Dabid LAZKANOITURBURU
analisia

Errefuxiatuak non, zer, nora?

Azken asteotan prentsan askoz ere gutxiago agertu arren, etorkinek uholdeka jarraitzen dute Mediterraneo itsasoa zeharkatzen. Eta bizi duten dramaz gain, gure topikoak eta beldurrak pairatu behar izaten dituzte.

Uda gehienetan norberaren herrialdeko iturri komunikatiboek oporrak hartzen dituzte. Munduan zeharreko gatazkek, ordea, ez dute etenik eta itzaltze informatibo hori betetzen saiatzeko beti ondo dator nazioarteko krisialdiren bat. Kazetaritzaz bizi garenok buruan dugu oraindik 2008ko abuztuan Errusiaren eta Georgiaren arteko gerrari, bost egun besterik iraun ez bazituen ere, erredakziotan zer-nolako etekina atera genion.

Aurten, ordea, ez da horren beharrik izan, errefuxiatu uholdeen drama izugarria izan baita uda osoan zehar, eta ez bakarrik zenbakietan, baita iheslari babesgabeek bizitako egoera jasanezinetan ere. Izugarria izan da eta izaten jarraitzen du. Izan ere, errefuxiatu eta etorkinen iritsierak ez du etenik izan eta ez du etenik izango Mediterraneo itsasoa eta Balkanak zeharkatzea zailduko duen negu gorria iritsi bitartean.

700.000 etorkin

Europako Batasunaren mugak zaintzen dituen Frontex agentziaren arabera, 710.000 dira urteko lehen bederatzi hilabeteetan mugok zeharkatu dituzten etorkinak. Iaz, guztira, 282.000 izan ziren. «Greziako uharteek, batez ere Lesbosek, pairatzen dute etorkin uholdearen presiorik handiena, eta urtarriletik hona 350.000 iritsiera zenbatu dira», gaineratu du Frontex agentziak.

Etorkinetako batzuk Europar Batasunera hegazkinez edota beste hainbat garraiobide erabilita iritsi direla kontuan hartuta, zenbakiok bat datoz UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak emandakoekin. Izan ere, 600.000 etorkinek zeharkatu dute Mediterraneoa UNHCR berak emandako datuen arabera, eta horietatik 450.000 Greziatik sartu dira Europar Batasunera. Hil eta desagertutzat jotakoak 3.000 baino gehiago dira, ia denak itsasoan hildakoak.

Dramak, beraz, bere horretan jarraitzen du. Nolatan, horrenbestez, azken asteotan komunikabide gehienetan auzia jasotzen ari den oihartzun urria?

Dudarik gabe, gaur egungo komunikazioaren munduan, non egunerokotasunaz gaindi berehalakotasuna den nagusi, gertaerak oso azkar “erretzen” dira. Informazioak “berria” behar du izan eta zaharkitzea ordu gutxi batzuetako kontua da. Auzirik sakonenak ere azaletik aztertzeko joerak, gero eta nabarmenagoa dena pantailaren eta Interneten aro honetan, izango du ere eraginak horretan.

Arazoaren muina

Kontuak kontu, errefuxiatuen auziari nola heldu jakin gabe jarraitzen du klase politikoak, eta badirudi harridura horrek komunikabideon isiltasunean zeresanik izan baduela.

Komunikabide gehienek bat egin dute errefuxiatuen erretratu-robot bat aurkezterako orduan: Estatu Islamikoaren (ISIS) sarraskietatik ihes datozen siriarrak omen dira ia errefuxiatu guztiak. Gainerakoak ere Mendebaldeak Ekialde Hurbilera eramandako gerrek kaleratu dituzte euren etxeetatik. Kategorizazio guztiek zor diote zer edo zer egiari, baina, era berean, kategorizazio orok azaleratzen duena baino gehiago ezkutatzen du. ISISen krudelkeria lotsagabeak sortzen duen ikara izugarria da, dudarik gabe. Baina ez da bakarra. Ezta gutxiago ere.

Giza Eskubideen Behatoki Siriarrak salatu duenez –oposizioko taldea dela ohartarazi behar da–, 2014ko abuztutik 2015eko abuztura bitartean herrialde arabiarreko gerran hildakoen %80 Siriako Gobernuaren indarrek (Armada, bertako eta kanpoko miliziak) eragindakoak dira. Egoitza Londresen duen erakundearen arabera, hildakoen %20 bakarrik eragotzi behar zaizkie ISISi, talde matxinoei, milizia kurduei eta Ameriketako Estatu Batuen bonbardaketei.

Ezin da ahaztu Giza Eskubideen Behatoki Siriarraren aurka kritika latzak bota dituela Siriako Gobernuak. Hala ere, eta Londresen egoitza izanik ere, duen berriemaile sareak Siriako herrialde osoa hartzen du, eta, ISISen sarraskiei buruz eman dituen berriak ziurtzat hartu izan dira, baita Damaskon bertan ere.

Aipatu Behatokiaren partzialtasuna kontuan hartu eta bere ikerketak alboratuta ere, badago beste ikerketarik. Violation Documentation Center erakunde siriarrak sinesgarritasun gehiago du hainbat komunikabiderentzat, eta Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioaren babesa du besteak beste. Erakunde horren esanetan, ISISek hiltzen duen zibil bakoitzeko zazpi zibil erori dira orain arte Siriako Armadaren bonbardaketetan.

Baieztapen horrek ISIS talde jihadistaren bortizkeria gutxiestea suposatzen du? Ezta gutxiago ere. Milaka eta milaka dira kalifatuaren izutik ihes egin duten siriar eta irakiarrak, hobe esanda, kurduak. Baina ondo legoke gogoratzea ISISen 2014ko udaberriko erasoaldiaren aurretik 3 milioi errefuxiatu zeudela Siria ondoko herrialdeetan (egun 4 milioi dira), eta etxetik alde egin behar izan zuten siriarrak milioika zenbatzen zirela ordurako.

Esaten ez dutenari

Errefuxiatuek esaten dutenari, eta batez ere esaten ez dutenari, adi egotea besterik ez dago. Asko dira Siriako Armadak lehergailuz jositako kupelekin egindako bonbardaketetatik ihes egiten ari direnak. Homs bezalako hiriak nola geratu diren erakusten duten argazkiak ikustea besterik ez dago.

Milaka eta milaka dira ere talde matxinatuen atentatu eta mortero erasoen beldur ihes egiten duten siriarrak. «Talde moderatuak» dira horiek AEBen eta Mendebaldearen esanetan. Aldiz, horietako hainbatek –Al-Qaedako Al-Nosra erakundea tartean– sarraski izugarriak egin dituzte.

Horren harira, oso esanguratsua da Aylan al-Kurdi haurraren dramaren nondik-norakoa aztertzea. Are gehiago bere irudiak –Turkiako hondartza batean itota ageri zen, panpina bat bailitzan–, mundu osoan sekulako oihartzuna izan zuela kontuan hartuta, iritzi publikoa astinduz. Abizenak adierazi bezala kurdua den Al-Kurdi familiaren ihesa ez zen ISISen mehatxupeko Kobane hirian hasi. Lehenik, Gobernuaren eta matxinatuen arteko Damaskoko liskarretatik ihes egin zuten Alepora, jaioterrira. Zorigaiztoko aukeraketa izan zen, Siriako bigarren hiria odolustuta eta guztiz suntsituta baitago 2012an hasitako enfrentamendu bortitzen ondorioz. Kobane, beraz, familiaren hirugarren geltokia izan zen. Familia hiru aldiz saiatu zen Europara iristen, bere ametsa, baina, ama eta bi haur tartean, Mediterraneoan hondoratu zen. Aylanen gorputz txikia eta bere senideena Kobaneko kanposantuan ehortzi zituen aitak.

Tamalez, Al-Kurdi sendiaren ihesaldiaren xehetasunak ez dira ezer beraiek eta beraiek bezala beste hainbat eta hainbatek bizitako dramekin alderatuta. Balio dezala, besterako ez bada, topikoetatik urruntzeko. Topikoek irekitzen baitizkiete ateak ultraeskuinari.

Eta topikoekin jarraituz, errefuxiatu uholdea baliatuz, ISISen milaka jarraitzaile Europara iritsi diren zurrumurrua zabaldu da azken asteotan. Gure Kontinente Zaharrean gero eta indar gehiago duten Le Pen guztiek –Javier Maroto Gasteizko alkate ohia tartean–, egiatzat jo dute berria, herritarren beldurra baliatzeko prest.

Ez da errefuxiatuei buruz hainbat ahotan dabilen zurrumurru bakarra. Duela bi aste Laith Abu Saleh siriarrari Kios Greziako uhartean ateratako argazkia baliatuta, Al-Nosrako edota ISISeko komandante bezala aurkeztu zuten hainbat komunikabidek. Bere irudia ia trending topic bihurtu zen Twitterren, baina egun batzuetara jakin zen Abu Saleh Siriako Armada Librea talde matxinoaren komandantea zela eta ISISen eta Al-Nosraren aurka borrokatu zela –erregimenaren aurka ere borroka egin zuen–, gerraz nazkatu arte.

Duela bi egun, ordea, Europara iristen ari direnen artean Bashar al-Assaden aldeko shabiha miliziano beldurgarriak dauden susmoa zabaldu zuen agentzia batek. Antza, oposizioko beste errefuxiatu batzuek ezagutu egin dituzte Mediterraneora gerturatzeko bidaian. Salaketa hori indartu asmoz, errefuxiatu asko Siria barrutik eta gobernuaren kontrolpeko hirietatik atera direla ohartarazten dute batzuek.

Zurrumurru guztion atzean zer edo zer egon daiteke, jakina, baina norberaren aurreiritziak bizkortzeko «sasiargudioak» dirudite gehiago. Siriako errefuxiatuak errefuxiatuak dira. Errefuxiatu guztiak ez dira siriarrak (agian erdia ere ez). Ihes egiteko arrazoiak asko dira eta batzuk ez dira politikoki zuzenak –esate baterako, afganiar asko talibanetik ihesi doaz okupatzaileekin kolaboratu zutelako–. Eta etorkizunari begira, benetako arazoa ez da Siriatik etorriko, Afrikatik baizik. Izan ere, egun 1.200 milioi biztanle dituen Kontinente Beltzak populazioa laukoiztuko du 2100. urterako. Afrikak dituen arazo gordinak konponbidean jartzea litzateke, beraz, zentzuzkoena.

Merkelen «hamar mandamenduak»

Angela Merkel Alemaniako kantzelariak Europako Alderdi Popularreko diputatuen bilera batean egin zituen ondorengo baieztapenak, AEBetako Politico komunikabide digitalak kaleratutakoaren arabera:

1.- «Beldurra ez da ekiteko gida ona».

2.- «Ezin da onartu merkantziak eta pertsonak libre mugitzen uztea, eta, aldi berean, siriarrak ezin ditugula hartu eta ez gaudela oraindik prest esatea... Barkatu baina auzia ezkutatzen ari zarete».

3.- «Batek esaten duenean ‘hau ez da nire Europa; ez dut musulmanik onartuko’, honakoa erantzun behar diot: ‘Honetan ez dago negoziatzerik’».

4.- «Nola izango gara gu munduan kristauak defendatzeko gai gure herrialdeotan musulmanak edota meskitak ez ditugula onartuko esaten badugu? Horrek ez du funtzionatuko».

5.- «Apurka-apurka egin daiteke, edota Ekialdeko europarrek beste arazo batzuk dituztela esan daiteke. Baina ezezkoa, printzipio bezala, arrisku bat da Europarentzat».

6.- «Hungariari lagundu izan diogu beti pentsatu dugulako Europaren dignitatea bermatu egin behar zela».

7.- «Sartzeko biderik xelebreenak aurkituko dituzte beti».

8.- «Guk, Ekialdeko europarrok, eta ni neu bertakoa naiz, ikusi izan genuen isolamenduak ez duela ezertan laguntzen».

9.- «Soilik harresiak eraikiz ez ditugu errefuxiatuak geldituko. Ni neu harresi baten atzean bizi izana naiz urte luzez».

10.- «Gerra Hotzaren amaiera ikusteko beste bizitzeko zortea izan duteneko batzuek zera uste dute orain, globalizazioaren hainbat ondoriotatik at gera daitezkeela. Zinez arraroa dirudi».