Jon Garmendia
Elkarrizketa
josebabaleztena
musikaria

«Musika zuzenean eskaini aurretik denbora eman behar duzu zain, denboraren nozioa aldatzeraino»

Beratarra da, musikak jira bereziak ematen dituen tokikoa. Bere ama Joseba Irazokiren musika irakaslea izan zen, eta Irazoki, bere gitarra irakaslea. Beran musikak belaunaldiak korapilatzen dituelako

Ez da atzo goizean jaioa Joseba Baleztena, baina gaztea da oraino, eta ibilbide luzea garatu du musikari gisa, nahiz eta egungo Joseba B. Lenoir Gang taldearekin lortzen ari den bultzadak aitzinean duen ibilbidea luzeagoa izanen dela adierazten duen.

Musikari trebea, ona, talde eta agertoki anitzetan erakutsi baitu trebetasun hori; Ameba, Sexty Sexers edo Sumision City Bluesekin adibidez. Artista bat da, hitz bakan horrek bere konplexutasuna agertuko duen esperantzarekin erranda.

Berako musikaria Joseba B. Lenoir taldearen arima da, bele «noir», bele beltza bailitzan, habia utzita toki desberdinetara joaten den hegaztia bezala, baina berriro itzultzeko, belea habiara bezala Joseba musikara, hura baitu bizitoki. Eta hori argazkiak hartzeko hilerrira eraman dugula, nehoiz baino biziago ageri den artista.

Saran egin dugu hitzordua berarekin, bere berri izateko, inguru berezian, Larrun magalean, bere diskoak grabatu dituen herrian, Iñigo Irazokiren estudioan landu baititu sorkuntzak.

Beratik musikariak sortu eta sortu...

Ama musikaria dut nik, bera izan zen, gainera, Berako musika eskola sortu zutenetako bat, eta agian horrek lagundu dit. Txistua jotzen hasi nintzen, eta hamalau bat urte nituelarik, rock-and-rolla maite nuelako, gitarra eskuetan hartu eta geroztik hor nabil. Beran elkar trukaketa bat izan da musikarien artean, eta beharbada horrek eragin handia izan du hain toki ttipitik hainbeste musikari ateratzeko. Nire gitarra irakaslea Joseba Irazoki izan zen, eta aldi berean ene ama izan zen haren irakasle. Gero, guk harremana izan dugu, Beñardo Goietxerekin, Pettirekin, Irazoki anaiekin... musika anitz trukatu dugu elkarrekin, eta baita denbora elkarrekin pasatu ere, gozatzen.

Eta gazterik, biziki gazterik sortu zenuten Sexty Sexers.

Bai, lehenik Ameba taldearekin izan zen halere, hamalau-hamabost urte geneuzkan orduan, Berako musika eskolan geunden adin bertsuko lagunak eta elkarri diskoak pasatzen genizkion, entzuteko CDak, eta geroago entseatzeko hasi ginen elkartzen. Plazera zen gure akuilua, motorra, ongi pasatzeko egiten genuen musika, lagun kuadrilla ginen, bost ginen taldean baina bagenituen beste bizpahiru lagun taldekoak bailiran; entseguetan bikain pasatzen genuen, maketa bat atera genuen, jendea kontzertuetara etortzen hasi zen, eta kanpoan ere jo genuen. Europan ere zuzeneko ederrak izan genituen, bestalde. Garai horretan lan pila bat egin genuen, eta marroi pila bizituak genituen, bestalde. Baina egia da Sexty Sexersekin nahiko eroso bizi ginela, musikarekin gozatzen, kontzertuetan jendea izaten genuen eta gaztetxeak betetzen ziren gu ikusteko. Oso kontzertu «guapuak» izaten ziren haiek.

Eta bukatu zen? Betiko?

Atsedena hartu genuen. Taldeko partaideak hasi ziren bizitzako beste gauza batzuei garrantzia ematen. Tira, denborarekin, taldekideok beste lehentasun batzuk izaten hasi ziren, eta normala da hori, badituzulako bete beharreko ardura batzuk, eta bestalde, gertatzen zen ere kontzertuetara joaterakoan taldekideren batek nahiago zuela arratsaldea bere kabuz pasatu eta soinu probarik gabe kontzertura zuzenean agertu. Hor denek ulertu genuen zerbait aldatzen hasi zela, edo zerbait egin behar zela hasierako ilusio hori berreskuratzeko. Deskantsu bat egitea erabaki genuen baina deskantsu hori bukaera bilakatu da. Honek ez du erran nahi noizbait berriro joko ez dugunik.

Baina ez zara soilik musikatik bizi izan, edo ez behintzat musikarako...

Nire lehenbiziko lana Larrunen izan zen, goizegi hasi nintzen eta gehiegi luzatu zen hura, halere. Larrungo hiru bentetatik bat nire familiarena da, Beratik oinez joanda lehena. Aitatxiri bururatu zitzaion bidea zabaltzea, baserritik bizi ziren, eta guztientzat ematen ez zuela-eta benta bat zabaltzen asmatu zuen, geroztik hura izan da familiaren lana. Gasteizera joan nintzen gero, Euskal Filologia ikastera, eta han hamar urte inguru bizi izan nintzen. Haiek nire bizitzako urte garrantzitsuak izan ziren, irakasle gisa jardun nintzen AEKn.

Esperientzia polita izan zen, gainera, lagun piloa egin nuen garai horretan; gero erran behar dut halako lanak konpromisoa eta militantzia ere eskatzen duela, eta ni beti nengoela pentsatzen beste gauza batzuetan, hau da, noiz bukatuko nuen hasitako kantua edo noiz bukatu eta plazaratu maketa... argi neukan behintzat musika munduan aritu nahi nuela; hargatik egin nuen saiakera, dena utzi eta neukan denbora guztia musikari eskaintzeko.

Eta nola gorpuztu zen aldaketa hori?

Sextyk data konkreturik gabe atseden bat egitea erabaki zuenean Bartzelonara joan nintzen. Erabaki konplikatua izan zen, hemen baneukalako musika munduan ibilbide bat garatua, Gasteizen Sumision City Blues taldearekin ere jotzen nuen bestalde, baina lanik gabe nengoen eta aldaketari eutsi nion. Urte sabatikoa hartu nuen, ikasketak bukatzeko bide batez, eta gero AEKra itzultzeko asmoa neukan, baina bizitzaren zirkunstantziek eraman ninduten Bartzelonara, eta han bi urte eta erdi egon nintzen. Musikari izateko desira neukan, eta garai horretako inportanteena da niretzat denbora izan nuela, abestiak sortzen egoten nintzen etxean, hau da, neska lagunarekin bizi nintzen, bera lanera joaten zen, eta nik kafesnea mahaian neukala gitarra eskuetan hartu eta harekin pasatzen nuen eguna. Konposatzen, ahotsa lantzen, maketak grabatzen... Bartzelonan bakarrik ibili nintzen denbora luze, erranen nuke bakarregi sentitu nintzela han, bakardadearen exajerazio gisa.

Musikari gisa han sendotu zinela erran genezake?

Bartzelonak kontzertu mailan ez zidan deus eman, lehenbiziko hilabeteetan saiatu nintzen kontzertu batzuk lortzen, zerbait grabatu nuen, baina Bartzelonan zaila da kontakturik gabe eta bakarka zerbait txukuna egitea, zirkuitu undergroundaren bidez zerbait jotzea lortu nuen, instrumentalak egiten nituen orduan. Egoera arraroa zen halere, Bartzelonan bizi nintzen, eta Euskal Herrian ordurako lortua nuen arreta eskainiko zidan publiko bat, nolabaiteko ibilbide bat egina neukan. Distantzia fisikoa neukan bestalde, hau da, Euskal Herrian jarraitu nezakeen maite nuena egiten, kontzertuak eskaintzen, eta Bartzelonan ez, baina neure buruarekin bildu eta elkartzeko parada eskaini zidan garai hark, eta momentu batetik bestera dena aldatu zen, zerbait ateratzen hasi zitzaidan, eta horretan dihardut gaur egun.

Joseba B. Lenoir sortu zenuen, bakarlari gisa aritzeko, baina nola bilakatu zen Joseba B. Lenoir Gang?

Gasteizen pasatu nuen azken urtean dago hazia, kantuak sortu eta materiala biltzen joan bainintzen nahiz ez jakin zertarako izango zen. Sexty eta Sumision City Clubekin jotzen nuen garai horietan, eta musika rock-and-rolleroa zen, baina nik gitarrarekin landutako abestiak nahiko akustikoak gelditu ziren, eta hor utzi nituen gordeta. Bartzelonako lehen urtean ere anitz jorratu nuen instrumentala. Denborara, berrartu eta disko baterako materiala baneukala ikusi nuen, grabatu eta lagun bati entzunarazi nizkion, bere erreakzioak animatu ninduen, eta honela Bandcamp-en eskegi nituen kantuak, ohartu nintzen bisitak baneuzkala eta baita deskargak ere, eta harrera on horrek bultzada eman zidan bakarlari gisa hasteko. Gero Felixekin duo modura aritu nintzen.

Amets bat zen enetzat “Tenpesta” laneko kantuak banda batekin jotzea, nik beti sortu ditut abestiak talde bat buruan izanda, hau da, zuzenean eskaintzeko ideiarekin, baina ez nuen ikusten nola osa nezakeen banda bat, zaila baita zuk egindako abestiak beste batzuek defendatzea, edo haiek tokia hartzea zuk egindako horretan, eta nik ez nuen nire lagunak erretzea nahi, baina tira, espontaneoki izan zen boskote bilakatzearena. Bilboko Kafe Antzokian Neil Youngen abestiak jotzeko elkartu ginen. Javier Corral Jerry kazetariak muntatutako ziklo bat da, zati batean artista baten emanaldia eskaintzen duzu, eta beste zatian zurea. Honela gonbidatu nuen Xan Bidegain, Willis Drummonden jotzen nuen nik, eta lagunak ditut, beraz, Xan animatzea erraza izan zen, eta berdin Napoka Iriako Miren Narbaiza eta Ander Mujika, honela nahasketa indartsu bat lortu genuen eta gerora jarraitu du Joseba B. Lenoir Gang sortzeko, lagunarteko giroan, gainera.

Aspalditik dator halere Felix Buff bateriarekin harremana...

Felixek bigarren diskoan sartuak zituen bateriak, eta harekin landu nuen “Tenpesta” diskoa, duo formatuan aritu ginen zuzenekoetan geroago, eta bai, berekin hasi dut hau guztia. “Tenpesta” grabatu genuenean Felix harat-honat zebilen, gauza gehiegi zeuzkan, taldeak, kontzertuak... eta eskaintza guztiei ezezkoa ematea erabaki zuen. Bueno ba, ni hor joan nintzaion bakarrik nengoela erranaz, nahi nuela musikarekin zerbait jorratu... eta konpromisoa hartu zuen nirekin zerbait egiteko, kontzertu batzuk elkarrekin ematea adostu genuen. Hori bai, geroago aitortu zidan pena eman niola eta hargatik erran zidala baietz!

Joan edo itzuli?

Joan. Eta berdin du nora, joan, itzultzeko beti baitago denbora. Nire bizitza aldaketan dago beti, bidaian jarraitu nahi dut, ikasten, indarrak bukatu arte. Duela hilabete batzuk Berara itzuli naiz, gainera, eta uste dut itzuli naizela berriro joaten hasteko, joaten jarraitzeko.

Denbora gaindosia duzu?

Izan dut, bai. Bartzelonako nire azken boladan izan zen, ez nekien hagitz ongi non bizitzen ari nintzen, joaten edo itzultzen ari ote nintzen. Eta beti denbora ardatz, musika zuzenean eskaini aurretik denbora pasatu behar duzu zain, denbora nozioa ere aldatu egiten da denborarekin, desiratu dut niretzat izatea, izan dut, eta orain baliatu nahi dut, gauzak egiteko denbora da.

Erraietatik erran, eta erraietatik eman. Hala egiten dela uste duzu?

Nire kasuan, erraietan dudana ateratzea kosta egiten zait. Gaztetan ultralotsatia nintzen, eta musikari esker lotsa hori bazterrean uzten joan naiz. Baina uste dut ez naizela biziki abila sentitzen dudana hitzez esan edo idazteko. Eman dudala uste dut, halere, neukana eman dudala beti. Gero, naturala da ematen duzun bezala jasotzea, baina jasotzen ikasi behar da, eta hor arazoak gertatzen dira, uste baitut abilagoa naizela ematen jasotzen baino.

Nori esango zenioke «izorra hadi»?

Kirolari, futbolari eta bere negozio guztiari. Minari, mina sortzen dutenei, politikari «izorra hadi» handi bat erranen nioke. Solas gehiegi egiteari, eta praktika guttiegi izateari ere «izorra hadi» paratuko nioke aitzinean, ez baitu balio hizketan egoteak, gero ez bada egiten.

Eta zein dira Josebaren tenpestak?

Oraintxe pila bat dauzkat. Eta haiekin bizitzea egokitzen zait. Bestalde, ikasi nahi dut nor naizen, nora nahi dudan joan, neure buruarekin zintzoa izaten eta gero jendearekin, munduarekin.