Amagoia Mujika

«Eta? Hori txarra da, ala?»

Liskarrean aritu dira pilotalekua nork erabiliko. Jolaserako baino, liskarrerako daudela iruditu zait eta sesioaren ikusle bihurtzea erabaki dut. Konpon daitezela bakarrik.

Zaharrenak dozena bat urte dauzka; txikienak, dozena erdi. Itsusikeriatan dabiltza, nork handiagoa bota. Irainak ilaran, betiko irainak, gure garaikoak eta oraingoak. Irainak ez dira modaz pasatzen, beti egokitzen dira garaiaren parean. Eta, azkenean, zaharrenak, erabat sututa, aurpegia gorrituta, sekulakoa esatera doanaren plantak eginez, oihuka bota dio parekoari: «Marikoia!!». Ez da harririk erori zerutik, ez da pitzatu pilotalekuko lurra, ez da ezer izugarririk gertatu. Baina lasai antzera liskarrari begira dagoen mutiko batek galdera egin du: «Eta? Hori txarra da, ala? Galdetu besterik ez dut egiten...». Isildu eta chupa-chupsa miazkatzen segitu du, mingain urdinduarekin.

(Bere gurasoei kontatu behar diet).

Galdera bat besterik ez da izan. Besteek errietan segitu dute, baina galdera hor geratu da. Badut itxaropena galdera hori neska-mutiko zirikatzaile horien belarrietatik norabait sartu dela, eta hor barruan pausatu. Eta noizbait loratuko dela behin airean geratu zen kezka.

Izan ere, nork ez dauka barruan noizbait umetan erantzun gabeko galderaren bat? Haurra zela entzundako esaldiren bat? Txikiegia zelako ulertu ez zuen egoeraren bat? Akordatzen naiz oraindik nola larritu nintzen lagun batek bere amak «drogeria» bat zuela esan zuenean. (Drogeria=Droga saltzen duten denda).

Haurrek dena entzuten dute, nahiz eta akaso ez duten dena ulertzen. Aipatu ditudan bi mutiko horien gurasoen jarrera erraza da aurreikusten: «Marikoia» esan duenak seguru hori ez duela etxean ikasi. Eta, besteak, hori txarra ote den galdetu duenak, etxean jaso du lezioa. Nola da posible norbanakoak hain irekiak, anitzak eta toleranteak izanik elkartzen garenean hain jendarte homofoboa osatzea? •