Ion Salgado
KONTSUMOA /

Nola bereiz dezake bezeroak Arabako patata? Erraza da, Eusko Label eta Euskal Baserri zigiluak bilatu behar ditu

Erraza da Arabako patata bereiztea erosketak egiterakoan. Eusko Label edo Euskal Baserri ziurtagiriak bilatu behar dira soilik. Lehena kalitatezko agiria da eta Araban landatzen diren patatek bakarrik eskura dezakete; bigarrenak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoan landatutako patatak identifikatzen ditu.

Elikagai osasungarria, homogeneoa eta kalitatezkoa. Hala deskriba daiteke Arabako patata ezaguna, herrialdeko landetan ekoizten den lurpeko altxor preziatua. Baina nola bereiz dezakete kontsumitzaileek? Nola jakin dezakete Arabako patata erosten dutela? Eusko Label marka bereizten duen zigilua bilatzea izan daiteke aukera errazena, baina ez bakarra. Izan ere, bi ziurtagiri ezberdin daude Arabako patata bereizteko: Eusko Label eta Euskal Baserri. Lehena kalitate ziurtagiria da, eta Araban landatzen diren patatek bakarrik eskuratu dezakete; bigarrenak, berriz, EAEn landatutako patatak identifikatzen ditu.

«Biak dira Arabako patatak, baina Eusko Label ziurtagiria daramaten patatek kalitate azterketa zorrotzak gainditu behar dituzte», azaldu du Udapa Arabako Pataten Kooperatibako gerente Alfonso Saenz de Camarak, herrialdeko hogei nekazariekin lan egiten duenak. «Urtero 7.000 tona ekoizten dituzte. Gainera, azken urteetan %60 igo da Eusko Label eta Euskal Baserri zigiluak daramatzaten pataten kopurua», gaineratu du. Ez da erraza halako igoera lortzea, are gutxiago sektorearen egoera ikusita. «Azken hamarkadan Araban behera egin du patata ekoizpenak, produkzioa %26 jaitsi da», dio.

Baina Udaparekin lan egiten duten ekoizleek hazkunde nabarmena sumatu dute, eta etorkizunera begira aipatutako hazkundea mantentzea espero dute. «Gurekin lan egiten duten ekoizleak gazteak dira eta bost urte barru patata gehiago ekoiztea espero dute», nabarmendu du Saenz de Camarak. Kooperatibak ekoizleei eskaintzen dizkien bitartekoak ere azaldu dizkigu: «Guk, kooperatiba bezala, eraikinak eskaintzen dizkiegu nekazariei, eta patatak gordetzeko aukera eman. Halaber, produktua saltzen dugu eta makineria uzten diegu. Horrela, beraiek lur gehiago landatzeko moduan izaten dira, eta kualitatiboak diren xehetasunak lantzeko denbora dute».

Kooperatibak eskaintzen dituen laguntzak mantentzeko ezinbestekoak dira supermerkatuekin sinatutako akordioak. «Gurentzako dendekin sinatzen ditugun hitzarmenak oso garrantzitsuak dira. Izan ere, bestela ezingo genizkieke bidezko prezioak ordaindu ekoizleei. Akordioak funtsezkoak dira», dio Eroskik pasa den astean aurkeztutako kanpainaren onurak azaldu aurretik. «Hogei urte daramatzagu Eroskirekin lanean, eta guretzako kide funtsezkoa da, bezero ugari baititu Euskal Herrian», gaineratu du. Iazko kanpainan, adibidez, Eroskik Eusko Label eta Euskal Baserri ziurtagiridun %17 patata gehiago erosi zituen, guztira 2.800 tona baino gehiago. Zehazki, Euskal Baserri ziurtagiridun pataten erosketa %25 hazi zen, eta, Eusko Label patatena, %10.

Salmenta igoera

«Ziurtagiridun gero eta Arabako patata gehiago saltzen da egun Euskal Autonomia Erkidegoko Eroskiren sare komertzialean. Beste zenbait produkturekin egin bezala, kooperatiba Arabako patata ekoizpena bultzatzen ari da, tokiko ekonomia indartzeko luzera begirako hitzarmenak eta akordioak sinatuz elikagai ekoizleekin», azaldu zuen pasa den astean Gasteizen egindako agerraldian Asun Bastidak, Eroskiren tokiko produktuetarako zuzendari komertzialak.

Aurten, Eroski eta Udapak kanpaina berezi bat jarriko dute abian Arabako patataren sasoiarekin bat eginez, eta apirilera arte iraungo du. «Helburua da produktu autoktono honen bikaintasunari balioa ematea eta haren kontsumoa sustatzea elikadura osasungarriagoaren oinarri gisa. Euskal Baserri eta Eusko Label zigiludun Arabako patata kalitateagatik bereizten da. Eta Eroskik kalitate goreneko janari freskoak eskaini nahi dizkio kontsumitzaileari», nabarmendu zuen agerraldian Ugaitz Lana Gasteizko Eroski Boulevard hipermerkatuko kudeatzaileak.

Koldo Lopez Roblesek, Udapako kalitate zuzendariak, txalotu egin zituen Eroskiko ordezkarien hitzak. «Eskertzen diogu Eroskiri tokiko produktuen alde hain sendo egitea eta horrelako konpromisoz aritzea hemengo nekazaritza elikagaien sektorearen etorkizunaren alde. Eusko Label eta Euskal Baserri ziurtagiridun patataren ekoizpenaren erdia baino gehiago Eroskik erosten digu», ohartarazi zuen.

Kanpaina Lakuak eta Eroskik sinatutako akordio baten emaitza da. Hitzarmenak tokiko nekazaritzako elikagaien industria bere aniztasun osoan indartzea du helburu; eta lankidetzarako konpromisoa jasotzen da, bai bertako lehengaiei balio erantsia emango dieten produktu berriak merkaturatzeko, bai eta EAEko nekazaritza elikagaien sektoreko enpresa traktoreei laguntzeko. Gasteizko Gobernuaren arabera, hitzarmen honen bidez, «landa garapeneko laborantza, abeltzaintza eta jarduera tradizionalak berreskuratu nahi dira; hala, produktu horiek Eroskiren dendetan merkaturatzeko konpromisoa hartuko da, ingurunean aberastasuna sortzeko eta lanpostuak berreskuratzen laguntzeko».

Lanpostuei dagokionez, aurten Udapan lau ekoizle berrirekin lanean ari direla azpimarratu behar da. Igoera ezohikoa da, izan ere, nekazari ugari erremolatxa landatzearen alde egiten ari dira azken urteotan. «Patatak lan gehiago eskatzen du, eta, ondorioz, nekazari askok lan mekanizatu gehiagoko produktuak landatzearen alde egin dute», azaldu du Saenz de Camarak. Arazoak arazo, Eroski eta erakundeen laguntzekin Arabako patata etorkizuneko produktua izatea espero dugu.