Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Mundua haurren eta gazteen begietara

Mardako (Palestina) haur talde bati marrazki bana egiteko eskatu genien behin. Orri zuriak eta margoak mahai gainean ipini, eta librean utzi genituen marrazten. Koloretako marrak lotuz joan ziren. Palestinako banderak, etxeak eta abar azaltzen hasi ziren. Denen artean marrazki batek eman zigun atentzioa, bereziki. Argazkiko mutikoak, orri osoa ordenatuki betetzen zuen txarrantxa marraztu zuen. Alanbre arantzadun luzea.

Alboko lagun batzuek ere txarrantxak egin zituzten. Txarrantxaren atzean mundua marraztu zuten, edo txarrantxaren azpian, akaso.

Marrazkia da espresatzeko erabili dugun modurik zaharrena. Historiaurretik erabili da pertsonok barruan duguna adierazteko, komunikatzeko, tresna gisa. Marrazkia, beraz, haurraren hizkuntza naturala da. Une jakinean, bere zirrarak, sentimenduak eta afektuak adierazteko baliagarria zaio. Marrazkiaren bidez, gainera, haurrak hitz egiten digu munduaz duen ikuspegiaz, nola hautematen duen eta bera bertan nola txertatzen den.

Beste egun batean Nablus-eko eskola batera joan ginen. Marrazkiak egin, eta haurrekin dantzan eta jolasean ibili ginen. Patioko ertz batean, ordea, zortzi bat urteko mutikoa begira-begira izan genuen. Zorrotz eta mesfidati begiratzen gintuen bere begi beltzekin, zutabe atzetik. Hezitzaileak azaldu zigun mutiko hark nola ikusi zuen aita atxilotzen eta ama haurduna tiroz hiltzen beren etxe atarian. Baziren hilabete batzuk gertaera hartatik, baina ordutik mutil palestinarrak apenas egin zuen hitzik. Saiatu ginen geureganatzen, baina alferrik izan zen. Begirik kendu ez zigun mutila ez zen milimetro bat mugitu. Bizitzak zein interes eta zein erakargarritasun izan zezakeen, hain aurpegi krudela erakutsi ondoren?

Gure gailuetako pantailetara Siriako horroretik ihesi datozen jendeen irudiak agertu dira. Ehunka mila pertsona. Familia osoak, zuten guztia atzean utzi eta bizirautea posible izango omen den lurraren bila.

Izuaren eta desesperazioaren erdian haurrak eta gazteak ikusi ditugu. Eta txarrantxak topatu dituzte, itxaropen posible bakarrerako bidea ixten dieten txarrantxak. Beren herriak eta bizitzak suntsitu eta haustu dituzten botere ekonomiko eta politikoek berek altxatuak, suntsiketa lana errematatu nahian bezala.

Iheslari horiek badituzte irudiak, komunikabideak kontatzen ari dira beren drama, argazkiak ateratzen dizkiete, existitzen dira, hortaz, gure begietara. Auskalo zergatik kontatu eta erakutsi dizkiguten oraingoan horien historiak eta aurpegiak. Izan ere, milioika dira lekukorik gabe, argazkirik gabe, urtetan horroretik ihesi beren herriak utzi eta gureetara hurbildu nahi izan duten jendeak. Horiek ez dizkigute erakutsi.

Hainbesteko tamaina hartu du eskandaluak, ezen gobernuek eta administrazioek, iheslariak beren artean banatu eta artatuko dituztela esan baitute. Horretarako, protokoloak sortuko dituzte Siria, Irak, Afganistan eta Afrikatik datozen jendeek dituzten beharrak bideratzeko, tartean eskolaratzea.

Baliteke, beraz, laster gure heziguneetan izatea pertsona horiek. Orri zuriak eta margoak emanez gero, zer marraztuko ote dute? Izango ote du irudirik beren begi txikiek ikusi duten eta beren bihotzek sentitu duten izuak eta horroreak?

Izu-ikara sortzen du munduko hainbeste bazterretan bizitzen ari direnak utziko dien arrastoa irudikatze hutsak. Hizkuntz eta kultur aniztasunaz gain, erronka berri bat izango dugu hezitzaileok: bizipen eta mundu ikuskera horiek guztiak ez ahanztea, alegia. Ikaragarria izango da gure begietatik ikusita kontatuko diegun munduaren eta beraiek bizi izan duten munduaren arteko talka. Erakutsi eta irakatsi ahal izango ote diegu bizitzea, hala ere, merezi duela. Ikusi eta ikasi ahal izango ote dugu haien ondoan itxaropenak, oraindik, baduela lekua eta bizi berri bat eraiki daitekeela zimendu anker horien gainean?

Zenbat eta zenbat haur eta gazterentzat hasten ote den mundua txarrantxaren beste aldean. Zenbat eta zenbat haur ote dauden txarrantxaren beste aldetik munduari begira. •