2015/11/21

Maria Naredo
Abokatu eta ikertzailea

Abokatu eta genero eta hirigintza gaietan ikertzaile, Euskal Herrian hainbat hitzaldi eta tailer eskaini ditu emakumeen aurkako indarkeria gai hartuta.

«Ezezagunari beldurra izaten irakasten digute, baina ez harreman toxikoak ekiditen»
Maider Eizmendi
Pd17_naredo
Argazkiak: Andoni CANELLADA | ARGAZKI PRESS

«Saihestu egin behar ditugu sexu erasoak, baina kalean ibiltzeko eta eremu publikoa erabiltzeko dugun askatasuna mugatu gabe, eremu horiek gure eginez baizik»

«Eskubideak babesten dituzten legeek neurri garestiak proposatzen dituzte eta dirua eskaini behar zaie. Tamalez, borondate politikoa eurotan neurtzen da»

«Indarkeria matxistak nork bere buruari begiratzera behartzen gaitu. Ispilu hori gabe uste dut ezinezkoa dela arazoari beharrezkoa den erantzuna ematea»

Emakumeen aurkako indarkeria giza eskubideen markoan kokatzea ezinbestekotzat jotzen du Maria Naredok, instituzioei erantzukizuna eskatzen dion markoa delako. Prebentzioan sakondu behar dela eta horretarako baliabideak eskaini behar direla uste du; izan ere, «gainerakoan alferrik da gero eskuak burura eramatea nerabeek agertzen dituzten jarrerekin». Beldurraz mintzatzean, beldurraz hitz egiteko beharra bera aipatu du: «Beldurrak gure kasuan generoa dauka».

Azaroaren 25aren bueltan hitzaldi eta tailer sorta eskaini duzu Euskal Herrian. Bai atzera bai aurrera begiratzeko eguna da, egin dena eta ez dena balantzan jartzeko unea.
Nik uste dut gauza asko egiten ari direla, baina ez da oinarrizko eta bigarren mailako prebentzioan behar adina lanik egiten. Oinarrizko prebentzioak kultura aldaketa suposatzen du ezinbestean eta sozializazio eta harreman aldaketarekin du erlazioa. Zer ulertzen dugu bikote gisa? Eta lan harreman gisa? Eremu horiek guztiak patriarkatuak gurutzatzen ditu. Esaterako, hezkuntza arloan ez dugu nahikoa lan egiten eta gero eskuak burura eramaten ditugu nerabeek jarrera matxistak errepikatzen dituztela ikustean. Aurrekontuak murritzak dira arlo honetan, ikastetxeetan egiten den lana irakaslearen borondatearen araberakoa da... Gakoa horretan dago, badakigu, baina ez dago borondate politiko nahikorik. Azken denboran, jende asko entzuten dut kulpa aurrekontuetan izandako murrizketei botatzen, baina nik argi dut inoiz ez dela lehentasuna izan. Erronka da prebentzioari lehentasuna ematea.

Jorratu behar den beste eremu bat detekzioa da. Oraindik sinesten dugu indarkeria matxista kasu isolatuak direla eta oso profil zehatza duten emakumeei eragiten diela. Distortsionatutako begirada dugu eta hori zuzendu behar dugu kasu zehatzak identifikatzeko eta haien aurrean posizioa hartzeko, bai maila sozialean bai eta bizilagun edo herritar bezala. Gaur egun gizarte inpunitate egoera batean gaude. Arlo honetan apenas egon da aldaketarik.

Nerabeekin eskuak burura eramaten ditugula aipatu duzu. Helburutik oso urrun gaude?
Nik uste dut estereotipoak, sozializaziorako bitarteko patriarkalak, ereduak... oso gutxi ari direla aldatzen. Madrilen egin den ikerketa batek ondorioztatu du, esaterako, neska gazteek dituzten lehen bikote harremanak ez direla batere askeak, inposizioz betetako harremanak direla kasu askotan. Prebentzio arloan oso aurrerapen gutxi egin dugu, aipatu dudan moduan, eta lanean jarraitu behar dugu. Salbuespenak badira, noski, zenbait herritan lan asko egin dutelako eta emaitza pozgarriak lortu dituztelako, baina ez da orokorra. Aurrerapen gehiago izan dugu indarkeria izan osteko erreakzioan, baina indarkeriaren oinarriak aldatu gabe jarraitzen du.

Orain urte batzuk prebentzioan egin beharreko lana nabarmentzen zuten adituek, zer egin orain egin ez den lanaren aurrean?
Giza eskubideen markoak izan behar du erreferentzia nire ustez, instituzioei erantzukizuna eskatzen dion markoa delako, hain justu ere. Marko horrek oso ondo marrazten du erantzukizunen bide orria eta egiten ari dena eta ez dena aztertzeko aukera ematen du. Izan ere, ez da nahikoa legeak egitearekin, legeak garatu egin behar dira politika publikoetan eta aurrekontua eskaini behar zaie. Hartzen diren neurrien ebaluazioa egitea oinarri-oinarrizkoa da. Zentzu horretan adibide deigarria epaitegi espezializatuena da. Hamar urte igaro dira sortu zirenetik eta, hainbat arazo izanagatik, ez da baliabide horien ebaluaziorik egin. 2008az geroztik egiteko eskatzen ari gara, epaitegi horietako esperientzia izan duten emakumeen parte hartzearekin, baina egiteke dago. Lege integralak espezializatutako bitartekoak zehazten ditu, baina epaitegi horietan lan egiten duten profesionalei ez zaie prestaketa bereziturik eskatzen emakumeen kontrako indarkerian. Agian, jasoko balute, hobeto ulertuko lukete zergatik biktimen kontakizunak ez diren linealak edota zergatik jarritako salaketa ken dezaketen... Sentsibilitate, jakin-min eta errespetu apur batekin gaia landuz gero, uler daitezkeen gauzak dira.

Eta babes ezagatik salaketak ere izan dira.
Bai, Nazio Batuen Erakundeak  (NBE) Estatu espainola kondenatu du indarkeria matxistaren aurrean emakumeak eta haien haurrak ez babesteagatik. Eta zer egiten ari da Estatua irizpen horien aurrean? Urtebete pasa denean erakunde horrek jarritako irizpideak ez betetzea erabaki du, egin zaizkion aholkuak ez garatzea, NBEri legitimitaterik ez ematea. Sinatu dituen tratatuen ostean erantzukizuna du, baina, hala ere, ez dela loteslea esaten jarraitzen du. Horregatik, emakumeen mugimendutik, mugimendu feministatik... gertatzen ari dena salatzen jarraitu behar dugu, emakumeei ahotsa eman behar diegu.

Eskaintzen diren babes neurriak, gainera, borrokan sartzen dira maiz emakumeon askatasunarekin.
Bai. Azken batean patriarkatuan beldurra oinarrizko baliabidea da botere sistemak mantentzeko. Beldurrak gure kasuan generoa dauka. Eduardo Galeanok egungo gizartearen beldur berrien artean aipatu zuen «gizonen beldurra, beldurrik ez duten emakumeei». Emakumeak ezezagunei beldur izan behar diegun pertsona gisa hezi gaituzte. Batere zehatzak ez diren beldurrak izatera bideratzen gaituzte eta ez zaigu, aldi berean, matxismoan oinarritutako harremanak ekiditen irakasten. Gertuko inguru horretan babestuko gaituen pertsona bat bilatzeko hezten gaituzte. Sarritan ezezagunak diren pertsonez babestu gaitzan bilatzen dugun babeslea da estatistikoki gure erasotzailea bilakatzeko aukera gehien dituena. Gero eta gehiago aipatzen da, baina oraindik neskak ez dira behar adina ohartarazten bikote harreman toxiko edota biolentoen inguruan. Oinarrizkoa da lan hori egiten jarraitzea, mezu horrekin neskei babeslea den beldurra igortzen zaielako eta ez erabat geldiarazlea den beldurra. Izan ere, ikaragarria da emakumeok zenbat mugimendu eta toki ekiditen ditugun beldurraren eraginez. Gizonak arriskuak hartzeko hezten dira eta ez dute beldur hori ezagutzen orokorrean, ez badira ezinduak edota adinekoak.

Segurtasuna edo askatasuna, bata edo bestea aukeratu behar da?
Egiten den planteamenduaren arabera, bai. Zentzu horretan aipagarriak dira herri edo hirietako eremu “arriskutsuak” zehazteko mapak. Egiteko orduan oso interesgarriak diren baliabideak dira, emakumeek hiria hartzen dutelako eta ibilbideak egiten dituztelako mapok osatzeko. Gainera, eremu zehatzen inguruan eskaerak egiteko aukera ematen dute. Mapok, ordea, beldurraren inguruko lan bat ere eskatzen dute, ikuspuntu feministatik beldurraz egiten den interpretazio batekin. Gainerakoan, ez dute askotarako balio. Jakina da beldurra duen eta babeslea behar duen pertsona bat askoz  errazago kontrolatzen dela boteretuta dagoen pertsona bat baino. “Kale honetan argi gehiago jarri behar da” esatera mugatzen bagara motz geratzen da ekimena, ez duelako inondik ere arazoaren muina jorratzen.

Segurtasunaren izenean erabakiak hartzen dira eta guztiak ez dira zuzenak. “Beldurraren urbanismoa” deitzen dena ere hor dago. Segurtasuna bermatzea ez da eremuak esterilizatzea, herritar guztiak erabiltzeko moduko lekuak egitea baizik.

Zein da aurreko aukera ekiditeko bidea?
Eremu publikoan mota guztietako ekitaldiak antolatu beharko genituzke. Adin guztietako jendeak egon beharko luke, baita haurrak ere. Eta indar berezia egin beharko genuke neskatilek eremu publikoa har dezaten. Azken batean, ekimen horiekin kaleak batetik bestera joateko eremu izatetik gure bizitzako parte izatera pasako lirateke. Egungo gizartean pertsonok denbora asko ematen dugu gure “gotorlekuetan”, segurutzat ditugulako, eta, hain justu ere, sistema patriarkalean eremu horiek dira emakume askorentzat lekurik arriskutsuenak.

Saihestu egin behar ditugu sexu erasoak, baina kalean ibiltzeko eta eremu publikoak erabiltzeko emakumeok dugun askatasuna mugatu gabe, eremuak gure eginez baizik.

Askatasunaz mintzatu behar dugu, baina indarkeria matxista gainerako eskubideen baitan aztertzea ere proposatzen duzu. Zergatik da beharrezkoa?
Giza eskubideen eremuan kokatu behar da auzia, definiziotik bertatik. Indarkeria matxistarekin kolpatzen diren eskubideak mahaiaren gainean jarri behar ditugu, heriotza eragiten duten erasoetara iritsi gabe. Ikuspegi hori aplikatuz gero, aintzat hartuko genuke emakume askok euren harremanetan pairatzen duten tortura, edota kasu askotan osasun eskubidea nola urratzen zaien. Ikuspegi horrek behartzen du gizartea indarkeria matxista behar bezala definitzera. Oinarria aztertzea beharrezkoa da, baina ondorioetan ez da giza eskubideen urratze larria baizik. Indarkeria mota guztiak bere baitan hartzen dituen definizioa egitea ere oinarrizkoa da. Ondo dago bikotekideen arteko edota bikotekide ohien arteko indarkeria jorratzea, baina baita sexu indarkeria jasaten duten neskatilen arazoa kontuan hartzea ere.

Ikuspegi horretan emakumeen ahotsak oinarrizko izan behar du, ezta?
Noski. Emakumeak eskubideen titularrak dira eta ez baliabide eskasen hartzaile soilak. Zentzu horretan erabakiak hartu behar dira eta salaketa ezin da izan errekurtsoetarako sarbidea, gutxiago babes agindua. Errekurtsoak emakumeen eskarietara egokitu behar dira eta ez emakumeak errekurtsoak emateko baldintzen logikara. Salatu beharra dago logika horrek beharra duten eta entzuna behar duten emakumeak kanpoan uzten ari dela. Eskubideen titulartasunaren kontua niretzat gakoa da, balioa ematen diolako emakumeen ahotsari bai indarkeria zer den definitzeko bai eta erreparazioaren alorrean ere. Kasu askotan, gehien-gehienetan, emakumezkoek euren istorioak kontatzeko beharra izatean dute, eta, maiz, ibilbide guztia osatuta ere, ez dute beren bizipenak nahi bezala kontatzeko inolako aukerarik izan.

Bestalde, erantzunaren analisian, emakumeen kontakizunak eta parte hartzeak politikak egokitzeko balio du, eraginkorrago egiteko.

Emakumeen istorioak entzuteaz gainera aintzat hartzea ere eskatzen du horrek.
Noski, hori beharrezkoa da. Entzun eta eskatutakoa betetzeko borondate politikoa izan behar da, baliabideak eta aurrekontuak eskainiz. Uste dut, hala ere, instituzioek ez dutela ulertzen giza eskubideen alorrean egiten den diskriminazioa. Legearen aldetik ezin da diskriminatu, baina ezta baliabideak eskaintzean ere. Ni azken boladan sexu erasoak jasaten dituzten neskatilekin ari naiz lanean eta ez dut ulertzen justiziak soilik pertsona helduak kontuan hartzea. Gertuko adinekoen aldetik erasoak jasaten dituzten neskatilek ez dute egun bitarteko espezializatu eta berezirik jasotzeko aukerarik.

Asko dago egiteko; aurretik ez zen egin eta orain ez da egiten. Erretorikak hartu du indar handiena eta hori ez da aurrekontuetan nabari. Eskubideak babesten dituzten legeek neurri garestiak proposatzen dituzte eta dirua eskaini behar zaie. Tamalez, borondate politikoa eurotan neurtzen da.

Euskal Herrian eskaini dituzun hitzaldietan atzerritik etorri eta egoera irregularrean izanik eraso sexualak jasan dituzten emakumezkoen kasua aztertu duzu bereziki. Euren egoeran bereziki sakondu behar da?
Ikerketa bat egin dugu emakumeok eraso sexualak jasandakoan zaintza, babesa eta justizia eskuratzeko izaten dituzten zailtasunak aztertuz. Emakumeok oinarrizko diskriminazioa jasaten dute eta erlazioa du sareen gabeziarekin eta baliabideen funtzionamenduaren ezezagutzarekin. Desabantaila horiek eurekin ekartzen dituzte, motxilan dakartzate. Baina zer egiten du Estatuak? Desabantaila horiek diagnostikatzen ditu eta erantzuna ematen die? Edota ez die kasurik egiten? Desabantaila horien aurrean Estatuak egin egin behar du; diskriminazioaren debekua ez da soilik ez egitearen beharra, egitea ere eskatzen du. Kalitatezko interpreteak eskaini behar zaizkie, informazioa eskuragarri jarri, beren eskubideak baliatzeko emakumeok boteretu... Horrek guztiak neurriak eta politikak eskatzen ditu, horiek ez eskaintzeak desabantaila eta diskriminazioa ekartzen baitu. Huts handiak daude emakumezko immigranteen desabantailak murrizteko egin behar den lan horretan.

Desabantaila eta diskriminazioa eragindakoa dela diozu, beraz.
Maiz emakume immigranteen zaurgarritasunaz hitz egiten da eta emakumeon gabezia edo ahultasunarekin lotzen da. Nik zaurgarritasun hori Estatuarekin lotzen dut. Estatuak boteretu edo ahuldu egin dezake. Herri berri batera iristean, arau, politika publiko eta administrazio praktika zehatz batzuekin topo egiten du pertsona batek. Horiek lagun dezakete boteretzen eta eskubideak erabiltzen edota kontrakoa lor dezakete emakumeei boterea kenduta. Adibide bat jartzeko, Atzerritarren Legearen baitan, familia-elkartzearen bidez etorri izan dira emakume asko, eta, beraz, euren senarraren txartelarekin bizi izan dira. Prozesu eta arau horiek zaurgarritasunaren arrazoi estrukturalaren adibide dira.

Atzerritarren egoera are eta makurragoa da, baina ez duzu uste haien egoeraren baitan askoz anitzagoa den errealitate bat ezkutatzeko saiakera egin dela?
Egia da. Askoz errazagoa zaigu “besteari” begiratzea nork bere buruari begiratzea baino. Indarkeria matxista arazo unibertsala da, bereizketekin baina unibertsala. Argituz giza eskubideen elkartearentzat aritu naiz lanean eta bi txosten egin ditugu genero indarkeria jasan duten 3.000 biztanle baino gutxiagoko Araba eta Bizkaiko herrietako emakumeen ibilbide eta beharren inguruan. Erabat ezkutatuta dauden errealitateak daude baserrietan eta herri txikietan. Haietan lotsa emakumeen zelaian kokatzen da, ez erasotzaileen zelaian. Gizarte kontrol primarioa duten herrietan gauza asko ezkutatzen dira eta azaleratzen dena baino askoz biolentzia gehiago dago. Estereotipo eta aurreiritzi asko dago eta nork bere buruari begiratzeko interes gutxi. Indarkeria matxistak nork bere buruari begiratzera behartzen gaitu. Ispilu hori gabe uste dut ezinezkoa dela arazoari beharrezkoa den erantzuna ematea.