E. Arruti
IKUSMIRA

JO DU TELEFONOAK, ETA ISILDU DIRA PROTAGONISTAK

Tarteka, izaten dira ustekabean jasotzen diren deiak. Horietako batzuk albiste onez lagunduta etortzen dira; lerrook idazten ari naizen honetan jar ninteke, adibidez, Xabat Moranen amaren larruan, eta imajina nezake semea kartzelatik aterako dela-eta jasotzen ari den zorion dei sorta. Baina izaten dira bestelako deiak ere, albiste txarrak ekartzen dituztenak; gertuko baten heriotzaz ohartarazten duten deiak, edo atxiloketaz, edo, besterik gabe, hitzordu bat bertan behera uzten duten deiak. Baina badira hirugarren mota bateko deiak ere, EAEko Podemos-Ahal Duguko kideek jaso zutenaren antzekoak. Dei mota honek aurrez pentsaturikoa beste era batera egitera behartzen zaitu; «taberna honetan ez, bestean geratuko gara», edo «lehentxeago etorri beharko duzu amona zaintzera». Plan aldaketa bat egitera behartzen zaituzten deiak dira, halabeharrez bete beharrekoak, agindu bat bailiran. Eta bai, irudikoak geratu ziren aurpegiarekin geratzen zara zu ere horrelako dei bat jasotzean; mutu, isilik, men egitea besterik geratzen ez zaizula badakizulako.