Iñaki Altuna

Lehen dena zen ETA, orain mikrobus batean sartzen da

Baigorrin izandako azken atxiloketen ondotik, PPko Gobernuko Barne ministro Jorge Fernandez Diazek harro hitz egin zuen. Harroputz. ETAren heriotza-agiria ere iragarri zuen, eta erakunde horretako kideak «mikrobus» batean sartzen zirela esan zuen. Gainera, Iratxe Sorzabalen eta David Plaren atxiloketaren ostean, mikrobusak ez zuela ezta gidaririk ere baieztatu zuen. Beharbada, mereziko luke erantzuna: okerrago direla gidari burugabeak, are okerrago bake aukerak aprobetxatzen ez dakiten gobernuak gidatzen badituzte. Nolanahi ere, Gobernu espainolak Euskal Herriko egoera eta bertan duen gatazka nola ulertzen dituen azaltzeko adierazpen borobila egin zuen Fernandez Diazek, betiere konponbide demokratikoen kontra.

Azkenaldian badago, halere, aldaketa nabarmen bat. Ez da denbora asko «dena da ETA» zutela tesi nagusitzat. 2011ko hauteskundeetan mikrobus bakar batean nekez sartuko liratekeen 300.000 lagunen babesa jaso zuen Bildu bera ETA zen. Zer esanik ez Jose Maria Aznar, Jaime Mayor Oreja eta Baltasar Garzon (bai, horixe bera, gaur egun ezkerreko frontearen sustatzailetzat bere burua aurkezten duen epaile ohi famatua) hirukotearen garaian: ETAk egunkariak, irratiak, gizarte mugimenduak, indar politikoak, gau-eskolak, enpresa andana... zituen menpeko, bere burua finantzatzeko eta bere «proiektu totalitarioa» indarren jartzeko.

«Dena da ETA» gezurra zen, gezur galanta, Estatuak abiarazi nahi zuen estrategia bat eraikitzeko eta justifikatzeko erabilitakoa. Ezker abertzalea indargabetzeko marraztu zuten, berriro ere gerra ikuspuntu batetik, GAL garaiko gerra zikina edo presoen sakabanaketa diseinatzeko erabilitako ikuspuntu berbera.

Estrategia aldaketa

Ezker abertzalearen estrategia aldaketak egoera errotik aldatu zuen. Alfredo Perez Rubalcabak bota zion desafioa: «bonbak edo bozak», hautatu behar horretan zatitu edo odolustuko zelakoan. Ez zen halakorik gertatu ordea, Nazio Askapenerako Euskal Mugimendua (kontzeptu hori berreskuratu zuen “Argitzen” txostenak) berrindartu egin zen, beste fase bat irekitzeraino, eta Rubalcaba izan zen botoak galdu zituena.

Egoera aldaketak ez zuen, ordea, Estatuan hain errotua dagoen «garaituak/garaileak» eskema aldaraztea lortu. PP iritsi zen Gobernura Aieteko Konferentzia egin eta hilabete gutxira. Egoera berriak Rajoyk aurreikusten zuen erabateko inboluzioa (Sorturen legalizazioari buruzko ebazpena egiteko zegoen, adibidez) egitea galarazi zion Gobernu berriari. Ikustekoa izango zen Norvegian ETAko ordezkaritza bat zuela zain esan ziotenean iritsi berria zen presidenteari. Urtebete baino gehiago baimendu zuen Rajoyk ETAk, nazioarteko eragileek eta Zapaterok hitzartutako egoera hori, azkenean elkarrizketarako gunea desegitea behartu zuen arte.

Denbora horretan, Gobernua estrategia «berrituz»-edo joan da, betiere gatazkaren muinari ez heltzeko asmoarekin. Arrazoi du ETAk Madril konponbidearen beldur dela dioenean. Euskal Herrian ez du halako ariketa bati ekiteko proposamen eta indar demokratikorik. Horretan ere arrazoi du ETAk. Hala, gatazkaren ondorioak konpontzeko edozein saio trabatzea izan du Gobernuak irizpide nagusi, maiz zentzugabe, jakinda, adibidez, Estrasburgoko Auzitegiaren belarrondokoa jasoko zuela. Hortxe dago «Parot doktrina» delakoarekin gertatutakoa.

Aurreko fasearen giroa irudikatuz eroso sentitu da. Baina, egoera horretan ere, «garaipenak» behar ditu Gobernuak, are gehiago hauteskundeak hurbil direnean. Jakina, orain ez du balio «dena da ETA» esatea. PPren gobernupean ETAk Iruñeko alkatetza eskuratu duela edo Nafarroako Gobernutik UPN botatzea lortu duela adieraztea litzateke. Horregatik, orain, ETA soilik taldetxo bat da. Horixe, ETA gaizkile taldetxo bat da eta Euskal Herrian ez dago gatazka politikorik. •