2015/11/21

Erreportajea
«GURE KABUZ ALA HIL»
Alternatiba sozioekonomikoen inguruko dokumentala; gaiaz eztabaidatzeko tresna

Sei gazte prekarioren ekinbidearen emaitza da «Gure kabuz ala hil» dokumentala. Euskal Herrian zehar garatzen ari diren alternatiba sozioekonomikoak biltzen ditu, baina lagin txiki bat baino ez da. Gazte mugimenduaren esku uzten duten tresna izateko jaio da; ez du erantzunik ematen, eztabaida sustatu baizik. Datorren ostiralean aurkeztuko dute.

Aimar Etxeberria Korta
Pd22_gure_kabuz_3
Ezkerretik eskuinera: Onintza Rojas, Lander Arretxea, Itsaso Zubiria, Iraitz Salegi, Eneritz Arzallus eta Xalba Ramirez. (Gorka RUBIO | ARGAZKI PRESS)

Testuinguru soziopolitikoa etengabeko aldaketaren sinonimo da; gazte mugimendua, berriz, behartuta dago unean-unean bere burua berrasmatzera, sortzen doazen testuinguru berriei ahalik eta erantzun zuzenena emateko. Egoera ekonomikoa da egun gazteen buruhauste nagusienetako bat; etorkizuna marrazten hasteko oztopoak, duintasunez bizitzeko zailtasunak, prekaritatearen biktimak. Hain zuzen, prekaritatearen atzaparretan harrapatuta dagoen gazte talde baten ekinbidearen emaitza da “Gure kabuz ala hil” dokumentala, datorren ostiralean –hilak 27– aurkeztuko dutena.

Topatu.eus gazte proiektu komunikatiboaren eta Ernai gazte antolakundearen babespean garatutako proiektua da dokumentala. Gazte mugimenduak arlo sozioekonomikoaren baitan garatu behar duen eztabaida bultzatuko duen tresna bezala jaio da; ez du erantzunik emango, ez du alternatibarik proposatuko, gogoeta bultzatzeko bokazioa dauka soilik.

Iragan maiatzean heldu zioten proiektuari adarretatik lanaren sustatzaileak diren sei gazteek. Honela definitzen dute euren burua: «Sei gazte prekario gara, jakin-minez eta gogoz heldu diogunak proiektu berri honi». Eurak dira Onintza Rojas, Xalba Ramirez, Itsaso Zubiria, Iraitz Salegi, Eneritz Arzallus eta Lander Arretxea. Zubiria, Salegi eta Arzallusekin bildu da GAUR8, proiektuaren nondik norakoetan sakondu asmoz. Aurrez aipatu bezala, maiatzean jarri zuten dokumentalaren lehenengo harria. Ideia bat zen mahai gainean zeukaten gauza bakarra, gainerako guztia egiteke zuten: «Dokumentala alternatiba sozioekonomikoen ingurukoa izango zela ere adostua geneukan, baina gidoiaren aldetik ez zegoen ezer hitz eginda», dio Arzallusek.

Oinarri horren baitan hasi ziren arlo eta proiektu alternatibo ezberdinak batzearen ideia garatzen, hots, arlo ezberdinetan lanean zebilen jendearekin harremanak izaten. «Zerrenda bat egitetik hasi ginen, gertuen geratzen zitzaizkigun proiektuak zerrendatuz», azaldu du Zubiriak. Ahalegindu ziren generoen arteko oreka mantentzen hautatutako proiektuen artean, baina autokritika bat egin beharrean dira. «Ez dugu lortu dokumentalaren denboratan bi sexuak berdintzea. Nahiko adierazgarria iruditzen zaigu, benetan ahalegin bat egin dugulako», onartu du Salegik. Generoa ez ezik, herrialdeen arteko oreka ere garrantzitsua iruditu zaie. Zentzu horretan, diote Araba nahiko hankamotz geratu zaiela.

Alternatiben lagin txiki bat

Argi esan behar da: dokumentalak Euskal Herrian zehar dauden alternatiba sozioekonomikoen lagin txiki bat besterik ez du jasotzen, lanaren egileen arabera. Hala, hogeiren bat proiektu ezberdin barnebiltzen ditu –32 pertsona agertzen dira dokumentalean, baina kasu batzuetan proiektu bakoitzeko pertsona bat baino gehiagok hitz egiten du–, eta bakoitzak bere “harrikada” botatzen du dokumentalean. «Proiektu bat bestearen atzetik ikusiko dugu, baina badute elkarrekiko lotura: izan daitezke elikadura burujabetzaren inguruko hiru proiektu alternatibo jarraian, ondoren beste bi kooperatiben ingurukoak, ondoren zaintza eta hezkuntzaren ingurukoak...», azaldu du Salegik. Gaineratu du Zubiriak badela pertsonaia bat ere dokumentalean egiten den ibilbide guztiari lotura ematen diona. Lana alternatiben bila dabilen istorio bat ere izan daitekeela adierazi du Salegik: «Euskal Herria zeharkatu dugu alternatiba sozioekonomikoen bila».

Dokumentalaren baitan eginiko elkarrizketetatik atera duten ondorio nagusia da ez dagoela alternatiba bat eta bakarrik. «Alternatibek komunean duten elementu bakarra guztiak autogestioan oinarritutakoak direla da, hau da, ‘geure kabuz’ eginak direla», azpimarratu du Arzallusek. Zubiriak, berriz, gaineratu du izan daitezkeela oso bide ezberdinetatik doazen alternatibak, baina, finean, norabide berean doazenak: «Bakoitzak bere bidea egin behar du; alternatibak aurrez aurre jarri beharrean, egitasmoek elkar nola elikatzen duten begiratu behar da». Zentzu horretan, onartu du Salegik izan dituztela dokumentalaren garapenean zehar barne gatazka batzuk ere: «Espero ez genituen gauzekin topatu gara, eta une batzuetan iruditu zaigu kontrajarriak ziren bi proiektu aurkitu izan ditugula. Une horietan kosta egin zaigu zeri heldu jakitea».

«Gure kabuz» egitea, etorkizuna

Dokumentalaren garapenean buruhauste handiena, ordea, ez die eman gidoia egiteak, edo ehunka kilometro egin behar izateak elkarrizketak egiteko, edo ondorengo produkzio lan guztiak. Buruhauste handiena lanaren izenburuak berak eragin dizkie: “Gure kabuz ala hil”. «Agian ‘ala hil’ hori oso bortitza egiten zaio jende bati. Baina esan behar da, neurri batean, gure kabuz egiten ez badugu hiltzera goazela, bai herri bezala, bai genero aldetik, bai kulturalki, bai politikoki, bai sozialki... Izenburuak herri bat hartzen du bere osotasunean, bere baitan dituen aldagai guztiekin», adierazi du Zubiriak.

Hasieratik nahi omen zuten jendea epel utziko ez zuen izenburu bat. Hala, ingurukoei iritzia eskatzeari ekin zioten. «Ohartu gara jendeari iritzia galdetu izan diogunean eztabaidan hasteko joko handia ematen duela; aldeko zein aurkako, baina behintzat gaiaz hitz egiten hasten dira», dio Zubiriak. Horrek eman zien azken bultzada. “Gure kabuz” izatearena, berriz, proiektu guztiak batzen dituen ideia delako da: «Hain proiektu ezberdinak bilduta komunean ikusten genien bakarra ‘gure kabuz’ eginak zirela zen, alegia, proiektu autogestionatuak zirela».

Datorren ostiralean, hilaren 27an, egingo dute dokumentalaren «aurkezpen unibertsala», aurkezpen ekitaldirako prestatu duten gonbidapen txartelak dioen bezala. Aurkezpena Kortxoenean egin asmo zuten, baina azken asteotako gertakariak direla-eta Donostiako Guardetxean egingo dute, 19.00etan hasita. Dokumentalaren proiekzioa eman ostean eztabaidarako tartea irekiko dute, ondoren mokadutxoa jateko aukera egongo da eta Liher taldearen eta Basanabasa DJaren kontzertuekin amaituko da «aurkezpen unibertsala».

Baina garrantzitsuena ondoren hasten da, herriz herri antolatuko dituzten emanaldi eta eztabaida saioekin. «Hasieratik helburu bezala jendearen aktibazioa izan dugu. Aisialdi autogestionatuaz gain alternatiba sozioekonomikoak ere badaudela erakutsi nahi izan dugu, eta egingarriak direla. Dokumentala bere horretan ikusteak ez dauka trasfondo handirik, ondoren lantzen den horrek ematen dio balioa», aldarrikatu du Arzallusek. Zubiriak gaineratu du dokumentalak, gazte ikuspegia duen arren, edozeini eragin diezaiokeen lan bat dela: «Lortu dezakeena da jendeari beldurrak kendu eta alternatibak garatzen hastera animatzea». Salegik, berriz, lantaldearentzako garrantzitsua den aldagai baten inguruko gogoeta egin du, koherentziarena: «Koherentziaren aldagaia kendu nahi dugu eztabaidatik. Norberak egiten dituen hautuak koherentziaren ordez proiektu politiko batean sinesten duelako eginak izatea nahi dugu. Erakutsi nahi dugu koherentziaren izenpean joan gabe bestelako herri eredu bat eraiki dezakegula. Horretarako, erreka guztiei euren bidea egiten utzi behar zaie, itsaso berean itsasoratzen badira behintzat».

Gauzak horrela, abendu erditik urtarrila amaiera arte herriz herri ibiliko dira dokumentala aurkeztu eta eztabaida saioak sustatzen. «Hortik aurrera, gazte mugimenduaren esku uzten dugun tresna izango da dokumentala», diote sustatzaileek.

«Lanaren garapenaren baitan egindako elkarrizketetatik bi ondorio nagusi atera ditugu: ez dago alternatiba bat eta bakarrik eta guztiak autogestioan daude oinarrituta»

«Dokumentalak ez du erantzunik ematen, ez du alternatibarik proposatzen, gogoeta sustatzeko bokazioarekin jaio da; gazte mugimenduaren esku uzten dugun tresna bat da»