IKUSMIRA

GARAILE PERONISTA BATEN PORROTA ARGENTINAN

Hiru puntu falta izan zaizkio Daniel Scioli Buenos Airesko Gobernuaren eta Argentinako peronismo garaiezinaren hautagaiari lehen itzuliaren osteko inkestak gezurtatu eta Mauricio Macri liberala menperatzeko. Garaile hutsa izan da txiki-txikitatik Scioli. Etxetresna elektrikoen negozioarekin aberastu zen familia batean jaio zen. Gaztaroan motonautikan aritu eta munduko txapeldun izan zen zortzi aldiz. 1989an istripu larria izan zuen hiriburutik gertu den Paranako deltan lehiatzen ari zela, eta eskuineko besoa galdu zuen. Hala ere, ez zuen kirola utzi. Carlos Menem peronistak, eta bide batez baita liberala ere, sartu zuen politikan eta bere Kirol ministro izatera iritsi zen. 2001eko krisi larriaren ondoren Kirchnertarrak gailendu ziren peronismoan eta Scioliren eskutik Buenos Airesko gobernadore kargua ere lortu zuten. Azken urteotako krisia medio, Gobernuak Scioli hautagai gisa aurkeztea beste aukerarik ez zuen. Betiko garaileak, ordea, porrotera eraman du ez soilik hamahiru urteko legealdia, baita peronismoa bera ere. Peronismoak galtzailearen epika behar duelako irabazteko. Dabid Lazkanoiturburu