Mikel Zubimendi

Kiribilean galduta, mehatxua nabari, arriskua errepikakor

Historia errepikatu egiten dela esan ohi da. Ez dakit, baina, errimatu, bistan da errimatu egiten duela. Parisko ekintza lazgarriak, modus operandi berdina erabiliz, Indiako Mumbai hirian ikusi genituen 2008an. François Hollanderen erreakzioa –«gerra ekintza izan da, gerran gaude»–, George W. Bushek 2001ean Dorre Bikiak eta Pentagonoa jo zituzten hegazkinen ondoren hartutakoaren bera da. Trauma, ikara, paranoia, susmo txarra eta terrorea eragitea, lezio bat ematea, zuten helburu bateko eta besteko ekintzek. Izan Paris ala New Yorken, Madril ala Londresen, hegazkin errusiarra ala kurduen eta ezkerreko turkiar gazte solidarioen elkarretaratzea, Beiruteko kale, Bagdadeko azoka ala Sanaako meskita. Helburuetan, moduetan, erreakzioetan eta arrazionalizatzeko esfortzuan kiribil berean gaude, errezeta berdin-berdinarekin bueltaka eta bueltaka, okertu baino egin ez den «gaitza» zuzendu nahian. Milaka hildako eta gero, ebidentzia guztien argitara, alferrik!

Euskal herritarren artean igartzen da mehatxu nabari, gertuko arrisku errepikakor baten kezka. Ez da gutxiagorako. Hitzaren harroputzek sentimendu horiek xaxatu, hauspotu egin baitituzte gerra doinuak jotzeko, izango dituen ondorioak otzan onartzeko, beldur kolektibo baten propaganda masiboa egiteko. «Barne etsaia» aipatzen da berriz ere, errefuxiatuak «terrorismoaren» biktima baino protagonista direla, gorrotoa eta estigma klimaren parte ditugu, eta, jakina, «segurtasunak» aise, gol askoko aldearekin, irabazten dio «askatasunari».

Ahopeka bada ere, badabil beste sentimendu bat gure artean. Martxoaren 11 hura gogoan, oraingoak zer ekarriko duen galdera moduko bat-edo. «Honek ez du inorentzat ezer onik ekarriko!» entzuten da, baina baita «balioko al du behintzat oso erraz duten gurea bezalako arazo bat behingoz konpontzeko eta beren indarrak jihadismoaren fenomenora bideratzeko!» ideia ere. Ikusteko dago. Are, gure historia hurbilean hamaika ikusiak gaudenean. Norabide batean eta bestean, onerako eta txarrerako. Lizarra-Garaziren haustura askoz traumatikoagoa egin zuten Irailak 11ko ekintzek eta Loiolako prozesurik ez legoke Martxoaren 11n Madrilen zartatu zituzten tren haiek zabaldutako aukeren leihoa aprobetxatu izan ez balitz. Horixe baitu bere-berea politikak: indeterminismoa. Zientzia politikoa egon daiteke, baina sekula ez da planifikatu eta programatu ahal izango politikan ezinbestekoa den faktorea: zortearena, zorte on ala txarrarena.

Giroa pil-pilean den honetan, erantzun bat ematea ezinbestekoa dela diote agintariek. «Zerbait egin behar da!» eta «azkar!», baina, zerbait egin behar delako egitea, sarritan, ezer ez egitea da. Edo okerrago: egoera pitzatzea, arazoa gaiztotzea, txinparta hilgarriotatik sute ikaragarri handi berrientzat erregaia hornitzea.

Kolonialismo ekonomikoa, gerra iraunkorra, prepotentzia, donazio ala petrolio kontrabandoaren bitartez «gure aliatu arabiar eta turkiarrek» nola finantzatzen duten jihadismoa... horren inguruan ez da hausnarketa bultzatzen. Okupazioak, dronen bonbardaketak, lurreko tropak, tortura eta Guantanamoak, betiko kanpo politikaren ildotik segitu nahi da. Injustiziaren bidetik. Beste politika bat behar dela onartzeke. Horretarako, ordea, mentalitatea aldatu behar da –edo burmuina transplantatu, jada ez dakit–, justua den lerro bat landu, nahiz eta aldaketa horiek beti geldoak izan eta belaunaldi osoak behar dituzten sendotu eta sendagarri izateko.

Badaude, ISIS beraz gain, islamaren kontra talka apokaliptikoa, zibilizazio talka, bilatu nahi dutenak. Islama ez omen delako erlijio baketsua. Baina, ba al da erlijio baketsurik? Berdin du, badagoelako aurrefabrikatutako erantzun bat: islama ez. Zuri ala beltz, grisik ez. Lehen Bush eta orain Hollande, kalifa eta emir horiekin batera, denak doaz eskutik oratuta. Eta helburu zitala dute: koexistentzia eremu bat salbatzea ezinezko bihurtzea, fede guztietako eta federik gabeko jendeak giza balore komun batzuen inguruan batuta jarraitzea ezinezko egitea. •