Koldo Sagasti
Elkarrizketa
JUANI RISHMAWI
PALESTINAKO HEALTH WORK COMMITTEES-EKO LANGILEA

«Kazetariek zintzoagoak izan beharko lukete Palestinan gertatzen ari denaren kontaketan»

Madrilen jaio zen arren, badira jada hiru hamarkada Gazan bizi dela. Palestinar sentitzen da. Israelgo Armadak indarrez itxi du lan egiten zuen osasun erakundea.

Palestinako Health Work Committees (Osasun Langileen Komiteak) erakundeko langilea da Juani Rishmawi (Madril, 1959). Bizitzaren gorabeherek Gazara eraman zuten duela hogeita hamar urte. Bertan osatu zuen familia eta hiru hamarkada geroago palestinartzat du bere burua. Bere gaur egungo bizitokian, Beit Sahour (Betleem) herrian, Euskal Herritik eta Estatu espainol osotik Palestinara heltzen diren elkartasun brigaden ezinbesteko anfitrioia izaten da. Urtetan ehundutako harremanen ondorioz kolaboratzaile lanetan ere aritzen da Gasteizko Hala Bedi irratian. Lan egiten duen erakundeak Jerusalem Ekialdean zuen egoitza Israelgo Armadak itxiarazi du, jarduera terroristak leporatuta. Jerusalemeko bulegoan indarrean zituzten programetako askok Eusko Jaurlaritzako Garapeneko Lankidetzaren Euskal Agentziaren diru laguntza jasotzen zuten, eta horrexek ekarri du oraingoan gurera. Gasteizera egindako bisita Hala Bediko estudioak bisitatzeko baliatu du, eta, bertan, “Uhintifada” saioan egin diote elkarrizketa.

Palestinatik datozkigun albisteak kezkagarriak dira. Zerk eragin du azken asteotako jazarpenaren gorakada?

Palestinan bortizkeria etengabekoa da. Sei hamarkadatik gora dirauen egoera ezohiko horretan gorabeherak izaten dira, eta azken asteotakoa egunerokotasun errepresibo baten barruan gorakada puntu bat baino ez da. Egia da egoera kezkagarria dela eta gaiztotzen ari dela, halaxe kontatu didate gaur bertan etxekoek. Iragan larunbatean bost lagun erail zituzten Al Khalilen (Hebron). Kolonoek hil zituzten. Gerora zabaldu diren bideo irudiek erakusten dute militarrek labana jarri ziotela eskuan gorpuetako bati kolonoaren ekintza zuritzeko koartada eraikitzeko. Giro gaiztotu hori Zisjordania osora zabaltzen ari da... Baina egia da, halaber, egoera Palestinan beti izan dela konplikatua. Izan dira une latzak, intifadak kasu, baina 1948tik hona Israelek etenik gabe jardun du lurra kolonizatzen, lursailak erretzen, harresiak eraikitzen, populazio palestinarra banatzen... Azken 30 urteotako nire eskarmentuaren arabera hori ez da ezohikoa.

Iazko Gazaren aurkako eraso bortitza inflexio puntu bat izan zen. Orduan 2.500 lagun inguru erail zituen Israelgo Armadak. Geroztik egoerak okerrera egin du. Gaza guztiz bakartuta dago, egoera humanitario larrian. Zisjordanian ere uda honetan hasi dira gauzak bereziki okertzen. Kolonoak kontrolik gabe eta inpunitate osoz hasi dira herri palestinarretan sartzen eta hango biztanleak erasotzen. Kfar Douma herrian, Nablus inguruan, familia oso bat erre zuten. Gurasoak eta 18 hilabeteko haurra hil zituzten eta beste semea larri dago ospitalean. Erasotzaileek ez dute inongo zigorrik jaso, aitzitik, Armadak kolonoak babestu egiten ditu. Kolonoak inpunitate osoz ari dira sarraskiak egiten eta nazioarteko komunitateak ez du ezer egiten.

Europako hedabideek, berriz, palestinarrek egindako erasoetan jartzen dute arreta. Berebiziko oihartzuna ematen diete labanaz egindako ustezko erasoei. Oraingoan urruntasunetik jarraitu behar izan dituzu Palestinako gertaerak. Nola ikusten duzu hemengo komunikabideen kontaketa?

Ikaragarria da, lotsagarria, Israelgo sarraskiak justifikatu besterik ez dute egiten-eta. Gero eta nabarmenagoa da hedabide hegemonikoetan Israelen aldeko presio taldeen eragina. Egunkarietan, sikiera, badago zirrikituren bat informaziorako, baina telebistarena eskandaluzkoa da. Komunikabideek batzuen eta besteen hildakoen artean hartzen duten jarrera ekidistantea beldurgarria da. Hemengo telebistan palestinar batek labanaz kolono bati eraso egin zioneko albistea ikusi nuenean erabat minduta sentitu nintzen, palestinarrari terrorista deitzen ziotelako besterik gabe, kontuan izan gabe berak bizitakoa bizitako edonork izango zukeela erreakzio antzekoa. Aurrez aurre jarritako bi estatu bagina bezala parekatzen gaituzte, baina alde batean munduko laugarren armada boteretsuena dago, eta, bestean, etsipenak jotako gizon bat, labana soil batekin. Etsigarria da ikustea nola kazetariek modu akritikoan errepikatzen dituzten bertsio ofizialak. Zintzoagoak izan beharko lukete Palestinan duela urte asko gertatzen denaren kontaketan. Bestalde, eskertu behar zaie Palestinaren alde lanean diharduten eragileei informazio arloan egiten duten lan eskerga, sare sozialen bidez, komunikabide alternatiboen bidez, zuena bezalako irratsaioen bidez...

Elementu berritzailea ikusi dugu azken asteotako oldarraldietan: gero eta lausoagoa da armada erregularra eta kolono kontrolaezinak banatzen dituen marra, alegia, elkar lanean ari direla, elkar elikatuz...

Halaxe da. Egoera kaotikoa bilakatzen ari da. Gaur bertan senarrak kontatu dit soldaduek bi kolono hil dituztela... palestinarrak zirelakoan! Labanekin ikusi dituztelako erratu omen dira! Ulertezina da nola Armada ari zaien laguntzen psikopata hiltzaile horiei... Militarrak ez dira askoz hobeak, baina gutxieneko arau batzuk, sikiera, badauzkate. Kolonoak kontrolik gabe dabiltza, armatuta. Lehengo egunean manifestazio bat antolatu zuten Jerusalemen; “Palestinarrak akabatu” zioen pankartako leloak. Bestalde, onartu egin behar da Tel Aviven ere gero eta israeldar gehiagok errezeloz begiratzen dietela kolonoei.

Baina Israelgo Administrazioak kolonoen talde paramilitar horiei hauspoa emateko apustu estrategikoa egin du...

Bai, herritar juduei kalera armatuta irteteko deiak egiten dizkiete. Jerusalemeko alkatea bera ere telebistan agertu zen fusila sorbaldan hartu eta armak ateratzeko deia eginez. Ezin ditugu haurrak kalean bakarrik utzi. Al Khalilen (Hebron) soldaduek 15 urteko neskatila bat geldiarazi zuten. Arropa kenarazi zioten, miatzeko, eta berak uko egin zion arropa eranzteari, emakumezko soldadu baten aurrean ez bazen... Bi tiro eman zizkioten. Horixe da daukaguna. Bortizkeria eta inpunitate maila horretara iritsi gara.

Azken asteotan berri kezkagarriak jaso ditugu manifestazioetan Israelgo Armada erabiltzen ari den jatorri eta eragin iluneko gas negar-eragilearen inguruan. Horrelako kasurik artatu al duzue zuen osasun zentroetan?

Palestina arma eta errepresiorako material berrienaren probaleku da aspaldi-aspalditik, eta hori egiaztatu egin dugu. Gazako azken erasoaldian fosforo-bonbak erabili zituzten zantzu argiak daude. Bonba horiek ilegalak dira. Baita barreiatze-bonbak ere, eztanda egindakoan berrehun metroko inguruan pusketak zabaltzen dituztenak. Manifestazioetan gomazko estaldura eta altzairuzko muina duten bala batzuk baliatzen dituzte, gorputzarekin talka egindakoan barneko organoak birrintzen dituztenak. Produktu kimiko higuingarriak ere jaurtitzen dituzte, goragale nazkagarria eragiten dutenak... Gasaren kontu hori, berriz, berria da. Lekukoen arabera, gasa arnastu orduko jendeak konortea galtzen du. Oraindik ikertzeke dago zer osagai duen eta zer ondorio eragingo dituen etorkizunean arnasten duen jendearengan... Lanera bueltatzen naizenean ikertu ahal izango dut.

Horixe izan da, hain zuzen ere, Euskal Herrira egin duzun bidaiaren arrazoietako bat, zure erakundeak Jerusalemen duen egoitza itxiarazi dizuetela. Zein jarduera mota egiten zenuten bertan eta zergatik itxi dizuete?

Bai, hiru hilabete dira Suafat auzoko zentroa itxi zigutela. Bertan 67 eskoletako 20.000 haur palestinarri ematen genien arreta. Kontua da Jerusalemeko palestinarrak linbo administratibo batean daudela. Israelgo Administrazioak ez die inongo zerbitzu publikorik ematen, ez hezkuntzarik ez osasun arretarik, palestinarrak direlako. Palestinarrek ere ez dute onartzen israeldarren hezkuntza curriculuma, eta, ondorioz, Israelgo hezkuntza sistematik kanpo daude.

Bestetik, Palestinako Aginte Nazionalak ez dauka eskumenik Jerusalemeko eremuan; hortaz, gobernuz kanpoko erakundeak gara zerbitzu horiek eman ditzakegun bakarrak. Hogei urte baino gehiago generamatzan haur palestinarren txertaketa programak antolatzen, harik eta Israelgo Armadak egoitza itxiarazi zigun arte. Jarduera terroristak leporatu zizkiguten, erakunde palestinar bat ixten duten bakoitzean bezala. Ergelkeria hutsa da! Ez dira konturatzen haur palestinarrak gaitz kutsakor batez gaixotzen badira, izurritea hiri berean bizi diren ume israeldarrengana ere helduko dela! Txertaketa programok Garapeneko Lankidetzaren Euskal Agentziak babestu zituen, eta logikoa litzateke diruz laguntzeaz gain erantzukizunen bat eskatzea haiek finantzatutako proiektua itxi dietelako... Horretan ari gara lanean.

Baina gurea ez da Israelgo Administrazioak itxiarazi duen erakunde palestinar bakarra. Orotara berrogei erakundetik gora itxi dituzte azken bi urteotan. 11.000 hiritar palestinar desjabetu eta 15.000 etxebizitzatik gora suntsitu dituzte Jerusalemenen. Dena estrategia beraren barruan kokatzen da: Jerusalemetik palestinarren edozein arrasto desagerraraztea, ez bakarrik pertsonak, baita ondare kulturala ere.

Mahmoud Abbasek Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian bertan esan zuen agortutzat ematen dituela Osloko Akordioak. Hori horrela eta azken asteotako oldarraldiak ikusita, esan genezake bide diplomatikoaren behin betiko porrotaren aurrean gaudela?

Nolabaiteko bilakaera ikusten ari gara azken egunotan Aginte Nazionalaren poliziaren jokaeran. Beti leporatu izan zaie indar okupatzaileekiko kolaborazionismoa. Ika-mika handia piztu zuen, adibidez, polizia palestinarrek harresiaren kontra harriak jaurtitzen ari ziren ume talde bat atxilotu izanak. Baina azken egunotan bestelako gertaera bat izan da: poliziek Ramallah hirian sartu ziren kolono batzuk atxilotu zituzten... Nolabaiteko mugimenduak sumatzen hasi dira. Aginte Nazionalaren poliziaren jokaera Israelgo interesak defendatzearena izan da orain artean, baina konturatzen hasi dira horrek ez garamatzala inora, zilegitasun arazo larriak izaten dituztelako agintari palestinarrek herritarren aurrean. Gazteek, bereziki, gero eta begirune gutxiago diete agintariei, eta, hala, Palestinako agintarien eta herritarren arteko lubakia gero eta handiagoa da. Zertarako balio dute Nazio Batuen aurreko diskurtsoek gero inork babesten ez bagaitu? Zertarako balio du Nazio Batuen egoitzako mastan Palestinako bandera jartzeak gure seme-alabak kalean hiltzen badituzte egunero?

Bide diplomatikoek porrot egiten badute, zein izan liteke ataka horretatik ateratzeko bide eraginkorrena?

Argi dago nazioarteko erakundeen aurrean egindako adierazpen antzuek, edo Nazio Batuen egoitzan jarritako banderek ez gaituztela inora eramaten. Estatu palestinarraren aldarrikapena, gaur egungo baldintzetan, porrotera kondenatuta dago. Bideraezina da estatu palestinar bat egungo eremuetan, ikuspuntu geografiko eta ekonomikotik, eta, gainera, talka egingo luke errefuxiatuen itzultzeko eskubidearekin.

Konponbide bidezkoena estatu bakarra da, laikoa, demokratikoa eta Palestina historikoan bizi diren pertsona guztientzat... eta une honetan eraginkortasuna erakutsi duen tresna bakarra BDZ mugimendua da; Israelen aurkako boikot, desinbertsioak eta zigorrak. Netanyahu benetan kezkatuta dago boikot kanpaina eragiten ari zaien galera ekonomikoekin eta Israelgo irudi publikoa nazioarte mailan nola kaltetzen ari den ikusita. BDZ kanpaina kriminalizatzeko lege erreformak ere egiten ari dira Israelen, kalte egiten dien seinale. Horixe da Israeli presioa egiteko eta aldaketak eragiteko tresna.