aukeratutako arauak aplikatuz sortzen du, APA kasu: https://en.wikipedia.org/wiki/APA_style). Eta klik batekin, Refworks kudeatzaileko nire kontura esportatzen du. Refworks erreferentzien kudeatzaile bat da eta erreferentzien antolaketa errazten du. Eta “bibliografia sortu” botoia klikatu eta… “artxila mortxila”, magia egiten du.

Erreferentzien kudeatzaileak ikerlari eta liburuzainentzat oso baliagarriak diren tresnak dira. Eta ia ezinbestekoak gaur egun. Informazioa inoiz baino eskuragarriago dago, erraz eta azkar aurki daiteke. Informazio iturriak esponentzialki hazi dira. Eta, horrekin, ikerlariak inoiz baino informazio gehiago kudeatu behar du, iturri ezberdinetatik datorrena homogenizatu edo bateratuz. Horretan laguntzen dute erreferentzien kudeatzaileek. Are, ageriko abantaila horri, erreferentzia kudeatzaile, bilatzaile eta testu editoreen arteko bateragarritasuna gehitu behar zaio, euren artean “hitz egiteko” gai izanez, eta kudeaketa erabat sinplifikatuz.

Internetek, partikularki, eta teknologiek, oro har, ikerlariaren lana irauli dute. Sareak informazioa gure laneko mahaira ekartzen digu, eta mota guztietako tresnek informazio hori kudeatzen laguntzen dute. Lan nekeza da doktorego tesiarena (eta zer esanik ez beka baten laguntzarik gabe, beste zerbaitetan lan egitea ezinbestekoa denean, bizi ahal izateko). Nik badakit zenbat energia inbertitu dudan, zenbat izerdi isuri, eta ezin irudika dezaket nola arituko ziren XX. mendean. Zein ezberdina izango zen doktorego-tesiaren garapenaren prozesu guztia. Eta beste teknologia batzuekin bada ere, niri ere iritsi zait: bukaera laztantzeko eguna. Eta barrua goxatzen du horrek.

Teknologiak aldatu dira, baina orain sentitzen dudana XX. mendekoek ere sentitu izan zutela esango nuke. Nola aldatzen diren gauzak, berdina sentitu arren. •