Garazi Goia

Il Vittoriale

Gabriele D’Annunzio italiar poeta, politiko eta pertsonaia xelebrearen etxe aurrean deserosotasun ezohiko batekin hasi nuen duela egun batzuk bisita hura; etxea eta lorategiak inguratzen zituen hormaren kanpoan zegoen saltzaile ibiltariaren mahai gainean Mussoliniren argazkidun hainbat objektu eta svastika zintzilikarioak ikusi berri nituen. Sinesgogortasun sentsazio hura argazki batean jasotzeko akaso, edo ez dakit ziur zergatik, baina telefonoa poltsatik atera nuenean, nire ustez disimuluz, emakume hura azkar gerturatu zitzaidan debekatuta zegoela bere gauzei argazkiak ateratzea esanez. Ironikoa debekuari buruzko lezioak ematen nor ari zitzaidan.

Anfiteatro ikusgarri bat sarreran duela, altzifrez inguratutako lorategi bikainen erdian, Garda lakuaren edertasun, handitasun eta lasaitasuna presentziatuz, muino baten gainean dago etxea. Inoiz aspertuko ez luketen paisaia horietako baten erdian. Gardone Rivieran, lakuaren mendebaldean. Hantxe eraiki zuen D’Annunziok bere fantasia, Mussolinik finantzatuta, II Vittoriale izenekoa, italiar garaipenen tenplu baten metafora.

Luxuaren maitale, nartzizista, nabarmenkeria atsegin zuena eta seduzitzailea, L’Immaginifico izena jarri zion bere buruari. Ametsek eta desirek bultzatuta idatzi zituen bere lan hoberenak eta Italiako dekadentziaren pertsonifikazio bihurtu zen. Literaturak, batez ere bere poesiek, egin zuten ezaguna hasieran batean, baina bere bizitzaren amaierarako politikan ere urte asko eman zituen; hain zuzen ere, ideal faxisten aitzindaria izan zen. 1897. urtean parlamenturako aurkeztu zen independente bezala, Nietzscheren filosofia egiteko goiburu batekin, «ni eskuina eta ezkerra baino harago nago, baita ongia eta gaizkia baino harago ere». Handik urte batzuetara, Mussoliniren diskurtso politikoak idazten amaitu zuen, propaganda promozionatuz eta hainbat gudutako liderra izan zen. Hala ere, Il Duce-ren erregimena izan zen Garda lakuaren albora baztertu zuena, gauza guztietan ez zetozelako bat, Mussoliniri protagonismoa kenduko zion mehatxutik babesteko eta gainera, Erromatik urrun mantentzea lortu zuten horrela.

Atentzioa eman zidaten gauza asko zeuden etxe barruan, hogeita hamar mila liburu eta hamar mila objekturen artean ez dela harritzekoa pentsatuko luke, noski, edonork; guztiak, etxean zehar gailentzen zen iluntasun deseroso hartan, gerran galdu zuen begiaren ondoren garatutako fotofobiatik babesteko.

Etxean sartu eta korridore motz baten bi aldeetan bi ate zeuden: ezkerreko atea ongi etorriak diren bisitentzat; eskuinekoa gainerako guztientzat. Hasieratik gauzak garbi uzten zituen idazleak.

Inskripzio bat zegoen gela bateko ate gainean, «eskuak bost behatz dituen bezala, heriotza eragiten duten bost bekatu daude». Hain zuzen ere, bekatu kapitalez ari zen, eta zazpien artean bi falta ziren: lizunkeria eta gutizia. D’Annunzioren aburuz, horiek biak dohainak ziren eta ez bekatuzkoak.

Haren estudioetako batean, etxearen goiko pisuan, sabaia erdaraz idatzitako mezuz beteta zegoen: «todo es nada» irakur zitekeen. Oraindik gehiago nahi zuen, beti gehiago. Alboko estudioan, handiena eta argitasun gehiena zuenean, garai hartako Eleanora Duse aktore ezagunaren busto bat zegoen, zapi batekin erdi estalita; idatzi ahal izateko Duseren distrakziorik ezin zuen-eta eduki. D’Annunziok Duserekin izan zuen harremana aski ezaguna zen, “Il fuoco” nobelan kontatu zuen dena; emaztearen arrastorik apenas zegoen etxean, Duseren presentzia, aldiz, oraindik ere nabarmena zen.

Duse ez zen izan, ordea, bere maitale bakarra; emaztea etxean zegoen bitartean hartzen omen zituen maitaleak eta bertan izan zituen hamaika afera, gehienak idazlearen intentsitate androgino hark liluratuta gerturatzen zitzaizkiola. Zalantzarik gabe aparteko limurtzailea izan zen. •